Paperekoa
[JARDUNIAN] Endoiako ganbaran sortutako doinuak Aitor Huergoren eskutik
— 2024-10-25
Bilbotarra naiz, ama Ondarroakoa. Askotan etortzen nintzen Ondarroara eta Mutrikun Itziarko jendea ezagutu ondoren aukera suertatu zen ona etortzekoa. Niri mendia asko gustatzen zitzaidan, Bilbon ere askotan lanetik irten eta Pagasarri eta Ganeko mendietara joaten nintzen. Baserria, ordea, ez da mendia, hori ere esan behar da, baina hautua egin genuen eta horrela etorri ginen Endoiara bizitzera, Beliosoro Goikoa baserrira.
Zestoako musika eskolako ikaslea zara, ezta?
Bai, 2019an hasi nintzen Agustinekin. Nik lehenago ere jotzen nuen, baina Agustinekin berrartu nuen gitarra. Orain Adrian Larrañagarekin perkusio saioak egiten nabil, berak ere diskoan parte hartzen du.
2022an lehenengo bakarkako diskoa Barruko Paisaiak argitaratu zenuen.
Bai, ahotsa eta gitarrarekin osatutako bederatzi abesti dauzka. Neure burua probatzeko eta topatzeko lan bat izan zen.
Ez dago spotyfien entzungai, zergatik?
Ez eta ez da egongo. Bitxia da eta jendeak galdetzen dit, egun ez baita ohikoa. Uste dut Streaming plataformek musika eta sorkuntza kudeatzeko daukaten era askotan ez datorrelako bat kultura edo sortzaile espiritu horrekin. Spotifyk erreprodukzio kopuru batzuengatik ordaintzen du. Gehiago sakondu daiteke baina… abestiaren lehen 30 segundoak baino lehenago beste abesti batera aldatzen bada, sistemak ez du kontabilizatzen. Orduan zer pasatzen da? edo zer eragin dauka horrek? 30 segundotan… Metalika ezagutzen baduzu, Enter Sandman kantaren sarrera esaterako ez da sartzen 30 segundo horietan. Sarrera, letra, estrofa, estrobiloa… sartu behar dituzu minutu erdi horretan entzulearen arreta lortu nahi baduzu. Horregatik ez dut Spotifyra igoko, ez nagoelako oso konforme eredu horrekin. Gainera, lan hori zerogarren kapitulua izan da niretzat. Entzun nahi duenak Bandcampen aurki dezake. Plataforma horretan askoz hobeto tratatzen dute musikaria.
Bigarren lana aurkeztu duzu aurten Ganbarako Doinuak. Zein berrikuntza ditu?
Niretzako disko hau jaiotza bat izan da. Bigarren lan honetan argi neukan gitarra eta ahotsaz gain, instrumentu gehiago sartu behar zirela. Horregatik, disko honetan biolontxeloa, klarinetea, perkusioa eta saxofoia ere agertzen dira, aurreko diskoko gitarra eta ahotsaz gain.
Zabaltze prozesuari dagokionez, beste ahalegin bat egin dut. Jende gehiagorengana iristea nahiko nuke. Agian Barruko Paisaiak gehiago zen niretzako. Hemen, baserrian, grabatuak dira biak. Soinu teknikaria nire txikitako laguna da eta mesede hori egin zidan, suerte handia daukat. Lehenengo diskoa bion arteko zerbait izan zen, froga bat. Bigarren prozesu honetan, ordea, pertsona gehiago murgildu dira.
Noiz izan zen diskoaren aurkezpena?
Grabaketa prozesuan ibili ginen kideen artean oso presente egon zen batek, bizitzako kontuak tarteko, ezin zuen proiektuan normaltasunez jarraitu. Etapa horri itxiera eman nahi izan geniola eta hortik etorri zen aurkezpena. Bilbon egin genuen, lagun artean, ekainaren 28an.
Nola izan da auto ekoizpenaren prozesua?
Pasa den ikasturtean, klarinetista, biolontxelista eta hirurok lankideak ginen. Ostiraletan, lana amaitu, baserrira etorri, bazkaldu eta gero ganbarara joaten ginen. Ez beti-beti, baina askotan. Bederatzi hilabeteetan erditze bat egon da, eta nik uste dut nire identitate musikala hemen topatu dudala.
Zuzendaritza partekatua izan du proiektuak, nahiz eta argi dudan proiektua nirea dela. Askotan zuzendaritzak zorrotzak izaten dira, hemen daukazu partitura eta hauxe jotzea nahi dut, horren atzean egiletza eskubideak egoten baitira. Hasieratik adostu nituen kolaboratzaileekin baldintzak. Errespetatu egiten ditut beraien formakuntza, dedikazioa eta denbora eta erabaki musikalak partekatuak izan dira etengabean.
Disko honetan inguratu nauen jendea benetan esanguratsua izan da. Ez musikari onak bakarrik, bihotzez esaten dut, zerbait zoragarria izan da. Zenbat barre eta zenbat maitasun egon den.
Zeri buruzko kantuak aurkituko ditugu zure disko berrian?
Ez da disko tematiko bat, baina badago hari bat. Bizipen eta egoera partikular batzuetatik kezka unibertsaletara eraman gaitzaketen gaiak dira. Benetako kantak dira, benetako egoeretan oinarritutakoak. Ez dute zertan izan behar niri gertatutako egoerak, baina bai nigan zerbait piztu dutenak. Adibidez, Bota duzu kanta, hain sinplea da, ondo txertatuko ote zen kezka nuen, baina orain asko gustatzen zaidan kanta da. Pertsona batek zerbait adierazi beharra zeukan, baina beldurra zuen, eta ez zuen adierazten. Nik ikusten nuen beharra zeukala, eta abestiaren bitartez, bota egin nuen. Nork ez du bizi halako egoera bat?
Beste kanta batzuk ingurumenari begira dira, edota bazterketa jaso eta geroko erresilientziari begirada, beste abesti batek, algoritmoak musika eta kulturaren esparruan duen eraginaren inguruan hausnartzen du.
Zein estilotako musika entzungo dugu zure azken lan honetan?
Folka. Zaila da galdera hori erantzutea, baina beno, etiketa bat jarri beharko banioke folka litzateke, ez Country, Folk subjektibo bat, freestyle edo, nik zer dakit!
Mendi artean, baserria… kokalekuak sortzera lagundu zaituela esango zenuke?
Kanta batzuk hementxe terraza honetan idatziak dira. Eta grabazio batzuk ere hemengoak dira, txorien kantak… Esango nuke baietz, baina ez ikuspegi bukolikotik. Pisu baten egonda, bizilagunak molesta ditzakezu eta hemen edozein momentutan egin dezaket musika.
Zer ikasi duzu denboraren poderioz?
Ez nuke prepotentea izan nahi. Musikari bezala asko daude ni baino gehiago dakitenek, askoz sentsibilitate gehiago dutenak, baina ni ez noa horretara, bizitzeko moduan eta konposizioa enfokatzeko moduan izan dut aldaketa. Lehen beste era batera idazten nituen kantak, orain konponketa edo “arregloak” egiten ikasi dut, ez jendeari gustatzeko, baizik eta niretzako erronka suposatzen dutelako; hartu ordenagailua, akordeak idatzi, melodia idatzi, partitura osatu… Orain dela bi urte ez nintzen horretarako gai.
Bide horretan oso garrantzitsua izan da inguruan izan dudan jendea, Agate Amilibia biolontxelista, Aitor Erkizia klarinetista, Josu Salegi Debako saxo-jolea, Adrian Larrañaga, Mikel Markez, Katalunian bizi den beste irakasle bat… Horrek konfiantza eman dit. Disko hau ez zen aurrera aterako beraiek gabe.
Jendearen iritziek laguntzen dizute?
Kanpoko begirada askotan behar dugu, Geometriak abestian, paperaren aurrean jarri nintzen eta “hau onek egiten duten bezala egingo dut” esan nion nire buruari. Paper baten aurrean, akordeak ondo idatzita, nire ustetan koadratuta… jarri nituen, baina jaso nuen feedbacka izan zen: “hau ez dago ondo”. Erritmo desberdinak nahasten ziren, abesti irregularra zen, eta horrek ez zeukan lekurik.
Kataluniako irakasleak eta Berako lagun pare batek, ordea, ikuspuntua alda arazi zidaten. Irregularra izateak ez du esan nahi ezin denik polita izan.
20 urte nituenean gitarra ikaskuntzan erdi mailako gradua egiten saiatu nintzen, baina berandu hasi nintzen. Eta ateak itxi zitzaizkidan, “ez duzu balio, zu baina hobeak badira” esan zidaten. Ez nuen lortu kontserbatoriora joatea eta geroztik hainbat musika eskolatatik pasa naiz.
Zein izan dira zure erreferenteak?
Asko markatu nauen musikaria Silvio Rodrigez izan da eta Mikel Markezen eragina ere esango nuke egon daitekeela nire musika lanean. Orain bere ikaslea naiz, baino lehenago sortutako kanta batzuetan jada badago bere influentzia. Kontziente izan behar dugu guztiok ditugula erreferentziak, eta konturatu gabe, eragina dutela gugan.
Hurrengo kontzertuak non eta noiz izango dira?
Ba kontzertu bila gabiltza, hau ez da txosnako musika, edo musika parranderoa, beraz kontzertuak emateko baldintza zehatz batzuk behar ditugu. Behin baino gehiagotan tokatu zaigu taberna batean hasi jotzen eta kristoren zarata, eta gitarra elektrikoarekin ba ondo, baina gurea formatu intimista da, lasaia, eta konplikatu egiten da.
Programatzaile edo tabernariek ere jendea erakarri nahi dute. Helburua kultura, euskal musika edo dena delakoa bultzatzea duten lekuetatik deitzen naute ni.
Udarako etenaren ondoren, orain hasiko gara kontzertuak zehazten. Urriaren 5ean, Bilbon izango gara, Via de Fuga tabernan. Inork proposamenik badu nirekin harremanetan jar dadila.
Ohiana Calparsoro
Egin zaitez bazkide