Ispiluak bainuetxean
— 2018-12-18Orain dela gutxi, Joxean Agirre idazle azpeitiarrak argitaratutako Ispiluak eta itsasoak liburutxoa (70 orrialde) dakarkit gaur hona. Ez naiz hemen liburuaren azterketa filologiko edo literariotan sartuko, bai, ordea, edukian. Agirre Zestoako bainuetxea literaturara eramaten duten klub berezian sartu da liburu honekin, eta Baroja, Azorin, Unamuno eta beste berriago batzuen mahaikide da dagoeneko.
Joxean Agirrek Maria Garrastazu aizarnarra dakarkigu liburura; hamasei urteko neska eder eta argia, 1920ko hamarkada aldean Zestoako bainuetxean lan egiten duena. (Liburuaren atzealdeko esaldiak ari naiz kopiatzen besterik gabe; ai, zein lagungarriak eta mikro-literaturaren adibide bikainak izaten diren atzealde horiek, ondo eginak badira, jakina!). Bada, Maria Garrastazu bainuetxeko neskameari, “Monsieur Perrin deritzan bezero batek, dandya izatez eta ispilu marka bateko saltzailea ogibidez, berarekin lan egitea proposatuko dio, eta, gurasoak Aizarnako baserrian utzita, bere bizitzako lehen bidaiari ekingo dio, lehenik Biarritzera eta gero Parisera eramango duena”.
Ez dago esan beharrik, liburua fikziozkoa dela (ez zen bizi Garrastazurik Aizarnan garai hartan) baina liburua egileak amari eskainia izateak, eta hasierako oharrek, garbi irudikatzen dute kontakizunak baduela errealitatean oinarririk.
Agirrek orain arteko literaturan asko nabarmendu gabe pasa izan den pertsona klase bat ekartzen du gure begien bistara: gure protagonista, Monsieur Perrin, atzerritar bananetakoa da Zestoan, oso dotore janzten dena paristar modara, dandya, jakinduria handikoa, delikatua, agian homosexuala… Ispilu-saltzailea da, eta kontu horrek leihoa irekitzen digu bainuetxera hurbilduko ziren beste makina bat lan klase irudikatzeko: argazkilariak, bainurako produktu saltzaileak, arropa saltzaileak, margolariak, oroigarri saltzaileak, musikariak…
Interesgarria da, baita, adibidez, ispiluei buruz ematen digun lezioa liburuan zehar, edota bidean egiten dituen aipamenak: Coco Chanel Biarritzen, moda-modako Vauxhall cabriolet berde distiratsua, arkitekto eta idazle famatuak, Parisko Pigalleko “gaueko gordelekuak”, feminismoa… Makina bat gauza Aizarnako neska batentzat harrigarriak bezain liluragarriak zirenak.
Bukatze aldera, bada gauza bat lerro azkar hauetan aparteko aipamena merezi duena: Monsieur Perrinek modako eta maila altuko bainuetxe gisa jartzen du Zestoako bainuetxea, Espainiakoekin konparatuta, baina oso arrunt eta dekadente Europako beste batzuekin konparatuz gero: “Hemen, aldiz, dozena bat atso ditugu, ‘grandes de España’ titulua gauza handitzat dutenak. Uste dut ipurtandiak direlako deitzen direla ‘grandes”. Barojak, Azorinek eta Unamunok ere hala jartzen zuten beren idatzietan baina haiek XX. mende hasieran idatzi zuten; gauzak asko aldatu ziren ordutik Josean Agirrek irudikatzen duen 20ko hamarkada bitartean. Monsieur Perrin ez zen, agian, konturatuko –egun gutxi egingo zituen-eta bertan– baina nik esango nioke hain dekadentea ez zela izango, guk gaur egun ezagutzen ditugun hainbat xehetasun direla medio.
Mende hasieran (1904), Zestoako bainuetxeko mediku-zuzendariak esana zuen honako hau: “Medikuok aurkitzen dugun beste oztopo bat da bainu-hartzaileak eta gaixoak ez direla bainuetxeetara beren sendaketak egitera etortzen, baizik-eta dibertitzera, beren ohiturak nahastera eta nahi duten adina jatera”. Ados, asko jatea ez da elegantea eta horrexek frogatuko lioke, besterik gabe, Monsieur Perrini bainuetxe honetako dotorezia ez zela hainbesterainokoa.
Monsieur Perrinek jakin beharko zukeen, ordea, Pastora Imperio eta horrelakoak etortzen zirela Zestoara, garai hartan, eta, seguru nago, Pastora Imperiok ez zuela axolagabe utziko gure ispilu saltzailea. Monsieur Perrinek ikusiko zuen, bestalde, nola dantzatzen zituzten charlestonak, fox-trotak eta tangoak gure bainuetxean –herrian bertan galarazi egin behar izan zituztenak– eta horrek ere ezin axolagabe utzi gure gizon fina.
Ez dugu ahaztu behar, gainera, Anastasio Alkorta zenak behin kontatu ziguna. Duela 30en bat urte endredatu gintuen telebistarako programatxo bat egiteko, eta harako grabatu zioten Anastasiori elkarrizketa luze eta mamitsu bat; eta, halako batean, galdetzen diote ea zertan pasatzen zuten denbora urzaleek, eta Anastasiok –hura zen diskretuarekin– zera erantzun zien: “Hor inguruko pinudi horietara joaten ziren, eta ez preseski perretxikoak biltzera”. Ez dut uste gure bainuetxea Perrinek azaltzen duen bezain atzeratua eta milinga izango zenik. Baina une batean aipatzen du Mariak gauzak esajeratzea gustatzen zaiola Perrini, eta horregatik ez diogu kontuan hartuko “gure establezimendua” gutxietsi izana.
Kontrazalak dioen bezala, dotoreziaz eta xalotasunez kontatzen digu Joxean Agirrek istorioa, Belle Époque-ko edertasun eta xarma eta gaztaro galduaren ukitu nostalgikoa batzen dituena. Protagonistak berak, Maria Garrastazu aizarnarrak, egiten du narratzaile papera, 97 urterekin, zaharren egoitzako medikuak hala gomendatuta.
Liburu ederra da, irakur erraza eta ispiluei eta garai bateko neskame baserritarrei izugarrizko edertasuna eta gorespena ematen diena. Primerako irakurketa Gabon jai hauetarako: nazka-nazka egin arte jaten eta edaten ibili beharrean, tartean liburu hau bezalako gozoki delikatu bat. Hori bai elegantzia! On egin…!
Liburua: Joxean Agirre. Ispiluak eta itsasoak. elkar, 2018. 70 orrialde.
Argazkia: Hau ezin izan Maria Garrastazu, liburuko protagonista, jakina, kanpotarra da-eta. Baina han zegoen emakume hau Zestoako bainuetxean Monsieur Perrinen garaietan, eta ezin esan elegantea ez denik. Hurrengo batean komentatuko dugu argazkia.
Egin zaitez bazkide