Albisteak

Irakurle taldea martxan izango da berriro

Amaia Garate eta Pako Aristi

2017an hasi zuen ibilbidea Zestoako Irakurle Taldeak. Portale kultur elkarteak bultzatu zuen egitasmoa, eta bizpahiru urtetan martxan izan zen, pandemia etorri zen arte. 2020an eten egin zen taldearen jarduna, eta orain arte geldirik egon dira.

Hil honetatik aurrera, berriro ere martxan izango da taldea, eta orain, liburutegiak hartu du antolakuntzaren ardura. Amaia Garate liburutegiko arduradunak azaldu du, urte asko daramatzala lanean liburutegian, baina orain arte ordu gutxi batzuk egiten zituenez, ez zuela astirik horrelako egitasmoak antolatzeko. Duela hilabete batzuetatik hona, ordu gehiago sartzen ditu Garatek, eta irakurle taldearen ardura hartzeko une aproposa dela uste du. Garate arduratuko da liburuak Euskal Herriko liburutegi ezberdinetatik ekartzeaz, eta taldearen gidaritza Pako Aristi idazle azpeitiarrak izango du.

Aristik esperientzia du irakurle taldeetan; izan ere, Azpeitia edo Usurbileko taldeak gidatu ditu azken urteetan. “Irakurle taldeko saioetan liburuak denon artean aztertuko ditugu: pertsonaiak, narrazioa, estiloa… horrek beste plus bat ematen dio irakurtzeari. Hala ere, ez ahaztu gozatuz irakurri behar dela, ez ariketa bat balitz bezala. Gauza horiek guztiak, gero tertulian gaudenean aterako dira” esan du idazleak.

Izen-ematea zabalik

Taldea hilean behin bilduko da, printzipioz ostegunetan. Aurreneko saioa urriaren 27an izango da, arratsaldeko 18:30ean Alonderoko kultur aretoan. Irakurriko dute lehen liburua Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala eleberria izango da.

Saioetan parte hartu nahi duenak dagoeneko eman dezake izena liburutegia@zestoa.eus helbidera idatzita, 943 147 816 telefono deituta edo liburutegian bertan. Garate eta Aristik gogorarazi dute izena lehenbailehen ematea komeni dela, lehenengo saiorako aukeratu duten eleberria irakurtzeko denbora izateko.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide