Albisteak

Izen berria du pilota taldeak

Abantzu Pilota Kluba izena izango du hemendik aurrera Zestoako pilota taldeak. Fiskalitate kontuak zirela eta, izena aldatu behar izan diote taldeari. Ez dela lan erraza izan azaldu dute taldeko kideek baina azkenean lortu dute aldatzea. Pilota munduarekin zerikusia duen hitza da “abantzu”. Iparraldean aurre edo abantaila esateko erabiltzen dute.

Adin guztietako kirolariek osatzen dute taldea. 15 benjamin eta beste 15 alebin daude. Infantil mailako lau pilotari eta kadete mailako beste hainbeste. Jubenil eta senior mailan, aldiz, bina kirolari. Gainera, astelehen arratsaldetan eskolako haurrek ere entrenatzen dute.

Zoroperi eguneko jaialdia

Bi urteren ondoren bueltan izango da Zoroperi eguneko jaialdia abenduaren 26an. Arratsaldeko 17:30ean hasita, kirol ikuskizun bikaina eskainiko dute zenbait kirolarik kiroldegiko frontoian. Lehendabizi pilota partida jokatuko dute Abauntza Pilota Klubeko pilotariek. Salegi II eta Txapei III, Adonis eta Salegi III.aren aurka arituko dira. Ondoren, herri kirol saioa egingo dute Arria V.ak, Zalduak, Otaegik eta Txapartegik. Ohitura den moduan, 17:15ean, herriko txarangak plazan hasi eta frontoirainoko ibilbidea egingo du zale guztiekin.

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide