Hitz egin dezagun energiaz

Energia enpresa handiak, argindarraren prezioen igoera, lehengaien urritzea… pil-pilean diren gaiak dira. Eta askotan erabaki horiek gure esku ez daudela iruditzen bazaigu ere, gure txikitik asko dugu egiteko. Horretarako antolatu dugu Zestoan energiaren inguruko jardunaldia.

GoiEner ezagun duzu? Energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatiba herritar honetako kideek energia burujabetzaren eta kontsumo arduratsuaren inguruan hitzaldia emango dute martxoaren 1ean, asteazkena, 19:00etan Kultur Etxean.

Bigarren ekintza moduan antolatzen ari gara Azpeitiko Elkar-Ekin taldearekin batera ‘Batu indarrak, itzali argiak’ ekimena. Martxoaren 15ean Zestoan bezala Azpeitian 20:00-20:15 bitartean herriko argiak itzaliko dira eta deia zabaltzen dizuegu herritar guztioi ekintza honetan parte hartzera. Energia enpresa handien gehiegikeria arazo globala bada ere, maila lokalean lan egitea tokatzen zaigu guri.

Negu betean gaude, eta urtero bezala asko dira elektrizitatearen fakturari aurre egin ezinik aurkitzen diren herritarrak, edota hori ordaintzeko ezintasunaz jakitun etxeetan hotza igarotzen ari direnak. Ezin dugu onartu energiari loturiko enpresa handi batzuk sekulako irabaziak izaten ari diren honetan, herritar asko, tartean haurrak, hotzak igarotzen egotea.

Azken urte hauetan argindarraren prezioa % 60 baino gehiago igo dute. Bitartean, 2016ko urtarriletik irailera 2000 miloi eurotik gorako irabazi garbiak aterata zituen Iberdrolak. Txanpon beraren beste aurpegian, urteko hilabeterik hotzenetan norberaren etxea tenperatura egoki batean mantentzeko arazoak dituzten pertsonak 300.000tik gora dira hego Euskal Herrian, 2008an zeuden pertsonen bikoitza.

Hau ikusita, energiarena bezalako sektoreak enpresa pribatuen esku egotearen aurka gaude. Zergatik dira beraienak naturak eskaintzen dituen energia iturriak? Nork eta noiz eman zizkien?

Gaia konplexua da, badakigu. Baina herrian bertan aldaketarako gure aletxoa jartzen saiatuko gara herritarrekin elkarlanean.

Energia enpresa handien gehiegikerien aurka.

Justizia energetikoaren alde.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide