Iraurgi Berritzen Sareak XVI.Topaketak ospatu ditu

Iraurgi Berritzenek abenduak 13an Azpeitiako Udaletxean bildu zituen erakundea osatzen duten hiru udaletako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, hogeitabi enpresetako eta ikastetxeetako ordezkariak elkarrekin martxan dituzten proiektuen balorazioa egin eta datorren urtean eskualdean garatu beharreko lehentasunezko lan lerroak definitzeko.

Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako Udalen Berrikuntza eta Garapen agentziak urtero ospatzen dituen Topaketen XVI. edizioa izan zen pasa den ostegunekoa.

Ongi etorria egin zitzaien bertaratutako guztiei Eneko Etxeberria, Javier Zubizarreta eta Josetxo Mendizabal alkateez gain, Ainhoa Aizpuru diputatua eta Iraurgi Berritzeneko zuzendaria den Begoña Beobideren eskutik.

Aurtengo ekitaldia 3 atal nagusitan antolatu da. Lehen zatian, IB sarearen baitan 2018an zehar, enpresa, hezkuntza nahiz udal eragileek lankidetzan landu dituzten lan lerro eta proiektuak aurkeztu zituzten, Kontseiluko kideak diren eragileen ordezkariak beraiek izan zirelarik protagonista honetan, Enpresa, Hezkuntza eta Udal ordezkariak, hain zuzen:

Ihintza Arregi (Sidenor), Arantxa Bidezabal (Ikasberri), Eduardo Sudupe (Izarraitz Lanbide Heziketa), Ana Azkoitia (Azkoitiako Ekonomia Zinegotzia), Agustin Lizarralde (Azpeitiko Ekonomia Zinegotzia ) eta Itziar Abarisketa Iraurgi Berritzen-eko enpresa eta enplegu koordinatzailea.

Behin eragileen aurkezpenak eginda, “B+I Strategy” kanpo aholkularitzako Sabin Azua eta garapen eta berrikuntza agentziako zuzendari den Begoña Beobideren eskutik, eskualdeko ehun ekonomikoaren nondik norakoak aurkeztu ziren. Lehenak, egun ekonomian eta gizartean oro har dauden aukerak eta joerak azaldu zituen. Garapen eta berrikuntzako zuzendaria berriz, eskualdeko balio kateen ezaugarriak aurkezteaz arduratu zen.

Bertaratu zirenak ez ziren, gainera, entzutera mugatu. Paper aktiboa izan zuten. Taldeka, eskualdeak datozen urteetan izango dituen erronkez hausnartu zuten eta hauei aurre egiteko beharrezko osagai eta baliabideez eztabaidatu zen. Dinamika aberasgarria, batik bat, interakzioa profil ezberdinetako pertsonen artekoa izan zelako, Iraurgi Berritzenen gainerako hainbat ekimenetan bezala.

Partehartzaileek eskualdeak datozen urteetako dituen erronka nagusiak ondorioztatu zituzten. Besteak beste honakoak lehenetsi zituzten:

  1. Industrian, teknologia berrien txertatzea eta digitalizazioa.
  2. Enpresen negozio ereduen egokitzapena joera berriei.
  3. Kulturaaniztasuna: etorkinen integrazioaren kudeaketa.
  4. Hezkuntzaren egokitzapena garai berrietara: gazteen gaitasunen garapena.
  5. Eskualdearen eta enpresen erakargarritasuna hobetzea.
  6. Langile kualifikatuen falta. Talentu berria erakartzea.
  7. Talentua mantentzea eskualdean: langileen baldintzen hobekuntza.
  8. Eragile arteko elkarlan estrategia mantentzea eskualdearen garapenerako.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide