Albisteak

[ELKARRIZKETA] Markel Azpeitia arroarrak “Erlojuaren orratzak” film laburrarekin Huhezinemaren MU Saria irabazi du

Urtarrilaren 24tik 26ra bitartean Aretxabaletan Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren 18. edizioa izan zen. Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduko 4. mailako ikasleek antolatzen dute Jaialdi hau. Bertako ikasle den 21 urteko Markel Azpeitia arroarrak 3. mailan zegoela egindako “Erlojuaren orratzak” film laburrak MU saria eskuratu du. Azpeitiarekin elkartu gara sariaren nondik norakoak jakiteko.

MU Mondragon Unibertsitateko ikasleek egindako lan onenari ematen zaion saria da. Zer suposatu du sariak zuretzat?

Sari hau jaso izana guretzako ohore handi bat da. Guretzat konfiantza boto bat suposatzen du, mundu honetan gure lehen pausuak izan diren horiek onartuak izan direla esan nahi du, gustatua izan dela, jenderengana iritsi dela…

“Erlojuaren orratzak” ikus-entzunezkoa zenbaten artean egindako lana da?

Proiektua sei ikasleren lana da, baina ikasle horiez gain, aktore eta eskua luzatu eta konfiantza eskaini diguten beste hainbat pertsona daude. Hauek gabe proiektu hau ez zen posible izango eta beraz, berekoi xamarra izango litzateke ikasleona bakarrik dela lana esatea.

Nola antolatzen da horrelako lan bat?

Horrelako proiektu bat antolatzeko garaian prozesua luzea izaten da. Gidoia prestatu behar da aurrena, eta gero proiektu horretara lantalde bat ekarri behar duzu. Karrerako ikasgaia izanik, bertako ikasleen artean osatu dugu taldea. Rolak bakoitzaren afizio eta gaitasunen arabera esleitu ditugu.

Aktore eta grabatzeko lekuak lortzeko orduan fabore eskean ibili gara. Borondatezkotik lan asko egiten den mundua da hau. Genituen baliabideekin bagenekien ezingo geniola erantzun aktore hauen lanari, ez ekonomikoki, ez beste inola. Fabore eske bat izan da; proiektua erakutsi, eta gustatzen bazaie eta indarrik badute, aurrera egiten dute. Lekuarekin ere berdin, gertuko bati eskatu eta horrela. Horregatik esaten dut ez dela sei ikasleren lana bakarrik izan.

Zer kontatzen du filmak?

Erloju denda baten kokatzen da, bertara protagonista iristen da, Enara izenekoa neskatxa bat. Kasketaldi bat tarteko konpontzeko premia duen erloju bat darama dendara eta jubilatzear dagoen erloju-dendako jabearekin tratua adosten du erlojua konpondu ahal izateko.

Eman nahi dugun mezua da, bizitzako etapa ezberdinetako harremana, gure bizitzan zehar izan ditugun irakasleei hartu diegun lekukoa, alegia, beraiek erakutsi digutena, horren inguruko gogoeta izan nahi du eta aldi berean omenalditxoa.

Ikusgai al dago?

Ez, oraindik ez. Beno, onartua izaten den jaialdietan bakarrik izango da momentuz ikusteko aukera. Jaialdi askok hala eskatzen dute, ez da gure hautua, lanek argitaratu gabeak izan behar dute, baina iritsiko zaio eguna.

Etorkizunera begira beste lanik bai? zerbait pentsatzen hasteko bultzada eman dizue sari honek?

Etorkizunera begira baditugu beste proiektu batzuk eskuartean. Ogibide hau bide luze bezala hartu dugu. Etapa bakoitza ere luzea izaten da, baina zerbait gehiago etorriko denaren esperantza badugu. Horrelako sari bat jaso izanak gainera, ematen dizu indar pixka bat egiten duzun horretan jarraitzeko.

 

 

Argazkian, ezkerretik hasita hirugarrena, Markel Azpeitia. (argazkia: HUEZINEMALDIA)




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide