Paperekoa

JARDUNIAN – Maia Ossa Rissanen

Euskara klaseak ematen hasiko naiz Helsinkiko Unibertsitatean; 24 ikaslek eman dute izena jada”

Esku artean mapa bat hartu eta gora begiratzen badugu, azken lur arrastoak atzematen diren tokiraino, Finlandiarekin aurkituko gara, besteak beste. Zonalde hotz horretara bidaiatuko dugu artikulu honetan Maia Ossa Rissanenen eskutik. Arroabekoa bera, bi urte pasatxo da Finlandian lur hartu zuela. Sorterrian harrapatu dugu guk, eta Eskandinaviako herrialdeak gordetzen dituen sekretuen berri eman digu.

– Noiz eta zergatik abiatu zinen Finlandiara?

2013ko azaroan iritsi nintzen herrialdera. Aurrez, ordea, Ingalaterra eta Irlandan zehar bidaiatzen ibili nintzen, hilabeteren bueltan. Hasierako plana Laponiara joatea zen, samien hizkuntza ikastera. Planak, ordea, ez zuen aurrera egin eta Helsinkin geratzea erabaki nuen, bertan bizia bilatzeko.

Itzulpengintza ikasi nuen Gasteizen. Amaitu berritan galdera egin nion nire buruari: “Eta orain, zer?”. Ez neukan gurasoen etxera itzultzeko asmorik, nahiz eta jakin lana izango nuela. Baina ez nuen Arroabean geratu nahi. Gainera, Finlandia amaren herrialdea denez, banuen ongi ezagutzeko gogoa.

– Iritsi berritan, zerekin aurkitu zinen?

Senide batzuk ditut bertan, eta Erasmusen ezagututako lagun pare bat ere bertan ziren. Lagun horietako baten etxean hartu nuen ostatu lehenbizikoz, harik eta beste pisu bat topatu nuen arte. Hasiera haietan lan ezberdinak egitea egokitu zitzaidan: umeak zaintzen, fabrika batean, tabernan zerbitzari… Hala ere, esan behar dut gaur egun baino errazagoa zela orduan lana aurkitzea. Adibidez, anaia joan berri da eta hari gehiago ari zaio kostatzen lana aurkitzea. Finlandieraz moldatzeak ere lagundu zidan, izan ere, amak betidanik egin digu finlandieraz etxean.

– Beharrezkoa al da finlandiera jakitea bizimodua garatu ahal izateko?

Lana aurkitzerako orduan, behintzat, oso garrantzitsua da. Beste herrialde batzuetatik hara joanak diren lagunak kexu dira; jendeak espero du ingelesarekin bakarrik ongi moldatu zaitezkeela. Badira taberna batzuk ingelesez soilik egiten duten zerbitzariak dituztenak, baina oso gutxi dira. Nik nire bizimodua finlandieraz egiten dut, baina baditut lagun galiziarrak ere, adibidez; horiekin gazteleraz egiten dut.

– Zertan aldatu zitzaizun bizimodua Arroabetik abiatu eta Helsinkin lur hartzean?

Urtero joan izan naiz hara familia ikustera, beraz, banuen herrialdearen nondik norakoen berri. Txoke handirik ez zen izan. Esan daiteke, agian, egunerokotasuna dela ezberdina: hemen tabernak dituzu, eta herri txikietan oso gertukoak dira harremanak; Helsinki, ordea, hiri bat da, eta guztia da askoz anonimoagoa. Ez dago herri giro hori, ezta herri txikietan ere.

Suerteko izan nintzen ni, eta azkar egin nuen nire kuadrillatxoa. Egoera antzekoan zegoen jendea zen, ikasketak amaitu eta bizitza berri baten bila zebilena. Finlandiak ospe ona dauka, bizi kalitate altuaren ondorioz, eta gazte ugari joaten da hara, ikastera edo lanera. Bestalde, jendea joan eta etorri egiten da: hasierako lagunetatik gutxi gelditzen dira hemen, eta jende berria ezagutzen joan naiz.

– Unibertsitatearen inguruan egiten omen du bira, batik bat, zure bizitzak…

Asko aldatu da nire bizimodua iritsi nintzenetik. Frantses Filologia ikasteari ekin nion, baina Antropologian sartzeko asmoa nuelako. Ahalegindu nintzen baina ez nuen lortu. Banuen modu bat, ordea, Antropologiako karreran sartu gabe hainbat ikasgai hartzeko, eta horretan dihardut momentuan. Azken aldian pare bat itzulpen proiektu mardul ere izan ditut esku artean: finlandieratik eta frantsesetik liburu bana itzuli dut euskarara. Ez da oso ohikoa enkargu horiek jasotzea baina…

Urtarrilean, berriz, euskarako klaseak ematen hasiko naiz Helsinkiko Unibertsitatean. Finlandiar bat aritu da jardun horretan hamar urtez, baina utzi egin du. Esan daiteke finlandiarrei asko gustatzen zaiela hizkuntzak ikastea. Finlandierarekin batera suediera ere hizkuntza ofiziala da, eta gehienek ongi dominatzen dute ingelesa. Euskarak, hizkuntza txikia eta berezia izanik, sortzen die nolabaiteko interesa. Momentuz, 24 pertsonak eman dute izena. Pixka bat urduri nago, inoiz ez baitut horrenbeste jenderen aurrean klaserik eman. Baina gogotsu nago.

– Erraza egin al zitzaizun goi mailako ikasketetara sartzea?

Unibertsitatean sartzea ez zitzaidan zaila egin, batez ere frantsesa banekielako lehendik, baina garrantzitsua da bertako hizkuntza kontrolatzea. Beste kontu bat diru laguntzena da, eta nik horretan abantaila bat daukat: finlandiar nazionalitatea ere badudala, alegia, nazionalitate bikoitza daukat. Nik, finlandiar guztiek bezala, diru laguntza jasotzen dut ikasteagatik; ikastea doan da eta gainera diruz laguntzen naute. Diru laguntzak finlandiarrentzat soilik dira printzipioz, hala ere, kanpotik doan edonorentzat ere doakoa da, oraingoz, unibertsitatean ikasketak burutzea.

Finlandiako kulturan, ikastea ongi ikusia dagoen zerbait da. Gazteek ikasteari denbora eskaintzea nahi dute, eta denbora horren kostua ez erortzea gurasoengan. Hemen, aldiz, ikasketa guztiak gurasoek ordaintzen dituzte gehienetan. Gainera, ikasketak eta lana uztartzeko erraztasun gehiago daukate: egoera ekonomiko hobea izan arren eta ikasteagatik diru laguntzak jaso arren, gazte askok erabakitzen du ikasi bitartean lan egitea. Hori hala, 18 urterekin etxetik ospa egin eta oso autonomoak bilakatzen dira finlandiar gazteak, ez hemen bezala!

– Hezkuntza arloan Finlandia herrialde aurreratua dela agerian geratu den bezala, zer esan ahal didazu bestelako arloen inguruan (osasungintza, ingurumenarekiko errespetua, garraio publikoa…)?

Osasungintzari dagokionez, ikasleek, adibidez, euren osasun sistema propioa daukate. Unibertsitateko kostuak urteko 100 eurokoak izaten dira, eta hortik bideratzen da, besteak beste, osasun arloko arreta. Izan ere, osasungintza publikoan zerbitzuak oso oso mantsoak dira, eta askok bide pribatutik jotzen dute. Lantoki askotan ere osasun-seguru pribatua eskaintzen da.

Ingurumenarekiko errespetuari dagokionez, askoz ere aurreratuago daudela esango nuke. Betidanik izan dute errespetu gehiago naturarekiko eta, adibidez, ez da hainbeste edifikatzen eta naturarekin kontaktuan egotea gustatzen zaie. Oso ohikoa da uda garaian landa eremura alde egitea denbora batez, naturarekin harreman zuzen horren bila. Bertako kulturaren parte da. Hirian bertan ere berde gehiago dago eta jendeak hobeto zaintzen ditu bazterrak. Ekologia baina, neurri handi batean, itxurakeria iruditzen zait. Zentral nuklear berri bat eraiki nahian dabiltza, adibidez, eta gutxi hitz egiten da horretaz.

Garraio publikoari dagokionez, hiri handietan oso ondo dago, baina herri txikiagoetan gabezia handiak daude. Herri txikiak, txikiak izateaz gain, oso sakabanatuta daude; edonora joateko autoa hartu beharrean dira. Adibidez, nire amonaren udalerritik hirigune nagusira joateko kotxez ia ordubete egin behar da. Eta etxetik dendara edo enkarguak egitera joateko 7km egin behar ditu izebak.

– Uda honetako irudi bilakatu da Europa iparraldea helburu duten errefuxiatuen ilarak ikustea. Ze jarrera dute finlandiarrek eurekiko?

Une honetan herrialdearen arazo handienetako bat errefuxiatuen afera da. Nire sentsazioa da, orokorrean, ongi hartuak direla. Baina aurkako jarrerak ere asko azaleratu dira. Azken aldian mugimendu neonaziek eta alderdi nazionalista eskuindarrek indar handia hartu dute. Adibidez, izan dira errefuxiatuak hartzen dituzten harrera zentroen aurkako erasoak. Manifestazio ugari ere antolatu dituzte, herrialdearen mugak ixtea aldarrikatuz. Ekonomia ezegonkortzeak ere eragina dauka atzerritarrekiko jarreran, dirua “sasi-errefuxiatuei” oparitzen ari diren irudipena baitute eskuindarrek. Azken aldian talde faxista batzuk kaleak “zaintzen” hasi dira, eta okerrena da Gobernuak ez ikusiarena egiten duela. Are gehiago, mugimendu antifaxistaren aurkako jarrera ere hartu izan du Gobernuak.

– Zer paper jokatzen dute mugimendu sozial aurrerakoiek Finlandian?

Sentsazioa daukat mugimendu sozialen jarduna oso instituzionalizatuta dagoela. Izan feminismoari dagokionez, izan arlo ekonomikoan, kaleak ez daude aldarriz josita, balizko ongizate horren pean ikusezin bilakatzen baitira. Egia da Finlandia, gizon eta emakumeen arteko berdintasunari erreparatuta, gurea baino herrialde aurreratuagoa dela: berdintasun gehiago nabari da maila guztietan, emakumeak aspaldidanik dira independiente, amatasun eta aitatasun bajak daude bi gurasoak zaintzaz arduratzera bultzatzeko… Esan genezake sistema bera dela parekideagoa.

Orain, esaterako, egoera ekonomikoa okerrera doala eta, jendea mugitzen hasi dela ematen du. Hezkuntzan egin asmo dituzten murrizketen aurrean manifestazioak egin dira eta Helsinkiko unibertsitatea bi aldiz egon da okupatua horren harira.

– Identitate sexualei dagokionez, herrialde aurreratua al da Finlandia?

Alde handia dago hirien eta herri txikien artean. Helsinkin, adibidez, lasai asko joan daitezke sexu bereko bi pertsona eskutik helduta, eta hemen baino ohikoagoa da sexu bereko bi guraso ikustea euren umearekin. Egia da, nire kasuan, Euskal Herrian ez dudala inoiz egoera zailik bizi izan lesbiana izateagatik. Nahiz eta ni herri txiki batekoa izan, eta jendeak hasieran hitz egiten duen, errespetua nagusitzen dela iruditzen zait. Baina askorentzat gogorragoa da, familiaren eta inguruaren araberakoa da hori. Eta ez dago batere normalizatuta; Finlandian apur bat gehiago.

– Finlandiako bidaia, asko luzatuko da edo itzulerako txartela epe motzean hartu nahi duzu?

Ba esango nuke gaur arte bezala jarraituko dudala, ver venir, luzerako planik egin gabe. Bi urte pasatxo daramatzat bertan eta iruditzen zait orain ari naizela nire tokia egiten, nire moduko jende gehiago ezagutzen. Asko ikasi dut bertan; orokorrean, bizi-esperientzia desberdina izaten ari da. Eta sentsazioa daukat oraindik zuku gehiago atera diezaiokedala: nahi dut bertan gehiago bizi, gehiago ikusi eta ikasi. Epe motzean behintzat ez dut itzulerako biderik hartuko. Baina Euskal Herrira bisitan etorritakoan, beti ematen dit pena alde egiteak. Lehenago edo beranduago itzuliko naiz, seguru.

Aimar Etxeberria




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide