Albisteak

[JARDUNIAN] Felix Lasa: Amonak “gaur ez duzue ondo entseatu” eta horrelakoak esaten zizkigun

Leize musika taldeak 40 urte bete ditu, eta urteurren borobila ospatzeko kontzertuak eskaintzen ari dira han eta hemen. Zestoara ere iritsiko da Iraetan jaiotako taldea, eta Maniturekin batera kontzertua eskainiko dute datorren larunbatean, hilak 26, plazan. Iluntzeko 22:30ean izango da hitzordua, doan.

Amonak “gaur ez duzue ondo entseatu” eta horrelakoak esaten zizkigun

Leize taldeak bere lehenengo kontzertua Iraetako santainesetan eman zuela 40 urte beteko dira aurten, eta horren harira, abuztuaren 26an, kontzertua eskainiko dute herrian, bertan. Felix Lasa (Iraeta, 1964) taldeko sortzaile eta abeslariarekin egon gara. Zerbait berezia antolatu nahi du eta ezustekoak izango direla aurreratu digu. Berrogei urte baino gehiago daramatza musikari lotuta eta garbi du hasieratik ikusi zuela berea ez zela instrumentuak dominatzea. “Segituan ikusi nuen, nirea abestiak egitea da eta ahotsa sartzeak. Abestiak behar duena jotzen dut”.

Nola hasi zinen musika kontuetan?

Hasiera batean Zestoan ikasi nuen gitarra jotzen, egunero Mobyllette batean joaten nintzen Azpeititik etortzen zen Peña izeneko batekin ikastera. Lau akorde jotzen ikasteko, ez zen akademia. Leizerekin hasi aurretik, orain hain modan dauden duo horietakoa osatu nuen Patxi Carrascorekin. Contra viento y marea izena zuen, eta Iraetako festetan frontoian jo genuen 1980 edo 81ean. Eganekin batera jotzen genuen han eta hemen, orain Zarautzen Xabier Saldias ikusten dudanean hor ibiltzen gara barrez hitz egiten. Egan, Akelarre, Nekez… horiek afaltzera joateko etena egiten zutenean, tarte horietan guk jotzen genuen. Iraetan lehen aldiz jo genuenean, Contra viento y marea izenarekin, lehen kantua, Contra viento y marea izan zen, eta hau galanta da, garai horretan Zestoako kiroldegia ireki zela ez zen denbora asko, han egiten ziren areto futbol partidu horietako batean, Arroagoiko Kandidok eman zidan golpe batekin eskumuturra puskatu zidan kontzertua baino hamar egun lehenago. Carrascok bizkarreko lesio bat zuen eta zuzen egoteko burdinekin bera eta ni eskumuturra puskatuta, eta Contra viento y marea jotzen…

Nola pasa zineten Leize izatera?

Potxolo eta kiroldegi artean, lehen, lokal zahar batzuk zeuden, eta bertan Toto Waliñok lokala zuen. Contra viento y marearekin pare bat urtean ibili ginen jaialdiz jaialdi, baina guk zarata behar genuen, rock-and-rolla. Argindarrik ez zuen lokal horretan hasi ginen. Waliñok bateria zuen gustuko, gero kontatuko dut bateriarena, eta guk gitarra espainolarekin. Baxua behar genuen eta Zarautzen Lasalletarretan nirekin ibilitako Toño Rodriguez ezagutzen nuen. Berez gitarrista zen, baina berarekin hitz egin, entseguekin hasi eta funtzionatzen zuela ikusi genuen. Elektrikoarekin hasi behar genuenean, baserrira pasa ginen. Ni Iraetako Otzaka baserrikoa naiz, orain erorita dago, zubi ondoan. Behean entseguak egiten genituen, eta goian bizi nintzen. Garai horretan guztia euskaraz egiten genuen, iraetarra izanik, ez da zaila. Gogoratzen dut tarteka nola amonak esaten zizkidan “gaur ez duzue ondo entseatu” eta horrelakoak [karkar]. Hasiera haietan beheko zati batean entseguak egiten genituen eta bestean zerriak, oiloak… zeuden.

Baina 80ko hamarkadan Iraetan normala zen…

Baina zoragarria zen. Larunbat arratsaldetan, denbora horretan Anestesia, RIP, Eskorbutoren garaia zen, eta Iretara etortzen ziren eta iraetarrentzat errealaren partidu bat ikustea baino hobea zen haiei begira egotea. Eliza atarian esertzen ziren eta hor pasatzen ziren batzuk krestarekin, besteak kateekin… Guk gainera izozkailu beltz bat edukitzen genuen beti zerbezaz betea, eta hor etortzen ziren denak. Garai horretako oroitzapenak izugarriak dira. Hasiera zen, orain baino gogo gehiago seguru ez genuela, baina beste indar bat bai, pila bat jotzen genuen, Euskal Herrian kristoren mugimendua zegoen, guztia egiteko zegoen, diktadura batetik irtenda geunden, lapikoa irakiten zegoen. Bilbora ere joaten ginen, gaztetxeko mugimendua ere orduan hasita zegoen. Garai horretan asko jotzen genuen.

Entseguak baserrian eginda, etxekoak ez zeudela aurka imajinatzen dut…

Ez, ez, gainera nire ama jatorriz Itziarkoa da, trikitilari bat bazen han eta nire aitak, gainera, alboka jotzen zuen. 18 urte bete nituenean amak aukeran jarri zidan, gidabaimena ateratzea edo gitarra ikastea, eta nik gitarra aukeratu nuen Iraetan bizita. Bada gogoa.

Lehen kontzertu hura 83ko santainesetan izan zen orduan?

Bai, orduan guztia santainesetan izaten zen. Kristoren festak antolatzen ziren, autoak Arroagoraino egoten ziren. Inguruko festak bezala ziren, urtarrilean izaten dira, ez udaran, eta beste inon ez da ezer izaten, inguruko guztiak etortzen ziren. Inguru guztiak gainezka egoten ziren. Frontoia, eliza, kaleak… han ateratzen genuen diruarekin ordainduta daude. Taberna jartzen genuen eta dirutza ateratzen zen.

Gaur egun instrumentuak lortzeko aukera ugari daude, baina nola egiten zenuten garai hartan instrumentuak lortzeko?

Aurrezten, eta gure amak eta egiten zuten esfortzua guk hori egin ahal izateko, buff! Nik oraindik hemen daukat amari esker erosi nuen lehen gitarra. Donostiako Easo kaleko denda batean ikusi nuen, baina nahiko diru ez erosteko… Askotan joaten nintzen dendara gitarra probatzera. Bertakoak esango zuen “hemen da berriz pelma hau”. 200.000 pezeta edo balio zituen, niretzat ikaragarri zen, eta egun batean dendakoak deitu zidan esanez bertan zegoela Celtas Cortosekoa, gitarra erostea nahi zuela eta ea nik zer egin behar nuen galdezka. “Ez mugitu hortik” esan nion eta oraindik ez dakit nola, baina ziztu bizian joan eta ordaindu nuen gitarra. Hor daukat oraindik gitarra hori.

Lehen kontzertu haietatik lehen diskora nola iritsi zineten?

Kontzertuak ematen hasi ginen eta maketa grabatu behar genuela pentsatu genuen. Donostian “Tsunami” izeneko estudioan grabatu genuen, euskaraz. Horrek Madrileko diskoetxe batekin singlea grabatzeko aukera eman zigun, baina erdaraz egin behar genuela esan ziguten. Ezustean izugarrizko arrakasta izan zuen. Gero lehen diskoa, Devorando las calles grabatzeko atea ireki zitzaigun. Horrek ere izugarrizko arrakasta. Inork ez zuen estilo horrelako kanturik egiten. Eta orduan, dena utzi eta Madrilera bizitzea joan behar genuela esan ziguten. Baina guk “ezetz, ezta pentsatu ere!” Gu baserritarrak gara eta orduan Madrilera joatea ez zen orain bezalakoa. Azkenean, hiru disko grabatzeko akordioa sinatu genuen, eta gure bidea jarraitu genuen, hemen.

1997an geldialdia egin ondoren, nola erabaki zenuten 2006an itzultzea?

Bederatzi urte egon zen taldea geldi. Jendeak deitzen zidan kantu batean ahotsa sartzeko edo koruak egiten laguntzeko, kantuak egiten… saltsan egon naiz beti.

2006an, zortez taldekide guztiok umeak nahiko batera izan ditugunez, parkean Toño Rodriguez ikusten nuen, eta “igandeetan entsegu batzuk egiteko elkartzen hasi behar dugu…” esaten zidan. Egun batean, etorri eta nirekin hitz egin behar zuela esan zidan. Parkean banku batean eseri eta denbora pasa bada ere berriz elkartu beharko genukeela erabaki genuen. Hitz egiten bukatuta, emaztearengana joan nintzenean, berak zuzenean esan zidan: “itzuli egin behar duzue”. Aurpegian antzeman zidan. Ez nuen asko behar.

Bederatzi urteren ondoren taldea osatzea konplikatua izan zen?

2006an hasierako partaide gehienak elkartzen saiatu behar genuela erabaki genuen, baina egoera pertsonalak aldatuta zeuden; batek umeak, bestea kanpoan bizi zen… Bateria jolea behar genuen eta orduan komodinaren deia erabili genuen: David Gorospe. Igandetako entseguak berarekin hasi genituen eta 2007an “Sólo para ti” disko berria grabatu genuen elkarrekin.

Lehen ahaztu egin zait bateriaren istorioa kontatzea: Guk izan genuen lehen bateria joleak, Waliñok, elizan edo zentroan edo zine goian, ez dakit garbi non, traste zaharren artean bateria zahar bat topatu zuen. Utzita zegoela ematen zuen. Hartu eta beltzez pintatu zuen. Handik urte mordoxka pasa zenean, Gorospe gurekin hasi zenean, argazki zaharrak ikusten ari ginen behin eta “hau nire bateria zaharra da-eta, harrapatu zidaten bateria!”, esan zuen. “Totorekin hitz egin” esan nion [karkar].

Bukatzen joateko, zer suposatzen du zuentzat abuztuaren 26an herrian emango duzuen kontzertuak?

Udalekoekin hitz egin nuen, berrogei urte zirela eta datorren urtean jo genezakeela, baina berezkoa aurten Zestoan jotzea izango zela. Zer behar genuen, musika ekipoak… eta horrela hitz egiten ari ginela, Zestoako beste batzuk, gazte batzuk edo, gurekin jotzea egokia iruditu zitzaigun. Eta hala, Manituri proposatzea bururatu zitzaigun.

Kontzertua ikustera joaten denak zer topatuko du? Kantu zaharrak? Berriak?

Gaur egun guretzat kantu zerrenda egitea oso konplikatua da. Guk normalean 26 kantu inguru jotzen ditugu, baina Zestoan 20 inguru izango dira. Agian tartean zerbait berezia egingo dugu, edo taldeko norbait behera jaitsiko da edo…

Kontzertu horretarako kontatu daitekeen zerbait berezia antolatzen ari zarete?

Zerbait egingo dugu. Ezin dut kontatu, baina dei baten erantzunaren zain nago. Batek erantzun dit eta hori etorriko balitz eliza eroriko litzateke, baina atzerrian grabatzen ari da eta zaila izango da. Beste batekin ere ari naiz tratuan… oraindik ez dit erantzun. Aurrera dezaket Euskal Herrian ezaguna dela.

Urko Canseco

 

 

 

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide