Albisteak

[ARGAZKIAK] Ia 40 urteko ibilbidea eginda, Xabier Bidezabal omendu du Itxaropena dantza taldeak

Itxaropena dantza taldeak omenaldia egin dio gaur Xabier Bidezabal dantza irakasleari, urte luzez Zestoako dantza taldeari egindako ekarpena eskertzeko. Eguraldiak ez duenez plazan egiteko aukerarik eman, soka dantza eta agurra kiroldegiko aterpean egin dizkiote dantzariek.

Omenaldian jendetza bildu da, eta haur, gazte zein heldu ugari gerturatu dira Bidezabali esker ona adieraztera. Ekitaldian zehar Idiakaitz txistulari taldeak jarri du musika, eta bertaratutako askok ere dantzan egin dute. Eguraldi goibeleko goiza izan bada ere, kiroldegiko arkupetan alaitasuna nagusitu da.

Irakasle ohiak sekulako sorpresa hartu du kiroldegira iristean, familiako kideek engainatuta bertaratu baita. Oso hunkituta agertu da ekitaldiaren amaieran Danbolinekin hitz egitean. Goizean bertan lagunei esan omen die Itxaropena dantza taldeak ez duela ohiturarik taldekideei agurrak egiteko, eta horregatik ez zuela halako zerbait espero. «Utzi egin nuela esan nuenean eta despedida egin behar zela aipatu zidatenean, uste nuen bakarrik elkartu eta bazkaritxo bat egingo genuela», azaldu du. «Ikusita zein jende eta zenbat jende agertu den, benetan hunkituta sentitu naiz. Gainera familia hemen ikusteak izugarrizko sorpresa eta poza eman dit; ez nuen inondik inora espero. Burutik pasa zitzaidan agian bazkaltzera baten bat agertuko zela, baina bazkal aurreko ekitaldi hau ez».

Bidezabal gaztetatik egon da dantzari eta irakaskuntzari lotuta. 14 urterekin hasi zen Azpeitian gazteagoei dantzan irakasten, eta handik bi urtera Zestoan hasi zen dantza eskolak ematen, ikastolako gurasoek bultzatuta. Miren Olatz Arozenarekin batera abiatu zuten haurrei zuzendutako dantza eskola hura, borondatez eta ordainsaririk gabe, eta urteekin herriko dantza talde bihurtu zen.

Ia 40 urte igaro ditu Zestoan irakasle eta Itxaropena dantza taldeari lotuta. Hamarkadetan zehar Zestoako dantzari belaunaldi ugari hezten lagundu ondoren, berriki utzi du taldea, eta horregatik egin nahi izan diote omenaldia.

Ekitaldiaren amaieran hitzartzea ere egin dute. Itxaropena dantza taldeak 38 urtez bidelagun izanagatik eskerrak eman dizkio talde osoaren izenean. Alaitasunak, pozak, haserreak eta frustrazioak ere partekatu dituztela adierazi diote, baina beti elkarrekin gainditu dituztela. Astez aste Zestoara etortzeko egin duen ahalegina ere aitortu diote, eta berak ereindakoa urte luzez bizirik mantentzen saiatuko direla agindu diote.

Ekitaldian Mikel Arregi alkateak ere hartu du parte, eta Udalaren izenean oroigarri bat eskaini dio Bidezabali. Alkateak egindako ibilbidea aitortu dio, eta orain, Zestoak dantzan jarrai dezan, lekukoa beste batzuek hartu beharko dutela esan du. Horretarako «itxaropena ez dugula galduko» gehitu du eta hortan, Bidezabalek Zestoako Itxaropenan betirako lekua izango duela ere azpimarratu du, gainera hori zestoarrek beti eskertuko diotela.

Amaitzeko, Bidezabalek berak hartu du hitza. Zestoan aritzea «plazer bat» izan dela adierazi du, eta Miren Olatz Arozenarekin izandako hasierak ekarri ditu gogora. «Horrenbeste urte egin baditut, gogoz kontra ez dira izan», gaineratu du. Momentu asko bizi izan dituztela, baina oro har ibilbidea «oso ona» izan dela ere aipatu du. Bidea, ordea, hemen amaitu behar izan duela adierazi du, besteak beste dantzak urteetan zehar eragindako ondorioengatik.

Azkenik, bere atzean zeuden Idiakaitz txistulariei ere esker bereziak eman nahi izan dizkie. «Dantzariek ni aguantatu naute, baina txistulariek sufritu egin naute», esan du barre artean.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide