Albisteak

Iraeta eta Narrondo arteko trenbide zaharraren zatia bide berde bihurtzeko lankidetza adostu dute Jaurlaritzak eta Aldundiak

Argazkia: Foru Aldundia

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuak Urolako trenbide zaharraren Zestoa eta Zumaia tartea bide berde bihurtzeko lankidetza adostu dute. Erakunde bakoitzaren konpromisoak jasoko dituen hitzarmena prestatzen ari dira orain. Urolako Bide Berdea osatzeko proiektua partekatzea adostu dute, eta ondorioz, lau kilometro gehituko dizkiote sareari.

Esku hartuko duten tartean “oso egoera eskasean” dauden bi tunel daude: Iraetako tunela eta Arroakoa. Lehendabizikoak 80 metro ditu, ganga eraitsita dauka eta sarretako bat itxita dago. Bigarrenak, berriz, 520 metro inguru ditu eta bi sarrerak itxita daude, barneko luizien ondorioz. Horrez gain, lau metroko sakonerako zulo bat du gainaldean. Bi tunelen egitura egonkortzeko eta lehengoratzeko lanen kostua bere gain hartzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez. Hori horrela, ETS arduratuko da lurpeko bi pasabideetan lan horiek diseinatu, lizitatu eta egikaritzeaz.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak, Narrondo eta Arroako geltoki zaharra lotuko dituen aire zabaleko plataformako bidegorriaren lanen diseinua, lizitazioa eta egikaritzea hartuko ditu bere gain. Lan horiek 450.000 euroko aurrekontua izango dute. Aurreikuspenen arabera, 2023 hasieran egingo dituzte lanak. Erakundeek hitzarmena sinatu ondoren lizitatuko da trenbide plataformari dagokion tartea.

Iraeta eta Arroa arteko bidegorriaren trazadura bi tunel horien bitartez egingo da eta Narrondoraino jarraituko du. Zumaiako bidegorriarekin lotu ahal izateko, kota-aldea gaindituko dute sigi-sagan joango den %6ko maldarekin. Bi aldeak lotuta, Urolako bide berdeak bailara osoa lotuko du eta Zumarragatik Zumaiara doan bizikletentzako eta oinezkoentzako bidearen parte izango da. Bideak, 36 kilometro izango ditu guztira.

Iñaki Arriola sailburuak azaldu du proiektu honek trenbide ondare garrantzitsua kontserbatzen lagunduko duela. “Gure sailarentzat garrantzitsua da erabiltzen ez diren lehengo trenbide trazadurek berriro bizia hartzea eta mugikortasun jasangarri gisa egitea” esan du. Rafaela Romero diputatuak azpimarratu du proiektuak bidegorria ingurunean “ezin hobeto integratzea” ahalbidetuko duela eta horrek, eremuaren “paisaia-balioa” nabarmenduko duela. “Eskualdeko bizilagunek aspalditik eskatutako proiektu baten aurrean gaude eta orain proiektua gauzatuta, oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna sustatzeaz gain, ingurumen- aberastasuna eta bere ibilbidean izango dituen udalerriak ekonomiaren ikuspegitik suspertzeko aukera balioesten ditu” gehitu du.

Udalak “pozik” agertu da

Zestoako Udalak poza agertu du berriarekin. Erakundeak gogorarazi du, bide berdea osatzeko falta diren lau kilometroak Zestoako lurretan daudela eta 2019ko urrian Zestoako Udalak eta Gipuzkoa Foru Aldundiak, Arroabeko lotura Udalaren esku uztea eta gainontzekoa Aldundiak egitea hitzartu zutela.

20202an Udalak Arroabeko lotura eta GI-631 errepidearen semaforizazioak egiten zituen. Narrondo eta Arroabea arteko zatia egiteko Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako Foru Aldundiari trenbidearen zesioa ematerako orduan sortutako arazoen ondorioz, aipatutako zatia egiteko obrak gaur arte blokeatuta egon direla jakinarazi du Mikel Arregi Ertxin alkateak.

Udalak aste honetan izan du proiektuaren berri: “Zestoako Udalari, bai ETS eta bai Aldundiarekin abenduan izandako bileretan, arazoa gainditzear zegoela jakinarazi zitzaion eta aste honetan jakin dugu akordioa lortu dela. Akordioaren arabera, Narrondo eta Arroabeko zatia Foru Aldundiak egingo luke eta Iraeta eta Arroa arteko tunelak birgaitzeaz Eusko Jaurlaritza arduratuko da. Bereziki berri ontzat hartzen dugu Arroako tunel luzea irekitzearen aldeko erabakia, hasera batean GFAk tunela ez irekitzea lehenetsi zuelako. Ondorioz, bi erakunde nagusien arteko talka desblokeatzeak bidegorria behingoz amaitzeko balioko duela espero dugu. Izan ere, Zestoarentzat eta Urola osoarentzat beharrezkoa den azpiegitura bat delako eta Zestoako Udalak egin beharreko zatia 2020an amaitu zuelako. ” azaldu du Arregik.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide