Paperekoa

JARDUNIAN – Jose Luis Galdona

Auzoz auzo eta baserriz baserri ibili zen Etxeberriko (Arroaerreka) Jose Luis gari jotzen. Garia etxe gehienetan bai, baina matxakarik ez. Makina eskura zuen ordea, Jose Luisek eta erabiltzen jakin ere bai. Etxez etxeko lantegi haiek zer ziren kontatu digu Etxeberrikoak. Adin batekoek ederki ulertuko dituzue haren azalpenak, gazteagoei berriz, Danbolinek egindako bideoa ikustea gomendatzen dizuegu, Jose Luisen kontakizuna hobeto ulertzeko.

Etxeko sukaldean eseri eta berriketan hasi gara. Garikoak, matxakak, eta aurrera pasatzeak gora eta behera. Ikusi gabe Jose Luisen hariari segitzea ez da hain erraza eta halako batean berak, “bideoan ikusi al duzu?”. Eta kazetariak: “Ez ba”.

Mahaitik altxa eta makineria guztia ikustera joan gara. Sekula gari jotzen ikusi ez duenak hobeto ulertuko duelakoan. Han ikusi ditugu matxaka, garia garbitzekoa, motorra… (azken hori Jose Luis jaio baino lehenago ekarritakoa).

Urkiaundi baserrian zeuden. Haiek kendu egin nahi zituzten, baina ez bota. Nik berriz, hartu egingo nituzkeela.

Iaz nola izan ziren zuen etxean gari jotzen Beizamakoak?

Guk belarra saldu egiten dugu eta gehienetan Sastarraingoek eramaten dute. Orain Beizaman landetxea daukana hor zebilen lanean eta belarra eramatera etorri ziren. Ikusi zituzten makinak, zer ziren ez zekiten, nik esan nion nola garia jotzekoak ziren, koño, beraiek ere egin zutela garia. “Nola jo duzue ba?” galdetu nion, eta hark: “Txanketan”. Zuk ba al dakizu zer den txanketa?

Garia jotzeko modua…

Emakumeak arropa jotzen ezagutu al dituzu? Harria goitik behera jarri eta emakumeek arropak nola jotzen zituzten. Putzuan sartuta, busti eta garbitu. Garia ere horrela jotzen omen zuten, txanketan.

Orduan esan nion: “Hurrengo urtean egiten baduzue eta ni bizi banaiz joko ditiagu, eta ez diat kobratuko”. Nik neuk etxeko makinak probatzeko gogoa neukan. Orduan ez zidan ezer esan, baina hark artean garia eduki, jo gabea, eta handik bi astera edo deitu egin zidan. Ea joko genukeen garia. Zapatu bat jarri genuen eta semea, auzoko bat edo bi… elkartu eta horrela egin genuen gari jotze hura.

Beizamatik garia ekarri eta zuenean jo.

Ez zeukaten asko, eta aurten ere antzeko, gutxi.

Aurten berriz jo duzue. Iaz pribatuan izan zela esango dugu eta aurten berriz jende aurrean.

Urkiaundikoek gari jotzea ikusteko edo erakusteko gogoa zuten eta Beizamakoekin berriz egin dugu.

Lagun asko behar al da garia jotzeko?

Ondo egiteko hogei bat behar dira.

Bai zera!

Ondo egiteko bai. Jo eta garbitzeko? Bai. Zuk zer uste duzu, lastoa hasten denean… piloa joaten da.

Makinari jaten eman eta eman egin behar ezta…

Dena aurrera bidaltzen dugu, lastoak eta gariak, denak aurrera pasatzen dira makinan. Gutxi pasatzen baduzu ez duzu jende asko behar, baina asko pasatzen baldin baduzu, han aurrean ateratzen dena astindu egin behar da eta ondorengo lanei ere segida eman behar zaie.

Baina bueno, gelditzen baldin bazara ez da ezer gertatuko ezta?

Gelditzen bazara, egon.

Gaztetan etxez etxe ibiltzen nintzen. Egunean hiru bat etxetakoak jotzen ziren. Oikian nintzen batean. Hirugarren etxea ere bai, eta nekatuta jendea, eta bat hara eta bestea hona, jendea dena gutxitu. Makina geratu egin behar izan nuen. Etxeko gizonari honela esan nion, “Zer egin behar dugu, garia jo ala laga?”. Bat handik eta bestea hemendik azaltzen hasi ziren eta hala segi genuen.

Egunean hiru. Ordu batzuetako lana orduan?

Zer kantitate den. Hiru etxe ez oso handiak behar ziren hiru egiteko, bestela bi. Lana txarra, benetan!

Zergatik?

Hautsa eta zikina, eskuetan eta. Gainera, beroarekin egiten zen gehienean, uda izaten zen eta. Bustiarekin ez du balio.

Irailean?

Abuztuan gehienean. Garia uztailaren aurrenean heltzen da.

Zuk esandakotik atera dut etxe guztiek ez zeukatela garia jotzeko makina.

Ez. Herri bakoitzean bat edo bi izango ziren. Ni neu Zumaian ibilia naiz. Askizun, San Prudentzion garia jotakoa naiz, Oikian ere bai, eta hemen bertakoak.

Zer egiten zuten, eskatu?

Behin bat hasten zenean, jakinekoa izaten zen, auzo dena egiten zen. Halako egunetan halako, bihar halako, etzi halako. Askotan etxekoandreek jatordua eman behar izaten zuten, batzuk aurrez jakin nahi izaten zuten, beste batzuk gerotxoago jakinda ere moldatu egiten ziren.

Gero kobratu egingo zen.

Bai. Orduko ibiltzen ginen. Etxe batzuetan bi ordu, hiru-lau ordu, bost pasatakoak ere bai.

Zu ez zara aitarekin eta osabarekin ibili, baina haiek elkarrekin bai.

Berastegin ere ibili omen ziren.

Tokitan dago Berastegi.

Bai, baina orduan makinarik ez bazterretan. Itziar, Oikia, Aizarnazabal… denak jotzen omen zituzten. Artean makina gutxi zen.

Eta zu nola hasi zinen?

Ni hasi baino lehen Ibañarrietako lehengusu bat ibiltzen zen. Urte hartan motorra aberiatu edo egin zitzaion. Guk etxeko lanetarako motor bat geneukan eta hura hartu, lehengusuaren matxaka hartu eta Ibañarrieta eta Arroagoikoak jo genituen. Nik 22 urte nituen. Hurrengo urtean, osabak beste makina egin zuenean, bakarrik hasi nintzen hara eta hona. Gero, garia egiteari utzi egin zion jendeak. Nik hamar-hamabi bat urte segituko nuen gari jotzen.

Zein urtetan zenituen 22 urte?

1947an.

Gerraondorena.

Beharra orduan. Tokia zegoen guztietan egiten zen garia.

Zertarako zen, irina egiteko?

Ogia etxean jateko. Etxean egiten zen. Garia egiten zuenak ogia jaten zuen, eta egiten ez zuenak, kalean dirua zeukan jendeak ere, ez zeukan ogirik urte haietan.

Dirua eduki eta ezin erosi.

Gerraondorena zen eta generorik ez zegoen.

Baserritarrak horixe bentaja.

Orduan baserritarra ondo.

Garia egiteari utzi zitzaiola esan diguzu.

Jendea ganaduarekin diru gehiago egiten hasi zen. Gariak lan txarra du, ebaki eta bildu, jo… lan zikina eta txarra. Lantegi txarra zen. Zenbat hauts jaten zen! Orduan ez zen ibiltzen ez eskularru ez ezer eta gariak izaten zuen arantza mehedun kardulatza, hari eskuarekin heldu egin behar izaten zitzaion. Sastada ederrak egiten zituen. Baina, eskua ere horrela egiten da.

Alea kendutakoan suziriak egiteko erabiltzen omen zen.

Jose Luis. Lastaikoa esaten zitzaion horri. Garikoa izaten da toki batean lotuta, eta lastaikoa egiteko beste lotura bat ematen zitzaion, estuago jartzeko. Zenbat eta estuago den gutxiago erretzen da. Erabiltzen ere jakin egin behar izaten da. Gora begira ipintzen baduzu gutxiago erretzen da, behera begira errazago.

Irene Makazaga ( Jose Luisen andrea). Sua hartu ezin zuenean bueltan eragin eta piztu berriz.

Jose Luis. Asko erabiltzen zen, argia ikaragarria egiten zuen. Hala ere, gehiena ganaduak jaten zuen.

Garia nola mozten zen, segarekin?

Lehen-lehen igitaiarekin. Igitaiarekin ebakitzen zirenak aurrera eta atzera ateratzeko izaten ziren. Jeneralean, igitaiarekin oso txukun ebakitzen zen. Hala ebakitzen zuenak, eskua handi xamarra zuenak (nik ez nuen egingo), bi atzaparkarekin txorta bat, gariko bat, egingo zuen. Eta lotzailea. Gero jendea segarekin hasi zen, ordurako baserrian jende gutxiago ere bai. Segarekin narrasago jasotzen zen garia, eta orduan hasi ziren dena aurrera pasatzen.

Batera heltzen al zen garia?

Jose Luis. Soro denak ez ziren batera heltzen, batzuk igual astebete lehenago.

Irene. San Pedro eguna tokatzen baldin bazen garia helduta, eskatu egin behar.

Eskatu” horrek zer esan nahi du?

Irene. Baimena eskatu behar ebakitzeko!

Jose Luis. Herriko apaizari.

Bai?

Biek. Bai!

Mezetara ez joateko egun horretan?

Jose Luis. Jaiegunean lana egiteko!

Irene. San Pedro eta horrelakoak egun handiak izaten ziren. Garia igual egoten zen zeharo helduta, gero igual esaten zuten, “Hego haizea omen zetorrek!”, hura deskuiduan ebaki gabe harrapatuz gero… Horregatik, elizara joan eta apaizari baimena eskatzen zitzaion. Jaiegun hartan ebaki badaezpada ere, jalki ez zedin.

Orain ulertu dut baimenarena. Hasieran pentsatu dut San Pedrori eskatzen ote zenioten baimena.

Nola jasotzen zen garia?

Jose Luis. Bi gariko jartzen ziren, eta hemendik eta hemendik bilduta lau, eta horrela hamabi osatu arte. Zenbat pilo egin zituzten kontatu egiten zuten.

Irene. Hori baino oker handiagoa zen, garia egiten zen etxetatik hamarretik zortzi nagusiarenak ziren, hari eman behar izaten zitzaion dena. Askotan etxerako ezer asko geratu ez eta haiei eman behar.

Jose Luis. Iraetara joanda nago aitarekin ‘Graneroa’ esaten zaion etxera garia eramatera. Gerra hasi zenez gero ordea, ematea geratu egin zen. Dirua kobratzen hasi ziren.

Irene. Garia etxean jateko geratzen zen, eskerrak.

Onintza Irureta Azkune




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide