Albisteak

HORTIK ZIHAR – Iñaki Odriozola eta Lide Jimenez Txekian

Badira hilabete batzuk Iñaki Odriozola, Lide Jimenez eta uren semea Txekian bizi direnetik. Esperientzia honen harira, hil hontako “Hortik zihar” ataleko galderak erantzun dizkigu Odriozolak.

Zer dela eta Txekian?

Txekiara etortzeko erabakia ez zen izan herrialdearengan interes berezirik genuelako. Lan-eskaintza bat jaso nuen Txekiako zientzia akademian aritzeko. Elkarrekin baloratu genuen Lidek eta biok ea pare bat urterako Txekiara etortzera animatuko ote ginen eta, halaxe amaitu dugu hemen.

Zein da zuen egunerokotasuna?

Nahiko errutina konstantea dut astean zehar. Egunero goizeko 5:30tan jaikitzen naiz lanera joateko. Nahi dudan ordutegian egin dezaket lan baina egunean 8 ordu eta erdi pasa behar dut ikerketa-zentroan, beraz, hain goiz sartuta arratsaldeak libra ditzaket familiarekin egoteko. Arratsaldean umearekin planak egiten ditugu. Hasi gara auzoan antzeko planak dituen jendea ezagutzen ere eta gehiago sozializatzen. Txekierako klaseetara joaten ere hasi gara.

Zer topatu duzu han?

Ez naiz oso hiri handi zalea, baina onartu behar dut hiri ederra dela Praga. Alde zaharra oso polita da (beti jendez gainezka badago ere), eta zentrotik urrunduta ere txoko polit ugari aurki daiteke. Gainera, dituen parke handiekin, haurrentzako jolasleku ugariekin… aukera ugari eskaintzen ditu umearekin planak egiteko. Garraio publikoaren funtzionamendua ere izugarria da: sarea oso zabala da, merkea da, eta, metroa, tranbia eta autobusak ez dira minutu bat ere atzeratzen. Oro har, oso bizi kalitate ona eskaintzen du, gu bezala, denbora bat pasatzera etorritako atzerritarrentzat.

Bestalde, bidaiatzeko oso egokia da Txekia. Ohitura handia dute Txekiarrek asteburutan nahiz oporretan herrialdean bertan bidaiatzeko. Komunismo-garaiaren eragina omen da; herrialdetik atera ezin zutenez bertan egiten zuten turismoa. Ondorioz, bertakoentzako neurrira egindako turismoa dago, kanping sare zabala dago eta kanpoan jan eta edatea merkea da. Azkenik, ezin aipatu gabe utzi zerbezaren erlijioa. Munduan buruko zerbeza gehien edaten den herrialdea da Txekia. Bazter guztitan saltzen da zerbeza eta beti merke, ura baino merkeago! Lekurik turistiko eta garestienean ere, zerbeza eskatuta ez duzu inoiz susto handirik hartuko kontua ordaintzerakoan.

Zer eramango zenuke hemendik horra?

Itsasoa ekarriko nuke hurbilago. Bero handia egin du udako hilabeteetan eta, igerilekura asko joan bagara ere, ez da berdina.

Eta zer ekarri handik hona?

Hemengo baso ederrak eramango nituzke hara. Gipuzkoako mendiak pinu gaixoz beteta ikustea eta, gainera, agintariak orain arte hain gaizki egindako guztitik ezer ikasteko prest ez daudela ikustea benetan etsigarria da.

Hara joanez gero, zer da egin gabe utzi ezin dena?

Ez dakit ba. Suposatzen dut behin Pragara etorrita ezin zarela alde zaharretik buelta bat eman gabe itzuli. Baina, egia esan, beti dagoen jendetza horrek ere atzerako galanta ematen du. Txekia hegoaldean badago Cesky Krumlov izeneko Erdi Aroko herrixka bat, oso ondo kontserbatuta dago eta benetan ipuin batetik ateratako herria dirudi. Baina, jendetzaren arazoa Pragako alde zaharraren parekoa da…

Noiz arte hor?

Printzipioz bi urterako sinatu nuen kontratua eta hori da plana. Baina hemendik urte eta erdira batek daki zer pasako den!

Leku bat: Cesky Raj natur parkea.

Plan bat: Vysehradeko parkean paseatu eta bertako merenderoan bazkaldu.

Janari bat: Hermelin gazta (camembert txekiarra) parrilan.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide