Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Koordinatzaile lanetan 24 urte egin ondoren, ale honen bukaerarako utzi egingo du lana Jone Bergarak. Danbolin eta garai bateko oroitzapenak ekarri ditugu gogora lerro hauetan, bai, baina hori baino askoz zabalagoa da Joneren mundua, eta saiatu gara
beste makina bat gauza ere aletzen. Altzari zaharrak eta maritrastera izaera, zeramika, pintura, hezkuntza, historiaurreko teknologia, eta, bukaeran, uztaoak eta sasiak garbitzeko makinak.
Has gaitezen Danbolinen hasi aurreko testuingurutik. Arte Ederrak ikasi zenituen, ezta?
Arte Ederrak egiten hasi nintzen, bai, eta karrera harekin gustura geratu nintzen. Ez nuen ikasi, ordea, “artista” izateko; arte aldetik baino gehiago artisautza aldetik: zeramikan hartu nuen gozatu handia, egurrezko ez dakit zer egiten ere bai… Gero zaharberritzea ikasi nuen. Ibili nintzen Zarautzen ere [Arte Zaleak] altzariak zaharberritzen. Gauzei bigarren aukera bat ematea gustatzen zait niri.
Karrera bukatuta, Lanbide Heziketan emakumeei zuzendutako egurrari buruzko ikastaro bat egin nuen, eta horrek makinei, zerrei eta horrelakoei, beldurra kentzeko balio izan zidan. Beti esaten diot neure buruari nahiko nukeela kapazitatea edukitzea altzariak sortzeko eta horrelakoetarako, baina arte espresio hori baino gehiago artisau eta eskulan kontuak gustatu izan zaizkit. Izan naiz maritrastera –hortik zuk ere badaukazu pixka bat–: honek emango luke ez dakit zer egiteko; eta edukiko banu lekua, pabiloi handi bat, zera ere gordeko nuke…
Arte plastikoetan ere ibilia zara, esate baterako festetako programak-eta egin zenituen…
Nik karrera garaian ordenagailua pizten ere ez nekien. Beste batzuk bazeukaten, baina gure etxean ez zegoen ordenagailurik. Karrera bukatu eta gero, Azpeitian egin nuen ikastaro bat: Photoshop, Corel… Festetako programarako azal haiek-eta (1996…) eskuz egin nituen. Gero ikastaroa egin nuenean, orduan bai, aurkeztu nituen [ordenagailuz egindako] kartelak, esaterako, Azpeitiko Antzerki Topaketarako. Saria lortu nuen gainera (hori ez jartzeko modukoa da, lotsa eta dena ematen dit). Baina kontua zer zen? Bada, ordura arte denak eskuz egindakoak ziren, sartzen zenion photoshopen filtro kaskar bat eta kartelak ematen zuen bazela zerbait.
Zure ibilbideak hezkuntzarekin ere izan du lotura: ama zara, urte askotan ibili zinen udalekuetako monitore, Danbolinen hasi eta gero irakasle ere izan zinen…
Karrera bukatu nuenean, nirekin ibili zen batek CAPa [Pedagogia Gaitasuneko Ziurtagiria] ateratzea nahi zuen Iruñean. Nik ez nekien ia-ia zer zen ere, baina hark atera egin nahi zuen, bakarrik zegoen eta ni animatu ninduen. Hala atera genuen asteburuetan CAP hori. Ordurako Danbolinen hasita nengoen, baina lau ordura, eta lau orduk ematen zuten ematen zutena. Gero, aukera sortu zitzaidan Zumaiako Maria eta Josen irakasteko. Han Ibon Ibargurenek egiten zuen lan, eta haren bitartez jakin nuen marrazketa ematen zuenak baja hartu zuela, eta hala sartu nintzen ordezkapena egitera; eta hantxe egin nuen denboraldi bat.
Eta nola hasi zinen Danbolineko koordinatzaile lanetan?
Karrera bukatutakoan, Servihostelen hasi nintzen lanean, Arroan. Han handizkako salmenta egiten zen, enpresetako jangelak, erresidentziak… eta han ibiltzen ginen pinganillo batekin “Servihostel dígame, le atiende Jone…” eta eskaerak hartzen genituen. Akordatzen naiz, gainera, denak erdaldunak zirela eta orduan euskaldunek “Jonerekin mesedez…” eskatzen zutela. Ni kotxerik gabe nengoen artean, eta Nagore Telleriak, nire kuadrillakoak, eramaten ninduen autopistako biribilgunera lanera zihoanean. Eta haietako batean komentatu zidan nola Danbolin zegoen, eta ordura arte Jon Artanok hartu zuela koordinatzaile lana edo ardura, baina geroz eta lan gehiago zela, eta gertatu zitzaiela hilabete bukaerara ailegatu eta aldizkaria ez egotea inprentara eramateko prest… Hain zuzen ere, 2001eko apirilean eta maiatzean, bi hilabetean, ale bakarra atera zen, eta orduan ikusiko zuten hor norbait jarri beharra zegoela, ordainduta-edo, dena borondatez ezin zelako egin. Batek soldatapean egin behar zuela lan eta besteak boluntario, eta Nagorek lan horretan hastea proposatu zidan. Izena eman nuen eta beste batzuk ere aurkeztu ziren. Lau ordura hasi nintzen lanean, nahiko egoera prekarioan, eta hala egon nintzen denboraldi luze bat. Hasi nintzenean –beti esaten dut hau– ordenagailu Mackintosh zahar bat neukan eta paella egunean jartzen diren moduko taula bat bi astorekin.
Baietz esateko zer ikusi zenion zeure buruari? Danbolin ez zenuen ezagutu ere egingo…
Apenas. Akordatzen naiz [Nagoreri] esan niola “baina nik idazten eta…” baina hark esaten zidan ez zela hori helburua. Helburua –eta hala da, nik horrenbeste lan ez dut egin idazten– batekin eta bestearekin saltsa sortzea zela, berak ere lagunduko zidala, talde ona zegoela. Proba egitea erabaki nuen, eta hala hasi nintzen. Berehala pentsatuko nuen hogeitaka urte egingo nituenik!
Akordatzen naiz Mackintosh harekin, urdina eta arrautza formakoa. Argazki kamerak ez ziren digitalak; argazkiak ateratzen genituen, errebelatzera bidaltzen ziren, gero ailegatzen ziren ailegatzen ziren bezalakoak eta esaten genuen “mekaguen la mar” eta “orain hauekin zer egin behar dit”. Aurreneko aldiz digitalarekin Gure Txokoa soziedade zaharrera, gora, bertso-afari batera joan nintzen, eta jendeak bertsolariei kasu egiteari laga eta denak Danbolineko kamera hari begira; kamera metalezko pisutsu-pisutsu bat zen eta pantaila hura ikustea zen… kristorena! Orduantxe, gero ez baikara inoiz harro ibili daukagun materialarekin, baina orduan bazen, ostras, zeozer bageneukan.
Hasiera hartan zerk eman zizun atentzioa?
Ez daukat oroitzapen askorik. Daukadan oroitzapena da hegan pasa zaidala. Ia 2015a arte-edo, webgunea martxan jarri zen arte, 15 urtean egon nintzen neu bakar-bakarrik. Kolaboratzaileekin, jakina, baina egunerokotasunean bakarrik. Orain sinestezina iruditzen zait hori. Gero webguneaa jarri zen martxan, eta Oier [Arregi] hasi zen.
Oroitzapena daukat kristoren indarra zegoela, kristoren gogoa, orduan erraza zela dena. Webgunea ez zegoen, eta papera askoz errazagoa zen, askoz lan gutxiago zen lehen. Orain webguneak lan asko ematen du eta di-da egin beharrekoa da. Gero Aristi
[Eneko] zegoen [maketatzaile] eta Aristi karreratik-eta laguna nuen… Migel [Santamaria] ere bai; lagun giro ederra geneukan. Oroitzapen hori badaukat. Maketatzailea gau-txoria zen eta hura bakarrik ez lagatzeko han egoten ginen gaueko ordu batak edo ordu biak arte konpainia egiten.
Gogoan dut baita ere Aristik nola eramaten zuen igandean bukatutako maketa astelehenean inprentara, CD batean. Gaur egun e-mailez bidaltzen dira. ZIPak [biltegiratzeko gailu bereziak], disketeekin aurrera eta atzera jendea, Interneta ez zen erabiltzen… Orduan jendeak lanak disketeetan ekartzen zituen. Amona bat ematen dut gauza horiek kontatzen [barre algaraka]. Halaxe da eta!
Danbolineko ibilbide guztian zerk poztu zaitu, zerk gogogabetu?
Poztu nauena da, eta ez da nire meritua, badagoela ni sartu nintzenean hor zegoen jendea eta hor segitzen duena hogeitaka urtean. Kapaz izan garela militantziarik ez omen dagoen garaiotan, eta dena hilda dagoela ematen duen garaiotan, gazteek segitzen ez duten garaiotan hor jarraitzen. Eta asko dira e! Jende piloa dago hor eta hori zerbaiten seinale da. Eta ez horiek bakarrik, zeren horiek, nire moduan, jada edade batetik aurrerakoak dira, baina gaitasuna eduki dugu jende gaztea erakartzeko; ikusten ditudanean, Peru, Oihane eta beste batzuk esaten duzu… ez dakit… badago jende gaztea ere, ezta?
Gogogabetu ez da hitz egokiena, baina zuk badakizu noiz pasa genuen gaizki. Hitza sortu zenean [2004 ingurua] guk gure ahalegina egin genuen Hitza sortzeko, ordu asko dedikatu genizkion eta bilera asko eta ahalegin handia egin genuen eta oso ados geunden harekin. Baina UKT sortu zenean [Urolako Komunikazio Taldea, besteak beste GUKA argitaratzen duena] beste zalantza batzuk sortu zitzaizkigun. Orduan tentsio bolada bat pasa genuen, zalantzak izan genituen. Pentsatzen genuen Danbolinek bere elkarte izaera, bere izatea galdu egingo zuela. Inork ez zuen esaten elkartea ezabatu egin behar zenik, baina guk arriskua ikusten genuen han sartuz gero. Tokatu zitzaigun erabakia hartu beharra eta ordu asko dedikatu genizkion erabaki hori hartzeari; balantzan gauzak alde batean eta bestean jarri eta erabakia hartzeko beldur handia izan genuen eta gaizki pasa genuen.
Iruditzen zitzaigun galtzeko asko zegoela: gaur egungo gure Danbolineko proiektuaren izaera hori guztia, borondatezko lan hori. Izan ere, borondatez artikuluak idazten zituzten askok garbi adierazi baitziguten GUKA proiektuan sartzen baginen ez zutela beren burua ikusten borondatez erreportajeak idazten. Bestalde, gure ustez, orain publizitatea jartzen duten asko, bazkide diren asko, hemen daude herritik sortutako proiektu bat delako, eta iruditzen zitzaigun horiek denak ere joan egingo zirela. Eta orduan, zalantzak zalantza, erabaki hori hartu genuen [GUKAn ez sartzea], umiltasun guztiz, apaltasunez, garbi esanda. Bada hori, erabakia hartu egin behar zen eta ez genekien hori al zen onena, baina horren aldeko apustua egin genuen eta gaur da eguna damutu ez garena.
Hori oso garbi ikusten da Danbolinek zerbait antolatzen duen bakoitzean, azkenengo bazkaria antolatu genuenean: 200 pertsona, jendea laguntzeko prest, jendea bere burua eskaintzen, eta, zorionez, Danbolinek antolatu dituen gauza denetan erantzun egin du jendeak, baita jende gazteak ere.
Ez da nire meritua. Talde osoak egiten du hori. Guk lantzen dugu erredakzioan, eta denon artean egiten den gauza bat da, bakoitzak bere neurrian… Danbolinen badago jendea benetan herrigintzan sinesten duena, kuadrillak asko mugitzen dituen jendea. Eta herriko talde eragileetan parte hartzen duen jendea da: bandan, Itxaropenan, ez dakit non, badakit non… eta azkenean horrek sare bat egiten du eta gauzak zabaldu egiten dira eta herriak erantzun egiten du. Eta hori, gertutasun hori gure indargunea da.
Nik garbi daukat GUKA askoz profesionalagoa dela kazetaritza aldetik, hobea dela, baliabide hobeak dauzkala. Bide batez esanda, erantsiko nuke, agian azpeitiarra izan banintz, Uztarriako lankidea izan banintz, GUKAn sartzearen alde egongo nintzela, baina zestoarra izanda eta gure proiektua ezagututa…

50. zenbakiko festan (2005eko maiatza)
Bueno, eta orain zirkulua ixtea tokatzen zaigu. Irakurleak ez du jakingo ibilbide honetan, hogeitaka urtean, ari eta ari ibili zarela amets baten atzetik…
Nire gertuko lagun denak jan duzue nire kaka hori, eta nik aitortzen dut gaixotzera ailegatu nintzela. Nik nahi nuen, oso garbi neukan, terreno bat borda zahar batekin. Beti gustatu izan zait lore kontua, baratza kontua, belarrak, sendabelarrak, bake hori… Borda zahar bat nahi nuen, gero zaharberritzeko. Oso garbi neukan horrek horrela izan behar zuela eta eginahalak egin ditut. Ez naiz gai izan, ez zaidalako justua iruditzen, joan agure zahar batengana, lepora egin salto, eta pelmada ematea nirea lortu arte; hori iruditzen zitzaidan marra gainditzea zela, baina bestela ahaleginak egin ditut. Hogei urte ahalegin horretan eta ez nuela lortuko eta ez nuela lortuko. Hasiera batean dirurik ez neukan, gero gurasoak hil zirenean diru pixka bat baneukan, baina hala ere ezin, eta behin lagun batek esan zidan: Jone, igual baduzu ordua bordaren kontua burutik kendu, terreno bat erosi eta zeuk han bertan txabola bat egiteko. Eta hasietan esan nuen “mekaguen la letxe” –gainera konfiantzazko batek esan zidan–, eta pentsatzen nuen “bota zidak ederra, bota zidak ederra”. Ordu batzuk iraun zidan amorrazioak; segituan konturatu nintzen arrazoia zeukala (gainera kabroi hark berak terrenoak edukita, bordak ere edukita!). Eta orain garbi daukat arrazoia zeukala.
Kontua da denok ez garela baserrian jaio, denok ez daukagula ahalmen ekonomikorik baserri bat erosteko, eta orduan lur pusketa bat nahi baduzu… Niri jendeak esaten zidan: “Iraetako baratza horiek…” Bai zera! Bost metro karratuko zera horiek, marra batetik bestera ondokoa begira daukazula: “hori horrela ez zan egin, egin ezan horrela”, “nik jada tomatea bazeukanat, hi non habil? hi zer?” Nik hori ez nuen nahi; kalekumea nintzen eta ez nekien ezer baratzari buruz. Nik nahi nuen nire kasa, pixkanaka ikasi, denak niri begira egon gabe.
Oso kontrakoa nintzen blokezko txabolak txanpiñoiak bezala egitearekin, eta horixe egin dut neuk azkenean. Ez da nire ametsa bete ehunetik ehunean, baina hor nabil jo eta fuego, gustura ari naiz! Gainera, lehenengo urtetan txabolarik ez neukan [duela gutxi eraiki dute] baina hala ere baratzarekin gustura ibili naiz, eta ikasten ari naiz. Hasi nintzenean, barre egiten zidaten lagunek: uztaoa zer zen ere ez nekien, sasia garbitzeko makina pasatzen ez nekien, belarra zer azkar hazten den udaberrian ez nekien… eta batzuetan amorrazio ederrak ere bai! Baina gustura ari naiz. Orain espero dut denbora pixka bat gehiago edukitzea. Umeak koskortzen ari dira…
Nik baratza kontu hauetan nahi nuen erritmo-jaiste bat. Niri kirola ez zait inoiz gustatu, ez dut inoiz kirola egin (korrika eta horrelakoak), paseo batzuk bai baina besterik ez. Beraz, batzuek kirola eginez tentsioa jaisten duten bezala, nik baratzera joanda

2023an, Itsaso Waliño lankide ohiarekin
lortzen dut hori. Horretarako ordu erditxo bat ateratzen dudan egunean, berritua hartzen dut! Nahiz eta igual ez dudan ezer ere egin.
Baina hortik ezin zara bizi?
Ez, eta horregatik daukat intentzioa berriro irakaskuntzan probatzeko. Aho txikiarekin esaten dut beti, irakaskuntza ere ez baita broma gaur egun: geroz eta zailtasun gehiagoko ikasleak daude, esaten dutenez administrazio aldetik ere gero eta lan gehiago… Alegia, jada ez dela ikasleei erakustea eta motibatzea bakarrik, askoz gauza gehiago, eta ikusiko dugu ea zer moduz moldatzen naizen. Hor ere erronka potoloak daudela iruditzen zait.
Onena opa diogu. Hala ere, koordinatzaile izateari uzteak ez du esan nahi Danbolin utzi behar duenik, eta lotuko dugu kate motzean, hainbeste estimatu eta maite dugun lagunak ez gaitzan utzi hola-hola.
Fernando Arzallus