Paperekoa

JARDUNIAN – ANTXON GOMEZ

EAE-ANVko militante eta idazkari nagusi izandakoa, 04/08 sumarioan auzipetu zuten ezker abertzaleko beste 34 kiderekin batera Antxon Gomez (Gasteiz, 1964). Fiskaltzarekin akordioa lortuta kartzela zigorra eta kargu publikoetarako inhabilitazioa ezarri diote baina ez du espetxera joan beharko. Ez du hitz egin nahi epaiketaz, “dagoeneko esanda” daudelako “esan beharrekoak”, baina bai, ordea, bere ibilbide politikoaz, oroimen historikoaz eta Pagoeta-Aizarnako haginez. Bere ofizioaz eta afizioaz.

Aurkeztu ezazu zeure burua

Gasteizen jaioa naiz, eta bitxia bada ere, gasteiztarren biloba naiz. Jende gehiena probintziatik edo kanpotik etorritakoa da. Frankismo garaian jende asko etorri zen kanpotik. Amona bat nuen Elgoibarkoa, nahiz eta haren gurasoak Arabako Errioxakoak ziren. Hemezortzi urterekin Atarrabiara joan nintzen, mendiko eskola batean ikasketak egitera. Gero oposizioak atera eta Aian jarri nintzen lanean eta bizitzen. Bizitza gehiena han egin dut, eta azkeneko sei urteak Iraetan. Gasteiztarra baino gehiago aiarra sentitzen naiz, baina esango nuke lotura estua dudala eskualde osoarekin.

Nondik datorkizu politikarekiko lotura? Inguruan ere baziren ANVko kideak?

Aitona ANVko kide historikoa izan zen eta hainbat urtez izan zen kartzelan. Aitaren familia, Elgoibarkoa, PNVkoa zen, baina amonaren ahizpa bat ere izan zen ANVko emakume taldekoa. Abertzaletasuna oso txikitatik bizi izan nuen etxean, eta militantzia politikoan ere gazte hasi nintzen.

ANV lehenengo ezker abertzaletzat jotzen da, baina zein dira alderdiak izan dituen ezaugarri nagusiak?

Atzera begira jarrita, ikusi behar da 1930ean nola zegoen abertzaletasuna, eta kontuan hartu behar da PNV desagertuta egon zela lauzpabost urtez. Garai hartan talde asko zegoen. Sabino Aranaren anaiak PNV birsortzeko ahalegina egin zuenean, hainbat militante abertzalek ez zuten bat egin, PNVri zama karlista, katoliko ortodoxoa eta arrazista sumatzen ziotelako. Eta sortu zuten ANV. Hasieran PNVtik kanpo gelditutako joera guztiak bildu zituen ANVk, joera libertariokoak, komunistak eta liberalak, baina gerora, ezkerrera egin zuen alderdiak, eta haietako askok utzi egin zuten.

Zertan hautsi zuen ANVk PNVren tradizioarekin?

Gauza askotan. ANVk adierazi zuen Euskal Herriko eskubide nazionalak autodeterminazioaren bidez zetozela. Herriaren une horretako borondatetik zetorrela hori, ez historiari begira. Eta horrez gain, Sabino Aranaren gainetik, irudi edo erreferente moduan Agosti Xaho jartzen zuten. Xiberutarra, liberala, homosexuala eta Baionan aurreneko hileta zibila antolatu zuena. Bestalde, ANVk planteatzen zuen euskal herritarra izateko nahikoa dela borondatea. Kontuan izan, orduan, PNVko militantea izateko ezinbestekoa zela zortzi euskal abizen izatea! Garai hartan abertzalea izateko katolikoa izan behar zen, eta ANVk horrekin hautsi egin zuen. Hau da, esan zuen eliza kontu pribatua zela eta ezin zuela politikan eraginik izan. Kuriosoa da, ANVko asko katolikoak zirelako. Baina garbi zuten, sinestunak izanda ere, politikoak laikoa izan behar zuela.

Zer gertatu zen frankismo garaian?

36ko gerran alderdia ia esterminatu egin zuten. Eta 1977 bitartean, gudari eta militanteen artean, hildakoak izan daitezke 700-800 bat. Alderdia likidatuta gelditu zen. Gerrak militante askoren hilketa ekarri zuen, errepresioa ere gogorra izan zen, eta gainera, ondoren, kide asko Gernika batailoian aritu ziren Bigarren Mundu Gerran. Gelditu ziren hondarrak erbestean sakabanatuta edo kartzelan zeuden, eta erbestekoak hasi ziren Buenos Airesen Eusko Lurra aldizkaria argitaratzen, aldizkari irekia eta antifrankista, gero Euskal Herrian klandestinoki argitaratzen zena. 1960ko hamarkadan berriro hasi zen birsortzen Euskal Herrian bertan, baina ordurako PNV ari zen bere hariak mugitzen eta ETA ere sortua zegoen.

ANVren historiarekin lotuta, baduzu Zestoarekin lotutako pasadizoren bat…

Jose Bernabe Orbegozo Otarte Azpeitiko militante bakarra izan zen denbora luzez. Pisu handiko intelektuala izan zen ANVn, Eusko Indarra batailoiko komisario politikoa ere bai. Frankismo garaian segitu zuen klandestinitatean eta 1953an deitu zuten Gipuzkoako Gobernu Zibilera joateko, haren ekintzen berri bazutelako edo. Eta Donostian deklaratzetik zetorren autobusez, uholdeek Iraetan eraman eta hil zenean.

Frankismo osteko lehen hauteskundeetan ANVk emaitza oso txarrak izan zituen eta 1978an Herri Batasunaren sorrera ekarriko zuen Altsasuko Mahaian parte hartu zuen. Indarrak batzearen aldeko pauso bat izan zen?

Garai hartan txanpiñoiak bezala sortu ziren alderdi abertzaleak; askotan unibertsitate inguruan. Eta aurretik Fronte Popularrarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin bezala, ANV hustu egin zen Herri Batasunean. Herritar batasunaren alde egin zen, alderdia goratzen hasi gabe. Ni urte askoz izan nintzen ANVren ordezkaria Mahai Nazionalean, Jon Idigoras, Jose Luis Elkoro, Itziar Aizpurua, Jokin Gorostidi eta abarrekin.

HB desegin eta Batasuna alderdiaren aldeko apustua egin zuenean ezker abertzalearen gehiengoak, ANVk bere bide propioari segitzea erabaki zuen. Zergatik?

ANVren kultura politikoa beti izan zen herritarren batasunaren aldekoa. Ezinezkoa da alderdi bakar batean batzea enpresaburu txikiak, militante libertarioak eta komunistak. Edota ezkerreko kultura izan duten militante ekintzaileak. Beste gauza bat da herritarren batasuna, horrek beste ezaugarri batzuk dituelako. Gainera, pentsatzen genuen alderdi bakarraren eredua oso eredu ahula zela errepresioaren aurrean. Eta hori hala izan dela ikusi dugu. Alderdi bakarra izanda, Estatuak badaki non eman egurra. Eta inolako gupidarik gabe egin zuen.

Ilegalizazioen ondorioz, ANV, aurrenekoz 1977tik, bere izenarekin aurkeztu zen hauteskundeetara 2007an…

Ezker abertzaleko legezko alderdi bakarra zen, eta erabaki genuen aurkeztea, ezker abertzalea erakundeetatik kanpo gera zitekeelako. Baina bagenekien politikoki geure buruaz beste egitea zela.

Gero alderdien legea ezarri eta ANVren jarduerak eten zituen Garzon epaileak. Nola bizi izan zenuen hura?

Hasieran ANV alderdien legeak utzi zuen jarduerarik gabe, eta horrek ez zuen ondorio penalik militanteontzat. Gerora etorri zen bide penala, eta horrek ondorio pertsonalak ditu. Zortzi urte egon naiz pentsatzen kartzelan buka nezakeela, horrek dakartzan ondorio pertsonal guztiekin. Desgaste pertsonal handia dakar horrek. Zortzi-bederatzi egon gara zama horrekin.

Nola ikusten duzu gaur egungo egoera politikoa?

Sekulako krisia dago abertzaletasunaren barruan, eta uste dut berrasmatu egin behar dela. Ziur aski orain arte mugitu ez diren hainbat gauza mugitu beharko dira, iraganarekin erabat moztu gabe. Ezker abertzalearen krisia begi-bistakoa da, eta aldaketak egin behar direla garbi dago. Beste gauza bat da bakoitzak non ikusten duen aldaketa hori.

Oroimen historikoaren alorrean ere urteak daramatzazu lan egiten. Baina beti oroimenaren izaera politikoa aldarrikatu nahi izan duzu. Zer esan nahi duzu horrekin?

Eusko Lurra Fundazioan ari naiz, eta bereziki ANVren oroimen historikoarekin lotutako gaiak aztertzen ari gara, asko dagoelako egiteko. Frankismoak hildako ANVko militante guztien zerrenda ere ez dugu. Ehunka desagertuta daude. Eta memoria historikoaren alorrean lan egiten duten beste elkarteekin alderatuta, guk nahi dugu oroimen soziopolitikoa berreskuratu. Kultura laiko bateko parte gara, eta guretzat gorpu bat topatzeak balio dezake pertsona horren oroimen soziopolitikoa berreskuratzeko. Bestela, izugarrizko perbertsioak gertatzen dira. Esaterako: CNTkoa zen aitonaren gorpuzkinak aurkitzen dituzte Nafarroan, eta familiari eman ondoren, elizkizun katolikoa egiten diote. Guk ez dugu esaten familiak ez duela eskubiderik bere senidea nahi duen moduan agurtzeko, baina hor bereizi behar dira alderdi humanoa edo pertsonala eta alderdi soziopolitikoa. Gizon horren oroimen soziopolitikoaren gainean kare bizia bota zuten. Asmo onekin izugarrizko disparateak egiten dira. Anarkistak omentzea, adibidez, ikurrinarekin eta Agur jaunak abesten…

Zer dago ikertzeko alderdi horretatik? Adibidez, ez da askorik idatzi eskualde honetan izan ziren borrokez…

Hemen izan zen fronte bat, Oriotik Zegamaraino zihoana, eta hor ere borrokak izan ziren. Askotan ez da aipatzen, baina hildakoak izan ziren, tartean ANVkoak. Oso gutxi jakin da horretaz, baina badu bere arrazoia: PNV ez zegoen hor. CNT eta UGTko milizianoak zeuden, eta ANVkoak ere bai. Gero, Donostia erori zenean, fronte hori erori zen, eta erretiratzen hasi ziren. Pentsatzen dugu Aizarnan barrena erretiratuko zirela, Zestoatik eta baita Izarraitzetik ere.

Lanbidez basozaina, eta hogeita hamar urte daramazu Pagoetan lanean. Azken aldian haginaren garrantzia asko ari zarete nabarmentzen. Zer du hain garrantzitsua izateko?

Hagina erreferentzialtasun historiko oso handiko zuhaitza da. Ez bakarrik Euskal Herrian, baita Europa osoan ere. Oso zabalduta egon da, baina gero atzerapen handia izan du. Baldintza ekologikoak direla eta, hemen ondo mantendu da duela gutxira arte. Baina Erdi Arotik aurrera haginak triskantza handia izan zuen, armagintzarako erabiltzen zutelako, arku galestarra egiteko, eta hori armada britainiarraren oinarria zen. Ingelesek bukatu zuten Europako hagin populazioarekin.

Baina esan duzu hemen baldintza ekologiko egokiak izan direla haginarentzat. Mantendu egin da?

Aspaldi konturatu ginen hagin asko zegoela Pagoetan, eta garaian egiten zen politikaren kontra, mendiko ingeniariak erabaki zuen haginak eta gorostiak ez botatzea. Horrek ekarri zuen hagina zabaltzen joatea. Pagoeta Gipuzkoako Aldundiak babestutako eremua izanda, ulertzen da hori. Baina Aizarnan ere hagin asko dago, eta pentsatzen dut baldintza ekologikoen ondorioa dela hori. Nahikoa izan da zenbait hagin zahar mantentzea gero izugarrizko berreskuratzea izateko. Pagoeta-Aizarna-Gazumeko kontaketa egiten hasi ginenean, konturatu ginen penintsulako baso handienak ditugula. 15.000-16.000 hagin daude hemen, eta urte gutxitan bikoiztu egin daiteke, zaintzen hasi garenetik landare gazteen kopurua izugarri hazi delako. Ondo mantenduz gero, hogei-hogeita hamar urtetan Europako populazio handiena izan liteke.

Orain dela hogei bat urte ipuin liburu bat kaleratu zenuen, Abere madarikatuak (Susa). Idazteko zaletasuna izan duzu?

Idatzi asko idatzi izan dut. Baina bereziki saiakera. Iritzi artikuluak ere bai. Gaur egun idatziko nuke ANVren historia 1980tik hona. Bada liburu bat, 1930tik 1980ra bitarteko historia biltzen duena, ANV. El otro nacionalismo. Eta ondo legoke ondorengoa jasotzea. Naturaz ere gehiago idatziko nahiko nuke.

Mikel Lizarralde




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide