Igaro den urteari begira Aizarnatik

 

Igaro den  2019 urteari gainbegiratu bat egin eta  azterketa txiki bat egingo diogu berari,   Aizarnan utzi dizkigun pasarteei aipamen txiki bat eginaz.  Eta zergatik ez munduan zeharreko egoerari begiratu, honek ere eragin zuzena baitu gure herrian. 

Azpimarratzeko gertaera  garrantzizkorik ez dut ikusten herrian:  ekintza kulturalak, jaiak, haurren ikasturtea eta abar,  normaltasun osoarekin igaro dela esango nuke, eguneroko bizitza oinarritzat hartuta behintzat.

Normaltasun osoan igaro zen  martxoaren 26a ere, egun horretan egin baitziren  udaletxea osatzeko bozketak eta ondorioz, Mikel Arregi “ Ertxinek” hartu zuen aginte  makila legealdi honetarako. Ea herriak dituen arazoei irtenbide egoki bat emateko gai izaten den legealdi honetan, auzoek dituzten arazoei arreta berdinarekin begiratuaz, askotan gehiegi baztertzen baitira.

Aizarnako plazaren itxura dela eta, hau ez da estetika arazoa bakarrik; espaloiko harri losak dena puskatuta ikusten dira  azken urteetan. Zulo hauek oinezkoentzat arazo bihurtzen dira, eta adinekoa bazara gehiago oraindik. Jakin dudanez 2020ko aurrekontuetan  diru sail bat onartzekotan da udaletxea arazo hau konpontzeko, ea egi bihurtuta ikusten dugun lehenbailehen.

Aizarnako arazoak zuzenean eragiten digu, baina atzerrikoak ere baldintzatzen digu gure egunerokoa eta aipamen bat merezi dute hauek ere. Estatuko egoera politikoari begiratuz gero, azken  urtean bi bozketa egin eta hala ere gobernua osatu gabe igaro dugula urtea ikusi dugu, funtzioetan dagoenarekin konformatuaz.

Era honetako gobernuak lege  egonkorrak ezartzeko zailtasun handiak izaten ditu. Eta jakina,  jubilatuen arazoak konponbiderik gabe, Kataluniako arazoari aurre egiteko irtenbiderik ez, eta gainera estatuaren egonkortasuna pikutan. Zer gertatu  da egoera honetan? Eskuin muturrak indar gehiago hartu duela.

Erdarazko esaera batek dion  bezala, “rio revuelto, ganancia de pescadores”. Alderdi guztiek dute ardura  egoera honi irtenbidea aurkitzeko, estatua gaizki badoa guri ere eragin egiten baitigu. Lerro hauek idazterakoan egoera honekin aurkitzen gara, ea argitaratzen denerako gobernu aurrerakoi bat osatuta ikusten dugun.

Gobernuak osatu edo ez, 2019. urtean arazo batekin sentikor bihurtu gara,  mundua berotzen ari dela geologoek esan digutelako. Denak ez daude ados gai honetan, batzuk munduak berarekin dituen zikloak direla esaten dute,  baina gaia serioa denez kasu eginda hobe badaezpada ere. Ez dakit zerk eragin duen, baina nire gazte garaiko neguek ez dute zer ikusirik oraingo hauekin behintzat.

Garapen teknologiko handi bat lortu duela  gure belaunaldiak ezin ukatu, garapen honek eguneroko bizitza asko  erraztu digula ere ez, elikadura eskasiak urrundu egin ditu eta mundua eskura gelditu zaigu egun ditugun  garraio eta komunikabideekin. Orain denak ez daude ados garapen honekin, mundua gehiegi kutsatzen duelako alegia, baina ni lortu dugunarekin gustura sentitzen naiz behintzat.

Orain garapen jasangarriari begira gaude eta zuzena da berau, baina gizakiak lortu duen garapen honetatik  atzera pausorik ematen ez dut ikusten gizartea. Arazo honi irtenbidea aurkitu beharra daukagu, baina hau ere garapen teknologiko aurrerakoi baten  bitartez lortuko dugulakoan nago. Erabiltzen dugun plastiko, erregai eta kutsadura sortzen duen guztia biodegradagarria egin edo birziklatuaz.

Mendi artean kokatuta dagoen herrixka honek, berarekin   du giro osasuntsu bat, baina badirudi mundu borobil hau denok  zaindu beharrekoa dela. Bestaldeko ertzean kolpatzen badugu, gure aldean  ere eragina izaten duelako.

Egun batetik bestera munduaren egoera katastrofikoa dela esaten ari dira, beldurra ere sartzen du gorputzean horrelakoak  entzuteak, hainbesteraino ote da? Dena den beldurrak uxatu eta jarraitu dezagun gustura bizitzen mundu honetan, horretara etorri  baikinen. Hori bai, ahalik egokien zainduaz ordea.

Ea Aizarnak urte  oparo bat izaten duen sartu berria den 2020. urtean, eta denon nahiak betetzeko baliagarri izaten den. 

Jon Egiguren 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide