Albisteak

Itaiak deituta elkarretaratzea egin zen atzo “Indarkeria matxista orori aurre egin” lemapean

Itaiak deitu berrogei lagun inguru elkartu ziren atzo arratsaldeko 20:00etan udaletxe azpian. Ondorengo testua irakurri zuten Itaiako kideek:

“Gaur, pasa den asteazkenean Bilbon gertatutako eraso matxista salatzeko bertaratu gara. Emakume bat erail du senarrak labankadaz Bilboko taberna batean. Horrez gain, emakume trans bat eraila izan da Bizkaian. Urola Erdiko Itaiatik gogor salatzen ditugu erailketak, eta babes osoa adierazten diegu eraildako emakumeen familiari eta ingurukoei. Emakume langileon aurkako erasoak eguneroko ogia dira bizi dugun errealitate sozialean eta horrela berresten du azken eraso honek, zein egunerokoan albiste diren beste hainbestek. Burgesiak ezinbestekotzat du indarkeria matxista bere boterea mantentzeko eta estatu aparatuek beren interesetarako konfiguratzen dituzte biolentzia forma hauek. Aipatzekoa da, politika instituzionaletan feminismoak hartu duen presentzia, instituzioak aurpegi garbiketa egiteko eta etekin ekonomikoak bermatzeko tresna ezin hobea bilakatuz.
Baina emakume langileok ez dugu inolako babes sozial, politiko edo juridikorik eraso matxisten aurrean. Horrenbestez, eta egoerak onera egingo ez duela jakinik, beharrezkoa dugu emakume langileon aurkako erasoen aurrean erantzun eraginkorrak gauzatzea erasotzaileak seinalatuz, eta erasotuak izan diren emakumeak babesteko beharrezko antolakuntza bitartekoak garatuz. Indarkeria matxistaren aurkako jarduna eraginkorra izan dadin ezinbestekoa da indarkeria betikotzen duen egiturazko oinarria borrokatzea. Horrela, gizarte kapitalista gainditu eta indarkeria matxistak lekurik izango ez duten gizarte komunista eraikitzera begira kokatzen dugu gure jarduna. Urola Erdiko Itaiatik bide honetan lanean jarraitzeko konpromisoa adierazten dugu. Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki.”




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide