Irakurle-taldeak bihar amaituko du lehen ikasturtea
— 2018-06-13Bihar, ekainaren 14an, ostegunez, egingo du ikasturteko azken saioa Zestoako irakurle-taldeak. Abenduan hasi zuen ibilbidea, zazpi liburu irakurri dituzte bidean. Hain zuzen, biharko saioan, zazpigarren liburua aztertuko dute Amaia Apalauzaren gidaritzapean.
Agurreko saioan 33 ezkil liburua aletuko dute taldeko partaideek. Miren Gorrotxategi liburuaren idazle azpeitiarra ere saioan bertan izango da; horrela, liburuaren ikuspegi sakona bereganatuko dute irakurleek.
Lagunarteko afariarekin emango diote amaiera lehen ikasturteari. Hemeretzi lagunek hartu dute parte Zestoako irakurle-taldean: hamazazpi herritar, Amaia Apalauza eta aldizka etorri den laguntzaile bat.
Taldetik jaso ditugun iritzien arabera, jendea oso gustura ibili da; errepikatzeko gogoarekin gelditu omen dira. Zorionak eta eskerrak ematea besterik ez zaigu gelditzen, gure herrian literatura-zaletasuna bultzatzeko egin duten ahaleginagatik.
Ea datorren ikasturtean ere jarraipena izaten duen Portale Kultur Elkartearen ekimenez sortutako ekintzak.
Gogoratu irakurle-taldearen jarraipena egin nahi duenak baduela sarean jarraitzeko aukera:
https://zestoakoirakurletaldea.wordpress.com/
Egin zaitez bazkide