Albisteak

[JARDUNIAN] Gorka Erostarbe: «Trikitiaren historiako handietako bat da Egañazpi»

Egañazpi: sena eta irekitasuna

Egañazpi. Ezink esan polita ez dela… liburua kalean da. Joxe Mari Urbieta Lizaso (Aizarna, 1920) panderojolearen biografia ondu du Gorka Erostarbe kazetari beterano gazteak. Kultura arloan aritu izan da ia beti Erostarbe, musikan nagusiki. Gaur egun BADOK atariko arduraduna da. Egañazpiren jaioterrian bildu da egilea danbolinekin.

Bazuen Egañazpik beste trikitixa kantari guztiengatik bereizten zuen kantu molde bat: mantsoagoa, malenkoniatsuagoa, intimoagoa… eta horrek limurtu zituen milaka euskaldun-jende, tartean Juan Carlos Perez bera. Itoiz taldeko frontman izandakoak, bakarkako ibilbideari ekin zionean ateratako lehen diskoan, Iluntzear Dihoanean kantan, hala dio:

ez zik esan polita ez dela Egañazpi kantatzen
Sakabiren ‘Larriñaga-Guerrini’arekin
eta gero atseden bat hartzen duenean”…

Giro epelak bildu gaitu astegun buruzuri bateko goizean, Aizarnan. Elkarrekin egin dugu handik Santa Engraziko bentarainokoa. Berriketaldiaren lehen zatia han egin dugu, Egañazpiren garaiko erromeria giroa irudikatuz. Gero panderojole eta kantari handiaren jaiotetxera jaitsi gara: Egañazpira. Eta, han, baserri bikain horren atarian, aulki banatan jarrita, eta eguzkiak musua berotzen digula egin dugu berriketaldia. Haize izpiek mendi usaina dakarte eta, isiltzen garenean, udaberritutako neguan geraezin dabiltzan basatxoritxoen txorrotxioa ere bai.

Road-trip bat duk liburuaren hasiera. Jaioterritik, Zumarragatik, Azkoitirako bidea eginaz hasten duk kontakizuna, han bizi baita Juan Carlos Perez eta hari galdetu nahi hioan: ‘Zergatik Egañazpi?’ Zer erantzun zian?

90eko hamarkadaren erdi aldera entzun nian nik Juan Carlos Perezen kanta hori lehendabiziko aldiz, eta ez nekian nor zen Egañazpi hori… Eta, bai, Juan Carlosengana joan ninduan galdezka 30 urte geroago, Egañazpiren gainean peskizan hasteko. Eta hark esan zidaan trikitiari aparteko arretarik ez ziola jarri gaztetan, musikazale amorratua izan arren. Baina, herriko festetan-eta, Egañazpiren ahotsa entzutean beti sentitzen zuela hunkidura bat. Trikitia erritmo biziekin, goiko tonuekin, jai-giroarekin lotzen zuela, eta Egañazpirena diferentea zela; tempo geldoago batean abesteko joera, sentimenduekiko gertutasun bat, goxotasun bat… ordura arte trikitilarien artean entzun gabekoa. Eta, jakina, horregatik aipatu zian Atlantic River bere diskoan.

Nor izan zen Egañazpi?

Trikitiaren historiako klasiko handietako bat. Santa Engrazipean sortutako gizon apal eta alai bat. Musikari autodidakta. Gizondu zenean Sakabirekin Euskal Herriko musikaren bikote ezagunena osatu zuena; bi ikono, disko grabatzen ere aitzindari izan zirenak. Sakabi plazatik aldendu eta gero ere Egañazpik jarraitu egin zian. Mende erdi barrena trikitian, Euskal Herriko plazak korrituz, hasierako hamarkadak beti Sakabirekin, gero beste lagun mordo batekin; gerraoste gorritik, 70eko txapelketen arora. Beti bere lekuan, berdin mendi giroko erromerian nahiz Donostiako Trinitate plazako oholtzan, epai-mahaiaren aurrean. Beti egoki panderoaz, eta beti barrenetik kantuan.

Ahotsa zen Egañazpiren bereizgarria, ala?

Erabat, denek esaten ditek hori. Zenbait grabaziotan duoa ere egiten zioan bere buruari. Bazian ohiko trikitia kantariengatik bereizten zuen kantu molde bat, baxuagoa, barrenekoagoa… horrek sentiberatasuna transmititzen zion entzuleari. Eta horretaz gain bere musikaltasuna adierazteko beste berezko joera batzuk ere bazitian. Edozein aire entzun ahala tarareoan hasten zuan, adibidez. Eta, bestea, mikrofonoarena: beren garaian hasi ziren erabiltzen mikrofonoak, eta, Egañazpik ezin eutsi-eta, mikrofonoaren oinarria tak-tak zapaltzen zian, perkusio propioa sortuz. Berezkoa zian hori dena, horregatik pena zian musika ez ikasi izana; esan izan zian, aukera izatera, gustura ikasiko zukeela solfeoa, eta saxofoia edo bateria jotzen.

Duela ia 20 urte danbolinen Olaia Salegi bilobari kontatu zioan nola hasi zen, hamar urte koxkorrekin, Ilurdain baserriko panderojoleak imitatuz: “haien imintzioak egiten aritzen ginen, txapazko erretilu zahar batzuk etxetik hartu eta ermami guztiak eten arte, tripiti, tripiti, tripiti…”. Eta gero, noski, Santa Engraziko erromeria izan zuan inportantea harentzat…

Musika eta trikitia bidegurutzez jositako molde bat duk eta zoriak ere pisu handia dik horretan. Egañazpik jaiotetxetik bertatik bertara zeukaan Santa Engraziko bentako erromeria. Han ezagutu zian Sakabik. Eta elkarri hitza eman ziotean biak ibiliko zirela batera, beti elkarrekin. Gerrak beren asmoa eten arren, zazpi urteren ostean -gerrako ibilerei soldaduskakoak erantsi behar izan zizkiotelako-, ekin zioten berriz ere. Eta, orduan bai, orduan hasita arrasto sakona utzi zitean. Landakandak esan zidaan Aiako herrian, eta inguruetan, bikote hori Beatles-en parekoa zela. Landakandaren ahotik Beatles entzunda harritu egin ninduan, baina bikotearen dimentsioari neurria hartzen lagundu zidaan. Sarritan iruditu izan zaidak, neugandik hasita, trikiti-giroa lotu izan dugula, erabat, zerbait zaharkituarekin, are zerbait itxi samarra izatearekin. Eta liburu honen lanketak balio izan zidak berresteko lehendik banian susmoa: trikitia justu kontrakoa dela, irekitasuna izan duela beti kanpokoarekiko. Trikitia, sorreratik bertatik, zerbait izan bada izan da musika modu mestizo bat, irekia kanpotik zetozen eraginetara. Eta, beren garaiko ajeekin, noski, baina Sakabi eta Egañazpik ere bazitean jaidura hori, kanpokoarekiko. Ez zitean etsitzen arin-arin, fandango, porrusalda eta trikitiarekin huts-hutsik; jotzen zitiztean pasodobleak, fox-ak, baita garaiko musika poperoak ere… eta diskoa ateratzen ere aurrenekotakoak izan ziren, Ez Dok Amairukoek baino lehentxeago.

Nolako gizona zen Egañazpi?

Gizon lasaia eta umoretsua, horretan ere denak bat datoz.

Zein izan duk lanik zailena liburu hau idaztean?

Informazio bilaketa. Idatziz, behintzat, oso urri dagoelako… Egañazpik pare bat elkarrizketa eman zizkioan ARGIAri, azken entrebista, berriz, aipatutako danbolinekoa. Eta horietaz gain, laugarren bat zagok; Iñigo Aranbarrik egin ziona; Azkoitiko idazlea Sakabiren biografia idazteko lanetan ari zenean joan zuan Egañazpirengana. Nik dakidala ez zagok besterik. Horregatik neure buruari lizentzia eman zioat biografia-lan estandarretik ateratzeko, gaur egunera pixka bat ekartzeko, erreportaje-kronika eran idatziz. Horregatik ez diat erabat ezabatu neure burua kontakizunetik. Narratzailea hor egoteak kronika tonua indartzen dik. Eta erakusten dik ezjakintasunetik abiatuta egin dudan bidaia, Egañazpi ondo ezagutu duten pertsonak elkarrizketatuz.

Eta hori eginaz, bide batez, bestela seguru samar itzalean geratuko liratekeen albo-istorio sorta bat erreskatatu duk.

Hori duk. Eta uste diat kontakizuna aberastu egiten dutela horiek, trikitiaren alderdi asko bistaratzen direlako. Zumarragako trikitiarekin hasieran izan zuten lehia; Sakabi eta Egañazpi menditarrak ziren gehiago eta zumarragarrak kaletarrak… pentsa: hasieran erdaraz abesten zuten Zumarragan: No te cases con la Lutxi / porque tiene diru gutxi / Cásate con la Maria / porque vende lotería

Aizarnarra Egañazpi, Lasturkoa Sakabi, baina Zumarraga ere, heure sorlekua, baduk trikitilari habia… heuk zer harreman izan duk trikitiarekin?

Umetan asko entzun nian, aitaren bitartez batez ere. Baserritarra, pilotaria, eta erromeria-zalea da gure aita. Arrebak Egañazpiren iloba Martinekin ikasi zuen soinu-jotzen, txapelketa giroan-eta ibiltzen ginen denok…

eta betekada izan zuan hiretzat…

Bai. Nerabezaroan mundu horretatik libratu nahi-bat erne zitzaidaan. Eta orduan hasi ninduan beste musika mota batzuk entzuten, gaztetxean-eta. Eta aldendu egin ninduan erabat. Gerora, ordea, konturatu nauk umetan trikiti hori dena izan ez balitz ez nukeela, seguru asko, beste musika horietara denetara bidea egingo. Hori dago nire musikazaletasunaren oinarrian.

Beraz, ibilian-ibilian, etxera itzulera moduko bat egin duk, ezta?

Bai, uste diat esan daitekeela horrelako zerbait. Eta Egañazpiren gaineko liburua itzulera horretan errematea duk, zirkulua ixtearen moduko zeozer. Nostalgiak fama txarra dik iraganeko kontuak aztertzerakoan, baina nik uste diat nostalgiak lagundu dezakeela garai bateko giroak ulertzen, baita minak ulertzen ere… Eta nostalgia punttu bat ere bazagok nire liburuan. Ez dagoena duk idealizazioa.

Zer galdetuko hiokek Egañazpiri, aurrean izango bahu?

(Pentsakor geratu da) Uste diat galdera bat egin beharko banio, zera galdetuko niokeela: Trikitiak zer eman dizu zuri, Egañazpi? Garai latzak bizi izan zituelako: gerra ezagutu zian, gero frankismoaren urterik latzenak. Etxean lana, baserrian lana, tailerrean lana, seme-alabak… eta herriz herriko ibilia. Gogorra! Liburuan ateratzen da, adibidez, seme baten mina, aita gutxi ikustearena. Nola leihoan egoten ziren zain-zain, txakurraren zaunkek aitaren etorrera noiz salatuko, Lambretta motorraren hotsa noiz entzungo.

Euskal herriko Trikitixa elkarteak argitaratutako 20. biografia lana da EGAÑAZPI, ezink esan polita ez dela… izeneko hau. Euskal letren eta kazetaritzaren munduan itzal handiko pertsonek idatzitako lanak denak. Besteak beste argitaratu dira Elgeta, Sakabi, Primi eta Maurizia, Laja, Landakanda… horien denen gaineko biografiak. Txalogarria da trikitia prestigiatu eta ezagutarazteko lan hori. Izan ere, liburua leitzean, gogoan trabatuta geratu zaizkidak esaldi hauek: “Abandonatutako” generoa da hau, edo behar bezala ez ezagutua. Juan Luis Zabala idazle eta kazetariak behin idatzi zuena datorkit gogora: «Trikitixa kultura ofizialak folklorizatu egin du, eta kultura alternatiboak baztertu edo gutxietsi»“.

Bai, Juan Luisi, laguna baitiat, esaldi horrena aipatu izan zioat eta ez duk gogoratzen hori idatzi izana, baina neuri iltzatuta geratu zitzaidaan. Neuk ere banuelako trikitiarekiko ezin kokatu bat. Erabat bat egiten diat Zabalak esandakoarekin. Kultura ofizialak, esan dezagun, oso une jakinetan bakarrik programatu izan dik trikitia, oso eremu murritza utzi ziok. Eta, bestetik, kultura alternatiboak zokoratu egin izan dik, aurrejuzguen pisuagatik, zerbait zaharkitua eta, esklusiban, baserrikoa balitz bezala.

Zein izan duk hiretzat libururako egindako ikerketak eman dian ezustekorik handiena?

Egañazpiren irekitasuna; harena eta Sakabirena, beren garaian Europan boladan zeuden joerak onartu eta berenganatzeko. Gigliola Cinquetti kantari italiarrak San Remoko jaialdian aurkeztutako La domenica andando allà messa bertsionatu zitean. Eta San Bernardino izeneko abesti ingeles bat ere bai. 90eko hamarkadako triki-popak eragindako olatua aipatu ohi da sarritan, baina hauek ere ekarri zitean modernizazio bat; 30 urte lehenago!

Egañazpiren zein kanta duk, heuretzat, kuttuna?

Fox-a. Martin ilobak eta biek sortu zitean. Estatu Batuetan garatutako musika molde bat gureratu zitean; hara hor, berriz ere, irekidura. Pieza hori bakana duk. Seguru asko bere bizitzan grabatu zuen azkena duk, gainera, eta Egañazpiren esentzia zagok hor. Martinek kontatzen dik liburuan: “Elkar estudiora joan ginen eta erraz egin genituen saioak… FOX piezan osaba soltatu egin zen, ohiko zuen moduan, eta ahapekako kantuan hasi zen, nola ez. Eta zein eder. Hor geratu da hori grabatuta betiko!”

Jon Artano




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide