Albisteak

Hitzarmena sinatu dute Zestoa, Zumaia, Deba eta Itziarrek, herritarrei eman beharreko zerbitzua hobetu eta estrategia bateratuak martxan jartzeko

Lehentasunezko lau lan-lerro zehaztu dituzte: herritarren zerbitzua, sozioekonomia, ingurumena, eta kultura eta ondarea.

Zestoa, Zumaia, Deba eta Itziar mugakideak dira, baina udal elkarte desberdinean dago bakoitza. Herri horietan bizi diren biztanle asko eta askok lotura estua dute aldameneko herriarekin (ohiturengatik, gertutasunagatik…), eta ondare-gune asko zein industriaguneak hiru udalerrien arteko muga inguruan daude, besteak beste.

Errealitatea hori izanik, eta orain arteko antolaketa-mugak gainditzeko asmoz, hitzarmena sinatu dute Zumaiako, Zestoako, Debako eta Itziarko Auzo Udaleko alkateek. Koordinazio eta antolaketarako gune iraunkorra jarriko dute martxan, herritarrei eman beharreko zerbitzua hobetu, eta estrategia bateratuak martxan jartzeko.

Hitzarmenean lau lan-lerro nagusi zehaztu dituzte:

  • Herritarren zerbitzua: Hiru udalerrien arteko muga inguruetan bizi diren herritarrengan, hainbat zerbitzuren (bideak, hondakinak, ura…) banaketan arazoak eta deskoordinazioak hobetu nahi dituzte.
  • Sozioekonomia: Ildo honetan, industriaguneetako esku hartzeak, bertako turismo eredua eta merkataritza suspertzeko neurriak zehaztu eta garatuko dituzte.
  • Ingurumena: Kostaldeko korridore ekologikoak hiru udalerriak ukitzen dituenez, gainontzeko eragileekin batera larrialdi klimatikoari aurre egin, eta lurraldea zaindu zein baso politika egokia garatzea dira lehentasunak.
  • Kultura eta ondarea: Hiru udalerrien muga inguruan dagoen ondarea babestu, ikertu eta ezagutzera emateko proiektuak sustatuko dituzte (Zumaiako zementugintza edota Ekaingo haitzuloak, besteak beste), baita mugarrien berreskurapenerako eta horiek ezagutzera emateko dinamikak ere. Gainera, mugakideak diren populazio-guneen kultur eta festa jardueretarako diru-laguntza irizpide bateratuak zehaztuko dituzte. Kultur eta festa arloan, herrian bertan sortutako proiektu edota taldeen elkar-trukea egingo dute. Azkenik, kirol arloan egitasmo komunak landuko dituzte.

Jadarreko mugarrian eman dute hitzarmenaren berri, hain justu, Zumaia, Deba eta Zestoako udalerriek bat egiten duten lekuan. Orain arte erorita egon da mugarria, eta berriro ere bere lekuan jarri ondotik egin dute agerraldia. Hitzarmenaren baitan, inguruko mugarrian berreskuratu eta horiek ezagutzera eramateko dinamikak martxan jartzea ere adostu dute.

Muga inguruetako herritarrentzat zerbitzu hobea

Hitzarmenaren helburu nagusietako bat da muga inguruetan bizi diren herritarrei eman beharreko zerbitzua hobetzea. Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak baserrietan bizi direnen egoeran egin du azpimarra: “Baserri batzuek Zumaia dute gertuago, baina administratiboki Zestoa izanik, Zestoara joan behar dute kontu administratiboak egitea; antzekoa gertatzen da Narruondon edo Endoia inguruan ere, besteak beste”. Egoera horiei soluzioa emateko beharra ikustean erabaki zuten koordinazio gune berri hau martxan jartzea.

Mikel Arregi alkateak azaldu duenez, Zestoa Urola Erdiarekin lotuta badago ere, “ondare handia konpartitzen dugu bai Zumaiarekin eta baita Debarekin ere; horregatik, dinamika desberdinak martxan jartzeko beharra ikusten dugu”. Gainera, esaterako Arroabeko auzotarrek “bizitza handia egiten dute Zumaian, eta erraztasunak eskaini behar dizkiegu herritar horiei ere”.

Bere aldetik, Gilen Garcia Debako alkateak gobernantza ereduaren ikuspegitik dakarren aldaketa nabarmendu du: “Itziarko Auzo Udalarekin egin dugun lanketan ikusi dugu ezinbestekoa dela herritar guzti-guztiak kontutan hartzea, baita mugaren azken puntan bizi diren horienak ere. Horiek guztiak dira gure udalerrietako herritarrak, eta horien guztien bizitzak errazteko neurriak hartu behar ditugu”.

Arantza Egaña Itziarko Auzo Udaleko alkateak nabarmendu du kirol arloan azpiegituren erabilera koordinatzeko beharra ere ikusi dutela. “Iaz, adibidez, kirol egokituko eskaintza koordinatua jarri genuen martxan, eta horrelako ekimen gehiago etor daitezke hitzarmen honetatik”, azaldu du.

Lau aldeak pozik agertu dira hitzarmenarekin, eta, egitasmo xumea bada ere, epe labur eta ertainean emaitzak ematea espero dute.

Iturria eta argazkia: Zumaiako Udala



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide