Paperekoa

[JARDUNIAN] Ander Iribar

Kasik mendia etxea baino maizago zapaltzen duen horietakoa da Ander Iribar (Zestoa, 1997). Mendizale amorratua da, baita saltseroa ere, eta horren erakusgarri da duela bi urte Instagram sare sozialean sortu zuen Orbel Explore izeneko kontua. Ordutik, mendiarekin eta kirolarekin lotutako askotariko edukiak sortzen ditu, bereziki ikus-entzunezkoak.

Ander Iribar, DJ Olber, Orbel Explore… nola deitu behar zaizu?

Ander Iribar entzuten dudanean, zerbait serioa izan ohi da. Arroarrekako Olaberri baserrikoa naizenez, txikitatik baserriaren izenez ezagutu naute. Gero, DJ moduan hasi nintzenean, Olaberritik Olber sortu zen, eta hala ezagutzen ninduten askok. Gaur egun, ordea, Orbel Explore, Orbel, Olber, Olaberri… denetik.

Argazkia: Jon Olaizola

Eta nondik nora Orbel Explore?

DJ Olber izen artistikotik dator. Horrekin lotura izango zuen izen bat nahi nuen, hortaz, hitzari aldaketa txiki bat eginez sortu zen Orbel. Gainera, orbela naturako elementua izanik, kutsu berezia ematen dio.

Horrenbeste ezizen izateko, mila saltsatan zabiltzala esan genezake?

Bai, bai, nahiko saltseroa naiz (barrez). Gauza desberdinak probatzea gustatzen zait, eta beti nabil zerbait berria deskubritzen edo egiten.

Orain gutxi arte DJa zinen.

Herri eta auzoetan aritu izan naiz DJ modura, baina etapa hori atzean utzi dut jada. Une honetan, Orbel Explore Instagrameko proiektuan burubelarri sartuta nago, eta oso gustura nago egiten dudanarekin. Bada nire asmoa bide horretan jarraitzea da. Dena den, bizitzan beste momenturen batean bestelako zerbait sortzen bada, ongietorria izango da hori ere.

Eduki sortzaile gisa definituko zenuke zure burua?

Uste dut eduki sortzaile batek izan ohi dituen ezaugarriak betetzen ditudala, bai. Hala ere, ez nuke esango gaur egun hainbeste erabiltzen den influencer etiketarekin identifikatzen naizenik. Ez dut sentitzen eragin berezirik sortzen dudanik, baina edukia sortzen dut, eta hori da, azken finean, nire jardunaren muina.

Mendiarekin lotutako mota desberdinetako edukiak sortzen dituzu.

Azken finean, ni mendizale amorratua naiz eta mendi lasterketak egiten ditut. Hala, sortzen dudan edukia kirolarekin eta naturarekin lotuta dago, hori baita erakutsi nahi dudana. Niretzat, Orbel Explore natura, mendia eta kirola dira. Hori da nire proiektuaren mamia.

Askotariko edukiak sortzen ditut: egindako mendi ibilbideen edo entrenamenduen bideo laburpenak, txangoen proposamenak, gogoetak, elkarrizketak… Mendiarekin dudan lotura da abiapuntua. Gehienetan entretenimendutik egiten dut, umore ukituarekin hainbatetan, hausnarketarako mezuekin besteetan.

Esate baterako, naturaren zaintzari buruzko mezuak zabaltzea garrantzitsua dela deritzot. Denok nahi dugu mendia garbi ikustea, baina tamalez, oraindik jende askok hondakinak bertan uzten ditu. Duela gutxi, mendian nenbilela plastiko zati bat ikusita barrutik atera zitzaidan horri buruzko bideo bat egitea eta sare sozialetan partekatzea. Agian jende askok ez dio garrantzirik emango, baina norbaitek bideoa ikusi eta lurretik zerbait jasotzea erabakitzen badu, niretzat merezi izan du. Nik egin dezakedan gutxienekoa da mendia zaintzen saiatzea eta mezu hori zabaltzea. Sare sozialak tresna oso baliagarria dira horretarako ere.

Nola hasten da bat mendira doanean bere buruari grabatu eta instagramera igotzen?

Egia esan, modu nahiko naturalean sortu zen. Betidanik izan naiz sortzailea: proiektu desberdinak sortu, argazkiak zein bideoak grabatu eta editatu, gauza berriak probatu… beti ibili izan naiz saltseatzen. Mendian korrika egiten hasi nintzen garaiarekin batera etorri zen zerbait sortzeko gogoa, eta halakoren batean, bi bideak elkartu egin ziren. 

Hasierako ideia sare sozialen bitartez Euskal Herriko txoko desberdinak erakustea zen. Denboraren poderioaz, edukia gehiago bideratu da kirolaren eta, bereziki, trail running-aren mundura. Azken batean, mendiarekin lotutako entretenimenduzko edukiak sortzea da proiektua, izan mendi lasterketa, entrenamendu edota gogoeta.

Nola ikusten da baserri mundutik datorren batek bere burua grabatu eta sareetan mundu osoarentzat partekatzea?

Askok ez lukete esango baserritarra naizenik behintzat. Baserrian hazi naizen arren, kale giroa ere asko bizi izan dut, eta horrek erraztu egin dit bi munduen artean mugitzea. Sare sozialak aspalditik erabiltzen ditut, eta horregatik, nire burua grabatu eta edukia partekatzeko pausoa ematea nahiko naturala izan zen niretzat.

Egia da, hasieran, jendea pixka bat harrituta geratu zela; ez zuten espero horrelako zerbait egingo nuenik. Halere, jasotako harrera oso ona izan da, eta horrek aurrera jarraitzera motibatzen nau.

Egindako lanak eta esfortzuak bere fruituak ematen dituenean, merezi izaten du. Esaterako, duela hilabete batzuk, bizikletan nenbilela, kafe bat hartzeko parada egin nuen. Tabernako barra alboan jarri zitzaidan Bizkaiko mendi lasterketa bateko antolatzaileetako bat. Nirekin harremanetan jarri nahi zuela esan zidan, eta ea elkarlanen bat sortzeko aukerarik zegoen. Horrelako uneek ilusio handia egiten didate.

Mundu digitalean jaio ez direnei arraroa egiten zaie akaso?

Ez dit inork zuzenean halakorik esan, behintzat. Normalean hitz onak jasotzen ditut. Seguru asko kritikak ere egongo dira hor nonbait, baina hori saihestezina da askotan. Horregatik, jendearen babesa ezinbestekoa da, eta nik, zorionez, babes handia sentitu dut.

Egun txarretan ere arpegi ona jarri behar izaten da?

Pixka bat triste nagoenean edo zerbait gertatzen zaidanean, normalean ez dut ezer partekatzen Orbel Explore kontuan. Nire arazo pertsonalek ez dute lekurik bertan.

Nolanahi ere, pasa den urtean lesio txiki baten ondorioz momentu zailak pasatzen ari nintzela, kirolaren alde ez hain polita ere erakutsi nahi izan nuen. Pantailaren atzean dena perfektua dirudi sarritan, errealitatea, aldiz, bestelakoa da eta hori ere azaldu behar da. 

Norbaitek erakutsi dizu edukia editatzen?

Ez, nire kabuz ikasi dut. Tutorial asko ikusi ditut, baina, batez ere, autodidakta izan naiz. Ikastaro txikiren bat ere egin dut, baina oraindik asko daukat ikasteko, eta horretarako prest nago. Apurka-apurka joan naiz hobetzen, proiektuak berak ere bide horretan lagundu dit.

Zenbat denbora pasa zenezake bideo bat editatzen?

Ordu asko. Minutu bateko edo minutu eta erdiko bideo bat editatzeko bost eta zortzi ordu artean eman ditzaket, lasai asko. Noiz edo noiz, loari kendutako orduak izaten dira, baina gero jendearen babesa eta berotasuna jasotzen ditudanean, denak merezi du. Azkenean, gustura egiten dudan zerbait da, eta esaerak dioen bezala, gustuko lekuan, aldaparik ez!

Sare sozialak tresna baliagarriak izan daitezke, baina kontuz ibili beharrekoak ere bai, ezta?

Zalantzarik gabe. Topiko bat dirudi, baina sare sozialen erabilera oker batek min handia egin dezake, eta gaur egun, adimen artifizialarekin, are gehiago. Hala ere, alde onak ere baditu. Instagrameko kontu honi esker, jende asko ezagutzeko aukera izan dut, eta sare sozialen bidez norbait ezagutu eta harreman bat sortzen denean, asko betetzen nau.

Dirurik ematen dizu proiektu honek?

Momentuz, proiektu txikiren bat edo beste sortu zait diru-sarrera eman didana. Esaterako, lasterketa bateko bideo promozionala egiteagatik, dortsala doan edo opariren bat jaso dut. Gaurkoz, ez da diru-iturri nagusi bat, baina ateak irekita daude, noski.

Euskara hutsean sortzen duzu edukia.

Askok esaten didate gaztelaniaz egingo banu jende gehiagorengana iritsiko nintzatekeela, eta edukia askoz gehiago zabalduko litzatekeela. Baina nik beste helburu batzuk ditut. Alde batetik, honen bidez inguruko jendea ezagutu nahi dut, komunitate txiki eta hurbila sortu. Bestetik, euskara gure altxor preziatua da, eta bizirik mantendu nahi badugu, erabili egin behar dugu. Nik euskaraz sortu nahi dut, eta euskaraz harremandu nire inguruko jendearekin.

Gainera, egia esan, ez dakit zer emango nukeen erdaraz hitz egiten (barrez). Ez naiz oso trebea, eta seguru asko “hankasartze” galantak egingo nituzke.

Mendi lasterketak modan jarri dira, moda hori arriskutsua dela uste duzu?

Kirola egitea osasungarria da, baina, dena bezala, neurrian egiten bada. Ez du zentzurik behar bezala elikatu gabe edo entrenamendu egokirik gabe distantzia handiko lasterketetan parte hartzea. Kirola izanda ere, horrek kalte egin dezake, eta lesioak izateko arriskua nabarmen handitzen da. Zentzu horretan, kirol maila igo edo erronka handiagoak egin nahi dituenari aditu baten eskuetan jartzea gomendatuko nioke, edo, gutxienez, esperientzia duen norbaiti aholkua eskatzea.

Egun, jende asko ari da trail munduan hasten, eta badirudi distantzia ala denbora jakin batzuk betetzen ez badituzu, ez zarela inor. Ez dakit nola iritsi garen pentsakera horretara. Inoiz kirolik egin ez duen jendea ere esfortzu handiko probetan murgiltzen da, behar bezalako prestaketarik gabe. Uste dut, hein batean, gutxiesten ari garela kirola egiteko gaitasuna izate hutsa. Pribilegioa da. Niretzat, mendia afizioa den bezala, nire burua zaintzea ere afizioa da. Eta afizio horrek, modu naturalean, fisikoki eta mentalki ondo egoten laguntzen nau.

Niri ere gertatu izan zait helburu zehatz batzuk betetzearekin itsutu, eta entrenamenduez gozatzeari uztea. Esperientzia horrek, eta iaz izan nuen lesioak, lasterketen mundua beste ikuspegi batekin ikusten lagundu didate. Mendira joan, disfrutatu, eta minik gabe etxera bueltatzea ze baliotsua den ohartu naiz. Bideaz gozatzen ikasi dut.

Zein da goizeko bostetan esnatu eta mendira korrika egitera joateko sekretua?

Galdera horren zain nengoen (barrez). Egia esateko, ni ere gustura jaikiko nintzateke beranduago, baina arratsaldean bestelako konpromisoak baditut, goizeko bostetan entrenatu behar. Jendeari izugarrizko burugabekeria iruditzen zaio; “hi kaskauta al hao?” entzutea nire egunerokoaren parte da. Momentu batean horrenbeste entzuten nuen esaldi hori, molestatzera ere iritsi zela. Goizeko bostetan jaikitzen bagara lanera joateko, zergatik ez disfrutatu behar dugun gauza bat egiteko?

Entrenatu ondoren lanera joatean espabilatuta iristen naiz, burua jada martxan dudala. Lana ordenagailu aurrean egiten dut, zenbakien artean, eta mendian ibili ondoren argiago pentsatzen dudala nabaritzen dut, eraginkorrago sentitzen naiz.

Goizeko seiak aldera, mendira joan eta Aitzbakar inguruan ikusi ditudan egunsentiak ez dute preziorik. Lanera parre txikiarekin joaten nintzen, beteta.

Eta mendia kendu ezkero, zer?

Gaur egun, behintzat, mendia eta kirola kendu ezkero, hutsune handia sentituko nuke, dolu bat pasatzeraino. Beno, hori txantxetan esan dut baina… hala da. Mendian entrenatzean eta ondoren edukiak editatzean, barruko korapiloak askatzen ditut, nire pentsamenduak ordenatu, eta nire arazo pertsonalei beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera izaten dut. Mendia nire ihesbidea da, nire terapia.

Astean sei aldiz egiten dut kirola, eta normalean hiru alditan edo joaten naiz mendira. Horrek egunerokotasunean oreka ematen dit, eta hori gabe hutsune handia sortuko litzaidake. Gainera, une honetan helburu zehatz batzuk ditut: lasterketa berriak ala distantzia desberdinak egin, neure burua probatu… Horri guztiari uko egin beharko nioke, nire bizitza birplanteatzeraino. Oso gogorra izango litzateke, ez dut horretan pentsatu nahi.

Zein dira etorkizueneko erronkak?

Une honetan, Orbel Explore proiektua hainbeste betetzen nauen zerbait da, urte askotan horretan jarraitzea gustatuko litzaidakeela. Sortzen jarraitzea, proiektuari forma ematen jarraitzea eta bidean agertzen diren aukerak aprobetxatzea da nire nahia. Gauza berriak probatzea gustatzen zait, eta agian etorkizunean beste proiektu edo erronka berriren bat ere sortuko da.

Dena den, badakit bizitzako etapa desberdinek ere aldatu egiten gaituztela. Agian arraroa litzateke 55 urterekin gaur egungo erritmo berean jarraitzea.

 Galdera azkarrak

  • Mendirik gogokoena. Izarraitz
  • Lasterketa gogokoena. Irakurleek agian ez dute gustora hartuko, baina Kobaz Koba herrikoa izateagatik ere, 40 Milak lehenago aukeratuko nuke.
  • Erreferente bat. Albert Jorkera
  • Musika talde bat. Ezin bat aukeratu
  • Kantu bat. La mujer de verde, Izal taldearena.
  • Zestoako leku bat. Poteoan egiten dugun ibilbidea
  • Mendira joateko pertsona bat. Kuadrillan joatea gustatzen zait

Oihane Goikoetxea




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide