Paperekoa

Jardunian – PEIO IPARRAGIRRE LIZASO

Pedro María zen jaio zenean, Pedro geroago, eta, ondoren, Pello. Gaztaroan, Pello Porrito izendatu zuten (eta askok hala ezagutzen dute oraindik ere). Legalki, Peio izatera ere pasatu zen, izena euskaratuta. Esango genuke izen edota ezizen adina bizi esperientzia dituela, edo askoz ere gehiago. Orain, Latinoamerikan dabil, leku finkorik gabe, egunak eskaintzen diona bizitzeko asmoz.

Zein zara itsasoan beste aldeko txoko horietan?

Hemen, Peio naiz, Peio el vasco.

Nondik ari zara gure galderei erantzuten?

Eguerdiko 12:00ak dira oraintxe bertan, San Crístobal de las Casas udalerrian nago, Chiapasen (Mexiko), baina, 16:00etan, Mexiko hirira noa. 14 orduko autobus bidaia daukat aurretik. Herri hau, San Crístobal de las Casas, magikoa da, indigenen herria da: beren arropak eta hizkuntza propioa dituzte. Interesgarria da oso hemen egotea.

Zeren arabera aukeratzen duzu hurrengo helmuga?

Nik ez dut aukeratzen; lekuak aukeratzen nau. Askotan ez dut jakiten nora joango naizen edota nonbaitera joango ote naizen egun bat edo ordu batzuk lehenagora arte. Momentuaren arabera egiten ditut planak, ezagutzen dudan jendearen arabera; batzuetan, leku politen bat gomendatzen didatelako mugitzen naiz, eta, beste batzuetan, gonbidapena jasotzen dudalako. Beti daude arrazoi berriak batera eta bestera ibiltzeko.

Nikaraguan nengoenean, Kolonbiara joateko asmoa nuen, baina ez zegoen autobusik, eta Venezuelara joatea pentsatu nuen. Baina ezin izan nuen; orduan, Mexikora bueltatu nintzen berriro, eta hemen nago.

Non hartzen duzu ostatu?

Ba beste abentura bat izaten da ostatua bilatzearena. Kanpinetan, ostatu etxetan, autobusetan eta abarretan gelditu izan naiz. Inoiz ez dut jakiten non dagoen lotarako lekua. Baina galdetuta edozein tokitara irits zaitezke, eta, kasurik okerrenean, ba kalean! [kar, kar]

Kalean gelditu izan zara inoiz?

Bai, gutxitan, baina bai.

Noiz eta zergatik joan zinen Latinoamerikara?

2015eko azaroaren 30ean irten nintzen Zestoatik. Bidaiatzeko gogoa nuen, eta kuriositatez beteta etorri nintzen Mexikora, besterik gabe. Ez nabil ezer konkretuaren bila. Orain arte ezagutu ditudan lekuak asko gustatu zaizkit: Kuba, AEB, Guatemala, El Salvador… Leku zoragarriak bisitatu ditut: itsasoa, mendia, herrixka txikiak, hiriak… Denak ematen dit atentzioa, hain da desberdina gurearengandik.

Zerk erakartzen zaitu gehiena?

Bidaia honetako erakargarriena ziurgabetasuna da. “Zer izango ote da bihar? Zeinekin egongo naiz? Ze leku ezagutuko ditut?”.

Zertan zabiltza?

Bizia bizitzen. Ikastaro batzuk ere egiten banabil.

Zeri buruzko ikastaroak dira?

Reikiko 3. maila egin dut, eta baita Shanbalako ikastaro bat ere. Energia sendatzeak dira.

Kontakturik ba al daukazu Euskal Herrikoekin?

Bai. Familiarekin eta hainbat lagunekin kontaktua mantentzen dut. Gainera, jasotzen ditut tarteka mezuak hango jendearenak. Oraindik maite nau jendeak, Zestoak maite nau; ez naiz hain kabroia izango [kar, kar].

Nola definituko zenuke zure bizitza?

Esperientzia gogorrez beteriko bizitza izan dut, batzuk oso-oso gogorrak. Baina bizitako guztiak balio izan dit ikasteko.

Zein izan dira zuretzat esperientzia gogor horiek?

Ba, adibidez, hanka bat hemen eta bestea beste aldean eduki izan dut, drogengatik, istripuren bategatik… Denetik bizi izan dut.

Beti izan al zara abenturazalea?

Zalea ez dakit, baina hamaika abentura bizi izan dituen pertsona bat naizela esan dezaket, hori bai.

Zer oroitzapen dituzu txikitakoak edota gaztetakoak?

Nire haurtzaroa abentura bat izan zen, eta gaztaroa, zer esanik ez.

Zer ibilbide egin duzu bizitzan, txikitatik orain arte?

14 urterekin lanean hasi nintzen Guztiok bat enpresan. 15 urterekin, okindegian jardun nuen. Gero, abenturaz abentura ibili nintzen Espainiako hainbat lekutan, eta, urte batzuen buruan, berriro bueltatu nintzen herrira. Arrantzale lanetan jardun nuen Orion bost bat urtean, eta, gero, berriro joan nintzen Espainiako txoko desberdinetara. Zortzi-hamar urte pasatutakoan, Zestoara bueltatu nintzen, eta, ordutik, Mexikora etorri arte, Zestoa izan da nire bizilekua.

Zer egin zenuen 8-10 urte horietan?

Puf, gauza asko egin nituen: mahats bilketan lan egin, patata biltzen ere bai, bidaiatu, neguan Andorrara joaten nintzen platerak garbitzera hotel batera, Ibizan eta Menorcan ere ibili nintzen garai baten lana topatu eta bizirauten, zerbitzari hainbat lekutan… Asko inprobisatu izan dut beti.

Drogak aipatu dituzu lehen. Gertutik ezagutu dituzula esan genezake, ezta?

Droga ilegalekin hamaika abentura izan ditut, eta nahiko gogorrak gainera, baina irten genuen zurrunbilo hartatik ere.

Nola iritsi zinen, ordea, zurrunbilo hartara? Zergatik? Eta nola gogoratzen duzu garai hura?

Eta droga legalekin, alkoholarekin esaterako, zer harreman izan duzu eta zer harreman duzu orain?

Alkoholarekin, 15 urte ingururekin hasi nintzen, okina nintzenean. Lankideak ni baino dezente zaharragoak ziren. Denek edaten zuten; mozkortzea gizonen zeregina zen, eta “ondo” ikusia zegoen. Urte asko izan ziren, eta menpekotasun handia nuen.

Zer esango zenuke garai horri buruz?

Nire bizitzako beste etapa bat izan dela, besterik gabe. Ez txarra, ez ona. Bizitza honetan, pertsona bakoitzari esperientzia jakin batzuk bizitzea tokatzen zaio, eta ik hori bizi izan nuen. Utzi aurreko azken urtera arte ez nuen batere sufritu; hobeto esanda, ondo pasatu nuen garai hartan. Baina azken urte hura txarra izan zen. Irten nahi nuen eta ezin nuen.

Zerk eraman zintuen mundu horretatik irten nahi izatera?

Ba gaizki sentitzen nintzen, eta uztea erabaki nuen. Bueno, erabaki ez nuen egin; behea jo nuen, eta egun batetik bestera utziz joan nintzen. Neure buruari esaten nion: “Gaur ez dut alkoholik edango, ez dut inolako drogarik kontsumituko”. Eta, ordutik, hamar urte pasatu dira.

Arreta egunerokoan jartzeak lagundu zidan, eta, noski, Mikel Irurerekin mendian ibiltzen hasteak.

Mendia eta mendirako laguna edukitzea lagungarria izan zitzaizun orduan…

Bai, aldatu egin nahi nuen, eta mendian asko gozatzen nuen. Asko lagundu zidan bizitza aldatzen.

Damurik edo penarik ba al duzu garai haiei dagokionean?

Ez, bizitako guztiarekin ikasten da; hori argi daukat.

Laguntzeko beharra edo grina ere izan duzu hainbat proiektutan (Elikagai Bankua, Gizakia Helburu). Nola sentitu zara horretan?

Bai, hau ere beste etapa bat izan zen. Interesgarria eta aberasgarria egin zitzaidan esperientzia horietan murgiltzea.

Zein da zure bizitzako helburua?

Ez daukat inongo helbururik.

Zein da ikasi duzun gauzarik garrantzitsuena?

Egunekoa bizitzea, egun bakoitza baita lezio garrantzitsu bat. Atzokoa pasatu zen; gaurkoa da lezio garrantzitsuena.

Zerk motibatzen zaitu gaur egun?

Bizitza izugarria da. Eta bidaiatzen nabilen honetan, dena berria da, eta hori latza da, IZUGARRIA!! Gero eta gutxiago dakit…

Bueltatzeko asmorik ba al daukazu?

Bai, baina ez dakit bihar izango den, edo hurrengo urtean. Bitartean, gozatu egingo dut. Ikusi arte!

Ez da erraza izan Peiorekin komunikatzea. Elkarrizketatu nahi izan dugun garaian, desertuan zebilen aste batzuk pasatzen, eta estaldurarik gabe zebilen askotan. Bere hamaika abenturei zuku gehiago ateratzeko gogoarekin gelditu gara (batez ere, kontatu ez dizkigunei buruz eta kontatu nahi izan ez dizkigunei buruz), baina bueltatzen denean harrapatuko dugu, eta harrapatuko duzue nahi duzuenok, eta galdetuko diogu eta kontatuko dizkigu nahi dituen abenturak, mosto bat hartzen dugun bitartean.

Maialen Kortadi Iparragirre




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide