Paperekoa

IDIOTAK – Fernando Arzallus

Oporretan Madrilen, Idiota antzezlana ikusten. Bi aktore, bat Eli Gelabert Etxaniz, zestoarra neurri batean behintzat: ama aldetik familia zestoarra eta, gainera, sarritan bisitatzen gaitu.

Antzerki-kritikari batek esanak: “Ginebra baia izoztu eta sutsuak bezalako begi horiek” edo “Zenbat ñabardura aldakor eduki ditzake Eli Gelaberten irribarre batek?”.

Ba, horixe: Idiota. Agertokiak telebista pantaila baten antza du eta barrualdeak lehiaketa plato edo mediku kontsulta dirudi. Edertraud psikologoak, Gelabertek, gizon bati bere buru eraginkortasuna neurtzeko hainbat proba egingo dizkio. Dirutza eskaini diote “lehiakideari” esperimentuan parte hartzeagatik, baina hasieran arazo ekonomikoak konpontzeko sekulako pagotxa dirudiena, lehiaketa edo kontsulta aurrera joan ahala, amesgaizto bihurtuko da. Finean, jakin nahi da zenbaterainoko sufrimendua jasan dezakeen pertsona batek diruagatik. Edo beste era batera esanda, zenbaterainoko idiotak izateko prest gauden, zenbat umiliatu gaitzaketen, noiz arte iraun dezakegun mahai gainean zartakoa eman gabe… Gure psikologoa kabroi hutsa da: oraintxe tratatzen du normal “pazientea”, oraintxe bihurritzen dio lepoa edo pistola batekin mehatxatzen du. Batzuetan erruki edota laguntzeko aurpegia ere jartzen du, baina ikusleoi zalantza sortzen zaigu jarrera hori benetakoa ote den edo beste tranparen bat ez ote den.

Antzezlana komedia moduan egina dago, baina serio aztertuz gero, komediatik ez du ezer. Gaur egungo krisia eta murrizketen bueltan, ez ote zaizkigu horixe bera egiten ari guri? Ez ote dira gu probatzen ari noraino iristeko kapaz garen? Ez ote gara, gu geu, mundu mailako telebista lehiaketa bateko idiota? Antzerkiko “lehiakidea” bezala, txotxongilo bat sentitzen hasi zara.

Kultura da (entzutea, ikustea, irakurtzea, parte hartzea…) tratamendurik onena amesgaiztotik onik ateratzeko, idiota totalak ez bihurtzeko. Horretan dabil danbolin, hil honetan hamasei urte bete berritan. Urte askotako lana opa diot, tontolapikoen aurkako tratamenduan. Baita Eliri ere, jakina! Ea Euskal Herri aldera etortzeko modurik izaten duzuen!

Fernando Arzallus




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide