Albisteak

IkaslEkua proiektua aurkezteko bilera izango da astelehenean

Gaztetxoek elkarrekin etxerako lanak egiteko, azterketetarako errepasoa egiteko eta hainbat gauza eta ekintza berri egiteko gunea izango da IkaslEkua. Ekimenaren aurkezpena izango da bihar, otsailaren 27an, 19:00etan, Gaztelekuan.

Euskara Foroak bultzatutako ekimena da, garai bateko ‘ikas-jolas’ eta ‘elkarrekin ikasiz’ egitasmoen jarraipen modukoa. Gaztelekuan funtzionatuko du, hau itxita dagoen egunetan. Egutegi batean zehaztuko dira egunak eta haurrek nahi dutenean bertaratu ahalko dira. Gaztetxoekin batera helduak egongo dira. Izan DBH edo unibertsitateko ikasle, izan irakaskuntzan aritu edo aritzeko asmoa duten pertsonak, izan bere zaletasuna partekatu nahi duten herritarrak. Antolatzaileen arabera, edozeinek hartu dezake parte egitasmoan, gaztetxoekin jardutea gustuko izatea da baldintza bakarra. Eskolako lanekin lagundu edo bere zaletasun bat erakusteko prestutasuna izan behar du; papiroflexia, mahai-jolasak, karta-jolasak..

Neurrirako konpromisoa
Epelian ekimenerako bezala, izena ematen duten helduekin egutegia osatzen joango dira antolatzaileak hilabetez hilabete. Asmoa txanda bakoitzean bi heldu egotea da. Norberak erabakiko du zein maiztasuneko konpromisoa hartu nahi duen; astean behin, hamabostean behin, hilabetean behin, egun solteren bat… Proba egin ondoren zehazteko aukera ere badago. Guzti-guztia azaltzeko aurkezpen bilera egingo da otsailaren 27an, 19:00etan, Gaztelekuan.

Harremanetan jartzeko

Interesa duten herritarrak, edota informazio gehiago behar dutenak, euskaraforoa@gmail.com helbidera bidali dezakete mezua edo udaletxera deitu eta Euskara Sailarekin harremanetan jarri  943 147 010 (7. luzapena) telefono zenbakira deituta.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide