Albisteak

HORTIK ZIHAR – Markel Etxeberria Parisen

Zer dela eta Parisen?

Betidanik gustatu izan zait kanpoan ibiltzea, baina denbora luze xamar baterako denean ez zait gehiegi urruntzea gustatzen. Familia gertu dagoela sentitzea beharrezkoa da niretzat. Duela hiru urte Parisera etorri nintzen Erasmusa egitera eta oso gustora egon nintzen. Ez zen lehenengo aldia izan kanpora irteten nuena, Londresen ere pasa nituen pare bat urte ikasten. Oraingoan, ordea, lanera etorri naiz, esperientzia hau probatzeko momentu onena dela pentsatzen dut.

Hiri kosmopolitak gustatzen zaizkit, aniztasun handiko herriak. Manifestazio, sorkuntza edo aldarrikapen artistiko etengabea dago Parisen, pintura, paisajismoa, eskultura, arkitektura, musika, moda… Ikasle eta profesional asko dago hemen korronte hauek lantzera etorrita, eta Parisen egoteak arte hori bertatik bertara ikusteko aukera ematen du. Niretzako aukera paregabea da.

Denborak aldaketa dakar eta Parisen eferbeszentzia sentsazio hori oso nabarmena da. Horren bila etorri naiz. Jendeak pentsa dezake hiri honetan haussmann estiloko etxeak eta Gioconda besterik ez dagoela (ez dela gutxi…), baina ondare historikoaz gain, mugimendu abangoardista oso interesgarria ere badago. Parisen, iragana oso ondo uztartzen da etorkizunarekin.

Zein da zure egunerokotasuna?

Ez naiz lanetik oso gertu bizi, hala ere, oinez joateko denbora hartzea gustatzen zait, horrela kirola eginez hiriaz goxatzeko aukera izaten dut. Paris zentroa nahiko laua da eta ibaia bertatik pasatzen denean eguzkiaren bide berdina jarraitzen du, ekialdetik mendebaldera, beraz krepuskuluaren eragina ibai aldeko paisaian txundigarria da. Argazkiak ateratzeko tentazio handia izaten dut.

Lana egin ondoren, udaberriko giroa aprobetxatuz, edateko eta jateko zerbait erosi eta ibai ertzean lagunekin biltzeko ohitura dago. Asteburuan, esposizio berriren bat ikusi eta parranda egiteko aprobetxatzen dut. Egun guztia kalean pasatzen dudala esan daiteke.

Zer topatu duzu han?

Museoak, arte galeriak, janari ezberdina eta beste lagun batzuk. Aisialdirako plan asko eskaintzen ditu Parisek. Gainera, jaioterritik kanpo egonda, etxea beste distantzia eta perspektiba batetik ikusten da eta oso polita da hori. Niri sentimendu berriak sortu dizkit.

 

Zer eramango zenuke hemendik horra? 

Familia eta lagunak.

Eta zer ekarri handik hona?

Nonahi zuhaitzak landatzeko ohitura. Zenbat eta zuhaitz gehiago orduan eta politagoa da edozein herri. Paris zentro-zentroan ere, zuhaitzez jositako txokoak aurkitu daitezke.

Eraikitzeko orduan ere, sentsibilitate eta kontu gehiago izatea ondo legoke,  etxeak ez dira bi urtetarako eraikitzen eta. Parisen ere badaude hanka sartze izugarriak, baina proportzioan… Euskal Herrian gehiago. Zerbait zaharra kendu aurretik, bi aldiz pentsatzen da hemen. Hori oso ondo egiten dute frantsesek.

Hara joanez gero, zer da egin gabe utzi ezin dena?

Ibai ertzean ibili ondoren terraza polit eta pintoresko bat topatu, beldur gabe eseri eta paisaiaz disfrutatuz zerbait edan. Laino gehiegi ez badago, ilunabar paregabeaz gozatu daiteke ibaiertzean. Distritu guztiek identitate ezberdina dute baina denak dute erakargarritasun bat. Jakina da asteburu luze batean ezin dela dena ikusi, baina ez dago beharrik ere. Ikusten dena lasai eta gustura ikustea garrantzitsuago da presaka “dena” ikustea baino. Egongo da itzultzeko denbora.

Noiz arte hor? Ez dakit.

– Leku bat:  Place de Furstenberg.

– Plan bat: Orsay museoa ikusi ondoren Luxembourg parkean paseatu presarik gabe eta 6. distritoko terraza polit batean eseri.

– Janari bat: Steak tartar.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide