Albisteak

HORTIK ZIHAR – Ane Canseco Bartzelonan

Zer dela eta Bartzelonan?

Gustuko dut leku desberdinetan mugitzea, baina Bartzelonara ikasketek ekarri ninduten. Nik ikasi nahi nuen masterra ez zen Euskal Herrian aurkitzen eta nituen aukera guztietatik bai unibertsitate aldetik eta baita hiri aldetik ere, erakargarriena Bartzelona iruditu zitzaidan.

Niretzat garrantzitsua da itsasoa gertu izatea, beraz itsasodun hiri baten egotea ideia ona iruditu zitzaidan.

Orain ikasketen amaiera gerturatzen ari dela, lan aukera zabala dagoela ikusi ahal izan dut eta nire ikasketekin bat datorren enpresa baten partaide izateko aukera topatu dut.

Zein da zure egunerokotasuna?

Oraintxe bertan Master Amaierako Lana egiten ari naiz eta bitartean astelehenetik ostiralera lanean nabil. Beraz lanetik unibertsitatera eta unibertsitatetik lanera.

Aste bukaeretan eguraldi onaz gozatuz lagunekin egotea gustatzen zait, leku lasairen batean, edota terrazaren batean zerbait hartzen.

Zer topatu duzu han?

Gustuko ditudan ikasketak ikasi ahal izateko aukera, lan aukera zabala, lagunak, klima, jendea, erosotasuna…

Masterra ikasten hasi nintzenean esaterako, mundu osoko jendea ezagutu nuen, kanpoko jende asko elkartzen da Bartzelonan eta jende desberdinen etengabeko joan etorria aurki daiteke. Zaila da badoan jendeari “gero arte” esatea, batez ere munduaren beste alderaino itzultzen direnean, baina polita da beti jende berria ezagutzeko aukera izatea.

Zer eramango zenuke hemendik horra?

Familia, lagunak eta parrandak.

Eta zer ekarri handik hona?

Klima.

Hara joanez gero, zer da egin gabe utzi ezin dena?

Nire iritziz Bartzelonak leku izugarri pila bat ditu. Baina hona etorriz gero, ikusi beharrekoa zalantzarik gabe “Sagrada Familia” izango litzateke. Bai kanpotik eta bai barrutik. Oso turistikoa da eta jende pila bat egoten da, baina ikusgarria da.

 

Noiz arte hor?

Bi urtez gelditzeko ideiarekin etorri nintzen, baina lanean hasi naizenez, ez dakit noiz arte luzatuko dudan nire egonaldia.

 

Leku bat: Los búnkers del Carmel

Janari bat: “Calçots”-ak dira oso ezagunak hemen. “Calçotada”-k egin ohi dira eta honek jende asko elkartzen du, aire librean ospatzen dira. Alde batetik koadrilan eta norbera bere lagun artean egiten den ohitura bat da, baina hiri handi batean egonda, mugimendu asko dago eta jende asko elkar daitekeen tokietan ere ospatzen dira. Beraz lagun artean gustura egoteko aitzakia bikaina da.

Plan bat: Lagunekin zerbeza batzuk hartu eta “Ciudadela” parkean eguzkitan etzanda egotea. Eguraldia ia beti ona denez, jende asko elkartzen da bertan, jendea gitarra jotzen eta lagun artean aurki daiteke, polita izaten da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide