Albisteak

Idiazpi mendebaldeko lurrak erosiko ditu Udalak

Atzoko udal osoko bilkurak 2022ko hirugarren aurrekontu aldaketa ontzat eman zuen, eta ondorioz, Udalak Idiazpi mendebaldeko hiri lurrak erosiko ditu. Erakundeak adierazi du, eremu horretan, besteak beste, 2008an Udalak eraikitako aparkalekua kokatzen dela. “Ekainberri museoaren irekierarekin batera eta bertako bisitariek non aparkatua izan zezaten, 2008an Udalak TS altzairu fabrikarekin hitzarmen bat sinatu zuen, non altzairutegiak aparkalekua eraikitzeko Udalari lurren lagapena egin zion. Jakina den bezala, handik urte gutxira TS altzairutegia itxi egin zen eta enpresaren zorraren hartzekodun nagusia (Kutxabank) bihurtu zen lur horien jabe” esan du erakundeak.

Udalak azaldu du Kutxabankek lurrak salgai jarri zituela eta “hirugarren bat” egin zela haien jabe. Egungo Udala osatu zenean, jabeek eremu hori itxita zutela esan du erakundeak, eta behin behinean irekitzea adostu zutela, baina Udalak jabetza eskubiderik ez zuenez, ez izan dutela eremu hori arautu. Orain, Udalak egungo jabeekin hitzartu du eremuaren erosketa, Kutxabanki ordaindutako prezio berean. Erakundeak jakinarazi du erosketa “epe laburrean” gauzatuko dela eta aparkalekuaz gain, eremu horretako zatirik handiena “esku publikoetara” pasako dela.

Eremua ordenatzea helburu

Udalak eremu hori ordenatzea du helburu, eta jabetza lortutakoan aparkalekuan autoak soilik aparkatu ahal izango dira. “Egun karabana eta autokarabanaz betea dagoenez, Zestoan bisitariek aparkatzeko zailtasun handiak izaten dituzte eta bere garaian udalak aparkaleku hori turismoak erakarritako bisitarientzat egin zuela gogoratu behar da” azaldu du erakundeak.

Eremu hori, beraz, autoentzako soilik izango da baina Udalak jakinarazi du autokarabanentzako gunea prestatzeko asmoa duela, eta gune hori ordenantza bidez arautuko dela. Lurrak eskuratzeko 165.000 euroko diru partida erabiliko dute.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide