Albisteak

Itxialdia hasiko dute astelehenean San Juan egoitzan

Covid-19ak sortzen duen beldurra are handiagoa da zaharren egoitzetan. Gure herriko bi egoitzak tentsio handiko uneak bizitzen ari dira egunotan. Aste honetan zehar, San Juan Fundazioan erabaki garrantzitsu bat hartzeko lanketa hasi zuten eta hartu dute erabaki bat; hamabost eguneko itxialdia egingo dute.

Joseba Ilarramendi zuzendariak eman digu horren berri. Bere esanetan, “protokoloa fin beteta ere, termometroa, maskara, distantziak… egunean langileen hiru txanda aldaketa izaten ditugu; goizekoa, arratsaldekoa eta gauekoa. Eta langileak etxera joaten gara eta han gure familia dugu eta kasu batzuetan bikotekidea lanean ari da edo kalera ateratzen da erosketak egitera… Beldur handia dugu eta gure ustez neurriak oso zorrotz betetzen ari bagara ere horrenbesteko sartu-irtenak asko kezkatzen gintuen. Badakigulako hona birusa iritsiko balitz egundoko triskantza egingo lukeela”.

Hasiera betan, itxialdia hamabost egunekoa izango dela kontatu digu, astelehenetik-astelehenera aurreneko txanda eta beste horrenbeste bigarrena. Txanda bakoitzean 11-12 langile izango dira; sukaldari bat, garbitzaile eta zaintzaileak eta erizain bat. Illarramendi bera egongo da aurreneko txandan eta Saioa Lasa psikologoa bigarrengoan. Langileak bertan egotean, txanda aldaketetako arriskua saihesten da,” lehen egunean 3 aldaketa ziren eta orain 15 egunean bakarra egingo dugu” azaldu du zuzendariak.

Egoitzaren nahia, astelehenean sartu behar duten langileei, garbi daudela ziurtatzeko, testa egitea zen. “Diputaziotik jakinarazi zaigu, Osakidetzan esan diotela, sintomarik ez badago, testek negatibo faltsua ematen dutela eta beraz horren ez duela ezertarako ere balio” esan du Illarramendik.

Kanpo harremanak guztiak etenda

Kanpo harreman guztiak eteteko, sukaldean ere aldaketan izango dituzte .”Lehen janariarekin bakarrik, sartu-irten handia genuen; izoztutako elikagaiak, ogia, harategia, arrandegia… Hori ekidite aldera Foru Aldundiko teknikariekin catering zerbitzu bat adostu dugu. Egunean sarrera bakarrera mugatua. Bazkari eta afaria ekarriko dizkigute. Gainontzekoa egiteko ongi moldatzen gara. Horrek sukaldariaren lana ere erraztu egiten du eta sukaldean lan gutxiago izatean, pertsonal gutxiagorekin moldatzeko moduan gara”.

Langileen aldetik prestutasuna

Guztira 45 lagunek egiten dute lan San Juanen eta hauetatik 25ek egingo dute itxialdia, bi txandatan. “Gainontzekoek ere beraien prestutasuna agertu dute, baina, kopuru horrekin moldatuko garela uste dugu. Dena den, kanpoan gelditzen diren langileak ere alboan izango ditugu, edozer gertatzen bada kanpotik zerbait behar baldin badugu ere”. Egoiliarren dagokienean, 36 daude egoitzan eta 7 tutoretzapeko etxebizitzetan.

Eguneko zentroan “kanpalekua”

Langileen “kanpalekua” nola antolatu duten galdetuta, esan digu: “Eguneko zentroa itxi genuenez, hura libre geneukan eta hantxe prestatu dugu. Diputazioaren bitartez, Bainuetxeak arazo honen aurrean bere prestutasuna agertu zuenez, 12 ohe ekarri dizkigute handik eta gelatxo moduko batzuk antolatu ditugu, ahal den neurrian langileek ere intimitate pixka bat edukitzeko moduan eta zona amankomun batzuk ere bai elkarrekin atsedenalditxoak egiteko… Langileak ohituta daude talde lanean eta ondo eramango dugula uste dut”.

Amaitzeko, itxialdian egonagatik, protokoloa betetzen berdin jarraituko dutela adierazi du Illarramendik; distantziak, maskarak, tenperatuta hartu… “Orain artean oso ondo gaude eta ea horrelaxe jarraitzen dugun”.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide