Albisteak

[IRITZIA] Gerra, miseria eta elkartasuna guztion ahotan dugun garaietan

Ukrainiako egoerak, guztion ahotan jarri du elkartasun hitza. Komunikabideen indarraren erakusle bat gehiago da berau, izan ere, gerra eta miseria, kapitalismoaren historiaren eguneroko ogia izan dira bere hastapenetatik. Esaterako Yemen, Etiopia edota Palestina gerra bizian ditugu azken urteetan, eta miseria, herrialde andanaren errealitate gordina izan da hamarkada luzetan. Hortik ihesean, askok amaitzen dute gure herrietan, eta krisi kapitalistaren areagotzearekin, hemen jaio izanak ez gaitu pobreziatik salbu uzten.

Honen harira, eta etxera etorrita, egutegiak dio jada 2 urte igaro direla Oinarrizko produktuen biltegia martxan jarri genuenetik. Atzera begiratu eta atzoko kontua badirudi ere, bidean eginiko lan eta arazo guztiak kontuan izanik, 3 hamarkada pasa direla ere esango genuke batzuetan.

Jantoki sozialaren ibilbideak erakutsi zigun gure inguruetan bizi ziren hainbaten egoera larria, baina pandemiak jo eta etxetik ateratzea debekatu zigutenean, nahitaezkoa zen hainbatez oroitzea: paperik gabeko guztiez, kale saltzaileez, familiari ogi apur bat eramateko eguneroko txatarra ezinbestekoa zutenez, gure aiton-amonen zaintzaileez eta abar luze bat.

Egoera honetan, geu ere gaizkileen gisa elkartzen ginen momentuko soluzioen bila, oinarrizko produktuen biltegia martxan jarri bitartean. Baita behin martxan jarrita ere, banaketak, bilketak edota erosketetatik esklabetara bueltan ez baikenekien poliziaren jarrera nolakoa izan zitekeen. Baina egin behar genuen, eta egin genuen.

Gaitasunak antolatu eta lan militantea jarduera honetara bideratzean ordea, argi ikusi dugu, karitatetik urruntzea eta independentziaz jardutea garesti ordaindu daitekeela. Izan ere, bidean oztopo eta ergelkeriak jasotzera ohitu behar izan gara.

Alde batetik, instituzioen jarrera aipatu beharra daukagu. Proiektua martxan jarri eta berehala, Azpeitiko Udalak prentsa oharra zabaldu zuen: Fesbalen elikagai bankuari 3000€ko ekarpena, 300 familiari laguntzeko. Gure lanaren beharrik ez zegoela irudikatu ahalko zuen honek, egoera horretan 3000€ xixtrin bideratzearen miseria kontuan hartuko ez bagenu, besteak beste.

Ondoren jasoketa postuekin komeriak, lekuak ez gordetzea berauek jartzeko, karpak uzteko arazoak, edota udaltzainen jarrera oldarkorra janaria biltzen genuen eremuetan.

FESBALek ere elkartasunaren monopolioa aldarrikatzen zuen. Behin eta berriz mehatxatu izan gaituzte epaitegietara bidaltzearekin, izena kopiatu izanagatik, nahasmena sortzeagatik etab.

Argi dugu guzti hau proiektu politiko bati diogun atxikimenduagatik, zein pobreziaren izaera estrukturala salatzeagatik dela. Bai hau, eta bai jaso ahal dugun herritarren laguntza murritza ere. Izan ere, sistemaren miseriak zuritzeko diharduten ONGek milioika euroko laguntzak jasotzen dituzten bitartean (milaka liberatu, korrupzio eta espioitza kasu tarteko), antolakuntza politikoa indartzeko sortutako gure lan-lerroak oztopoak eta ezintasun ekonomikoa bakarrik aurkitu ditu bidean.

Argi dago, gu ez garela gure dinamika konkretu hau aurrera ateratzearekin soilik konformatzen. Guk, pobreziarekin bizitzera ohitua dagoen gizarte ereduaren gaindipena dugu jomuga, horretarako independentzia politikoaren ezinbestekotasuna aldarrikatzearekin batera, antolakuntza forma eraginkorrak garatuz.

Aurreikuspen egokiak egin genituen: krisi kapitalistan murgilduta, miseriara kondenatuta gaude, lehen pandemiak areagotu zuena, orain gerrak azeleratu du, baina emaitza beti berbera da: estrukturala den langile klasearen pobretze orokortua, izan inflazioaren bitartez, izan prestakuntza edota ezinbesteko zerbitzuen pixkanakako dekadentziaren bitartez.

Gure proiektuaren berri baduzue, baita gure lan militanterako prestutasuna ere. Orain zuei dagokizue erabakitzea: eraginkorrak ez diren eta gizarteko sektore zaurgarriena esklusiora kondenatzen duten gizarte zerbitzuen zein politiko profesionalen esku utzi proletalgoaren etorkizuna, edota gizarte kapitalistaren gaindipenerako konpromisoa dugunoi esku bat botatzera animatu.

Ogi apurrik ez, elkartasuna eta borroka!!

Ania Diez,
Iraitz Elordi eta Ortzi Alberdi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide