Albisteak
[JARDUNIAN] Aiora Urbieta. Natura eta zaintzatik, kolektibo eta burujabetzara.
— 2025-01-31Bere egunerokoan ondo txertatuta duen norbere burua, etxea eta ingurua zaintzeko modu antolatua jaso du Aiora Urbietak Geure gorputzean eta etxean burujabe liburuan. Aurkeztu berri du Durangoko Azokan, eta aitzakia baliatu dugu bere ibilbideari errepasoa emateko.
Belar mundu honekiko zure aurreneko oroitzapena zein da?
San Jose loreak jan eta horrelakoak denok egin izan ditugu, ezta? Horrez gain, gogoratzen dut eskola atze inguru horretan, zazpi bat urte genituela, nola landareak bildu, birrindu eta gure ustez edabeak egiten genituen. Adreilu zatiak txiki-txiki hauts egin eta Nivea kremarekin nahastuta, kolorete modura masailetan ematen genuela ere akordatzen naiz.
Txikitatik izan dut animalia eta landareekin obsesioa. Kalean zerbait hartzen egotea baino, beti gustatu izan zait gehiago buelta bat ematea; horko zapaburuak edo hango zuhaitzak ikustea, eta behin amak, sendabelarren inguruko liburu bat oparitu zidan. Ordurako interes handia nuen sendabelarrekiko. Handik aurrera otarra eta liburua hartuta joaten nintzen paseora. Orduan hasi nintzen lehen ikastaroetara joaten. Beti taldeko gazteena izaten nintzen; emakume jubilatu mordoa, eta ni.
Sendabelarren inguruan etxetik jaso zenuen oinarririk?
Etxean baserriko konturen bat edo beste entzuten genuen, baina gutxi. Liburua idazten ari nintzela; zer den bizitza, jakin dut, nire birramona Maria (Egañazpi pandero-jolearen ama), oso jakituna zela belar kontuetan, Aizarnan. Orain, Aizarnako Egaña Goikoan bizi gara, lehen ere bizitzako beste etapa batean hemen bizitzen egon nintzen bolada batez. Kuriosoa da bizitzak zenbat aldiz ekarri nauen hona. Gure beheko baserriko Arangurenekoek teilatua aldatu dute eta egurra eskaini ziguten, eta harekin berriketan ari nintzela aipatu nion nola aitona Egañazpiren liburua atera zutela eta irakurri nuela beraien etxeko norbaiti nire birramonak titia eman ziola haurraren amak esnerik ez zuelako… Berak bazuen horren berri, anaia zaharrenari izan zela argitu zidan. Gero, sendabelar kontuak aipatu genituen, eta horren inguruan esan zidan Maria, Aizarnako “meikuba” zela, sendabelarrekin egindako erremedioekin etxez etxe ibiltzen zela, batez ere umeak sendatzen.
Sendabelarrekin zebilen emakumeaz “meikuba” esatea harrigarria egiten da, ezta?
Aititaren arreba Mertxerengana jo nuen eta hark gauza asko kontatu zizkidan. Arangurenekoa, titiarekin hasi zuena, gerora ere lagundu omen zuen pneumoniarekin azkenetan zegoela. Beti gauez eta ezkutuan ibiltzen omen zen. Aizarnazabaleraino joaten omen zen argi kandelarekin umeen “txitxareak” eta tratatzera. Ume asko ahotik eta sudurretik batera “txitxareak” botatzen hasita ito egiten omen ziren. Garai haietan arriskutsua ere bazen. Medikuek ezer egin ezin eta norbaitek esaten bazuen Mariari deituko ziotela, mehatxua azkar botatzen omen zuten medikuek. Gure aitak ez zekizkien kontu horiek guztiak. Mertxek erabiltzen omen ditu orain ere belarrak, baina isilean, berarentzat, ez aho handiarekin.
Gaur egun normalizatuago dagoela iruditzen zaizu gaia?
Orain pixka bat modan dagoela esango nuke, ez Euskal Herrian bakarrik. Orain dela hamabost bat urte “pitorreo” kontua bezala hartzen zen. Probatu arte jendeak pentsatzen zuen ez zuela funtzionatuko. Nik uste Garbiñe Larreak ere eman diola seriotasun bat eta buelta ematen ari dela gaia. Garrantzitsua izan da mahai gainean onurak eta kontraindikazioak jartzea ere.
Ikastaroak eta ematen noiz hasi zinen?
Orain dela urte pila bat, gaztetxeetan eta horrela hasi nintzen ukenduak eta gauzak egiten. Arte Ederretako Lizentziatura ikasteaz gain, ikastaro asko eta herboristeria eta naturopatiako masterrak egin nituen. Ordurako etxean xaboiak eta kosmetika kontuak ere egiten nituen. Gero kanpora joan ginen, alaba jaio zen, eta berriro ere nolako bizitza edo etorkizuna nahi genuen planteatzen hasi nintzen.
Frantzian egon zineten, ezta? Han ere mundu honetan sakontzen jarraituko zenuten.
Asko ikasi genuen. Sendabelarren ekoizpen ekologikoak, permakulturako baratza, distilazioak… Nekazari bizimodu oso polita dute; bakoitzak bere baratza, bere animaliak, komunitateko lan asko egiten dute elkarrekin… Gu egon garen etxe gehienetan dute etxean egindako marmelada edo ziropa. Oso ondo moldatu ginen, baina gauza asko tarteko, etxera itzultzea erabaki genuen. Bizitza nola planteatu erabaki behar genuen. Baserri bat erostea ez da erraza. Pandemia eta gero mundu guztiari mendira bizitzera joateko gogoa sartu zaio, gainera, eta oso zaila dago. Ni kalean gaixotu egiten naiz, ondoeza sortzen zait. Garbi geneukan Aizarnara nahi genuela joan eta hara jo genuen. Han hasi zen alaba eskolara eta han atera zen aukera gero.
Baserri mundua ere beti izan duzu gustuko. Txikitan baserrian ordu asko egindakoa zara?
Ez, bi gurasoak baserritarrak ditut, baina baserri bizitzarik ez nuen egin txikitan. Etxetik ateratzeko modua izan nuenean Erdoiztako puntara joan nintzen eta handik ez naiz gehiegi jaitsi. Ez dakit kalean bizitzen, ez Zestoan, ez Donostian ez eta Aizarnan ere. Nik behar dut etxetik irten eta bakarrik, mendian egotea. Aizarnan kalean bizitzea, kalea da niretzat, eta nik aparte nahi nuen. Orain, alabarekin, praktikoagoa da herritik gertuago egotea, baina hala ere mendian bizitzea ez nuke aldatuko erosotasun horregatik.
Urkome Saria ere jaso zenuten “Amalda biobotanika” proiektuarekin. Nola dago proiektua?
Lursailaren faltan bere osotasunean egin ezinda. Asmoa zen terreno bat hartu eta sendabelar eta baratza ekologiko ekoizpena egitea. Orain proiektu horren moldaketarekin gabiltza. Ikastaroak eskaintzen eta beste gauza batzuk lantzen. Etorkizunera begira bagabiltza gauzak egosten, baina ikusi egin behar.
Liburuari begira zer esango diguzu?
Mundu hau osotasunean ondo emateko organizazioa behar da. Eguneroko martxan, gainontzeko etxerako lanekin batera sartu behar dira gure produktuak egiteko lanak ere, bestela oso zaila da. Niri gure etxeko antolaketak ondo funtzionatzen dit eta hori da liburu honetan proposatzen dudana. Garaian garaiko lanak zein diren azaltzen du. Errezeta sinpleak dira, gauza konplikatuak behin egiten dira, baina egiten jarraitzea kosta egiten da.
Urtaro bakoitzak sarrera modukoa ere badu
Beharrezkoa iruditzen zitzaidan. Sarreretan urtaroarekin lotura duten erritual edo ohiturak jarri ditut. Askotan iruditzen zait ez dakigula zein garaitan bizi garen ere. Ez diogu begiratzen inguruari, ez gara konturatzen zein landare hasi diren, zein joan diren. Pena ematen dit ziklo horrekin batera ez joateak. Badirudi gizakia eta natura aparte bizi garela, bakoitza bere bidetik.
Urtaro bakoitzean lau ataletan banatuta daude errezetak; etxea goxatzekoak, geure gorputzerakoak, garbiketako produktuak eta sukaldeko lanak. Niretzat inportantea da errezetek funtzionatzea, orain artean erabili ditugun produktuak ondo ordezkatzea, baina aldi berean jendeak etxean laborategirik ez behar izatea. Lortzeko errazak diren produktuak erabiltzea, Internetera jo gabe erosteko modukoak eta ez izatea garestiak: sukaldeko produktuetarako eta kontserbak egiteko, olioa eta azukrea, gorputzekoak egiteko, buztinak eta aukeran olio esentzialak, eta garbiketarako, sosa kaustikoa, bikarbonatoa, perkarbonatoa, azido zitrikoa eta binagrea. Ez dira osagai askoz gehiago behar dena egiteko.
Garai honetan, esate baterako, zer egiteko aprobetxatu beharko genuke?
Udazkenean energia barrura begira izaten da gehiago, etxean egoteko garaia izaten da eta barruko lanak egitekoa eta norberaren barruko lanak ere bai. Udazkenean udan baratzean hasitako produktuak antolatu behar izaten dira. Kontserbak egiteko garai polita da. Lan asko izaten da horretan; horregatik, garbiketako produktu sinpleak bakarrik egingo ditugu. Sendabelar usaintsu lehorrak ere prest egoten dira eta girotzaileak egiteko garai ona da. Negura begirako katarroak ere garai honetan hasten dira eta eukaliptoekin arnasketa erraztuko diguten ukenduak egin ditzakegu.
Negura begira, berriz, barruko lanekin jarraituko dugu. Baratzean lan gutxiago dagoenez, urte guztirako behar ditugun kandela, intsentsu eta egiten denbora gehiago eskatzen duten garbigarriak egiteko aprobetxatuko dugu; olio erabiliarekin egindako xaboi kantitate handiak egiteko, esaterako. Gainera, xaboiak neguan egiteak badu onura interesgarri bat, xaboiek hilabeteko ontze prozesu bat behar izaten dute hezetasunik gabeko lekuan. Hemen askotan udan ere hezetasun handia izan da eta neguan etxe barruan sua pizten badugu edo berogailua jartzen badugu, giro lehorragoa izaten da eta oso ondo lehortzen dira. Katarroentzat xarabe eta gominola edo karameluak egiteko garaia ere bada.
Kolektiboan biltzearen garrantzia ere askotan azpimarratzen duzu, ezta?
Saiatzen naiz bai. Guk etxean egitea ondo dago, baina hau bizi filosofia ere bada. Emakume artean lan asko egiten dut, gehienetan Emakume Etxeetako jabekuntza eskoletan egiten dut lan, eta gainontzeko ikastaroetan ere gehien bat emakumeak etortzen dira. Urte batean kalkulatu nuen 100 ikasletik bat zela gizonezkoa kontu hauetan eta horrek erakusten digu oraindik ere zaintza kontuak noren esku dauden. Behar asko dago gure artean gauzak konpartitzeko. Hirietan eta askotan ikusten dira bakardade egoerak, tratu txarrak jasan dituztenak, edo inguru segurua ez duen jendea; eta ikastaro hauek azkenean terapia izaten bukatzen dute, eta hori oso interesgarria iruditzen zait.
Azkoitian, Abaltzisketan eta Arrasaten, esate baterako, ikastaroak ematen ibili naiz, eta han badaude talde komunitarioak eta elkartzen direnean igual egiten dituzte 140 litro xaboi.
Guk baserriko kanak, itxiturak, konponketak… ere taldean egiten ditugu. Geu ere asko ibili gara besteen etxeetan, patata jaso behar dela, teilatua konpondu, paretak bota… Aurrezten duzunaz gain, polita da ekarri lagunduta gauzak egitea, geure artean sarea edukitzea. Bestela, sistema kapitalista nazkagarri honetan, gutxieneko maila bat ez baduzu, izorratuta zaude.
Ingurumena zaintzeko modu bat ere bada zuk planteatzen duzuna, ezta?
Niretzat oso kezkagarria da zenbat plastiko erosi eta botatzen dugun egunero, baina ez hori bakarrik, zenbat KH7, Cillit Bang eta horrelako produktu fuerte botatzen ditugu egunero arraska zulotik behera? Nik ikastaroetan askotan galdetzen diet, zuek imajinatu, baserri batean bizi zaretela, eta harraskatik botatzen duzuen hori zuzenean zuen baratzera doala, botako zenituzkete? Ez, noski. Hirietan hori ikustea gehiago kostatzen da. Nik Erdoiztan bizitzen jarri nintzenean oso argi ikusi nuen hori. Garbiketako produktuak oso fuerteak izaten dira eta osasun hormonaletako gaitz asko sortzen dituztela frogatuta dago.
Arraska garbitzeko zer behar duzu nahi baduzu binagrearekin bakarrik garbitu dezakezunean? Usaina ez zaizula gustatzen? Bota olio esentzialak. Zenbat produktu erosten ditugu? eta asko oso garestiak. Gauza bakoitzerako produktu espezifiko bat dugu, gainera: kristalak, lurra, komuna, manpara, kanpaia… Merkatua da, industria eta kapitalismoa dira zirkulu horretan sartzen gaituztenak. Azkenean, dirua ematen ari zara, ez auzoko bati, baizik eta enpresa bati, gainera erraldoia den bati, eta gaixotzen ari zara, gero berriz farmaziara joateko eta zirkuluarekin jarraitzeko.
Liburuaren izenean “burujabe” hitza ere sartu duzu.
Ezin direla egin pentsatzen dugun gauza asko egiteko gai garela ikusarazi nahi dut. Garai batean egiten zirenak eta orain bat-batean badirudi asmatzen ari garela gauzak. Antolatzea da, gauza sinpleak norberak egin eta gehiago kostatzen dena, taldean egitea.
Nire alabari erakutsi nahi diot, gero agian Bilbo zentroan biziko da, baina gai garela etxe bat zerotik eraikitzeko, instalazio bat geuk egiteko, teilatua egiteko, baratzean haziak gorde eta berriro hortik elikagaiak ateratzeko, erosi lau gauza eta etxerako behar ditugun produktu guztiak egiteko… Ikus dezala hori guztia egiteko gai garela. Izan gaitezkeela geure buruaren jabe, eta komunitatea beharrezkoa dela bide horretan.
Jone Bergara
Egin zaitez bazkide