Paperekoa
JATORRIAREKIN ZILBOR-HESTEA EBAKI GABE
— 2015-12-01Jatorri arabiarreko 17 haur arabiera ikasketak egiten ari dira Zestoan. Gurasoen saiakeraren ondorioa den ekimenak bi hilabeteko bidea darama, baina denboran luze irauteko osagai guztiak ditu. Ikastaroak larunbat eta igandetan badira ere, gustura joaten dira umeak; badakite euren zuhaitz genealogikoaren erroak non dauden.
Eseri gara ekimenaren sustatzaileak diren gurasoekin euren seme-alabak arabieraz ikastera eramateko dituzten motibazioen inguruan galdetu asmoz. Jarri bezain pronto mugikorrak jo dio bati; errezorako ordua da eta. Errezoak eskatzen duen moduan jantzita ez daudela eta, elkarrizketarekin jarraitzeko eskatu digute. Lehenengo komentarioa Parisko sarraskiaren ingurukoa izan da, “horrek ez dauka islamarekin zerikusirik, guri ere min ematen digu”. Sartu gara gaian, eta hasi zaizkigu kontatzen zergatik abiatu duten arabiera ikastaroa.
Fatima omen da guztiaren erruduna; bera da, era berean, Zestoan denbora gehien daramana. Bere seme-alabek arabieraz ikas zezatela nahi zuen, eta kosta ala kosta lortzeko prest zegoen, “baita ikastaroa nire seme-alabek soilik antolatu behar banuen ere”.Udaletxeko arduradunekin zenbait hartu-eman izan zituzten, eta lortu zuten kulturetxeko gela bat larunbat eta igande arratsaldetan bi orduko bina saio egiteko.
Irakaslea ere Fatimak berak lortu zuen, Azkoitian zituen kontaktu batzuen bidez. Abdul da bera, eta gustura egiten du asteroko Zestoarako bidaia. Azaldu du umeak bi taldetan banatu dituztela, adinaren arabera. Gazteenak 4 urte ditu, eta zaharrenak 12. Gehienak jatorri marokoarrekoak dira. Horrek esan nahi du erabiltzen duten arabiera antzekoa dela, baina ez berdina. “Ni Tangerrekoa naiz, ondorioz, ongi ulertzen naiz Maroko iparraldekoak direnekin. Hegoaldekoak direnekin, aldiz, gehiago kostatzen zait”.
Umeei ere galdetu diegu euren iritzia. Denak joaten dira gustura arabiera ikastera, ez dago aurkakoa esanez altxatzen den ahotsik. Euskaraz ederto hitz egiten dute guztiek, baina badakite euren familia nondik datorren. Batzuek nahiago dute arabiera, besteek, aldiz, euskara; eta gehientsuenek bi hizkuntza baino gehiago dakizkite. Gogorra izan behar du astelehenetik ostiralera eskolara joan eta larunbat eta igande arratsaldetan arabiera ikastera joateak, baina ez da neke edo aspertze aurpegirik antzematen umeengan, harrotasuna baizik. Banan-bana euren izenak idatzi dituzte orri zurietan; argazkiak atera dizkiegu guk.
Euren jatorria zein den ahaztu ez dezaten
Bakoitzak bere arrazoiak ditu seme-alabak arabieraz ikastera bidaltzeko orduan. Hauek, erabat pragmatikoak diren kontuetatik sentimenduekin zerikusi gehiago duten narrazioetara doaz. Adibidez, ume gehienek ez dute arazorik arabieraz hitz egiterakoan, bi gurasoak arabiarrak izan daitezkeelako. Hauen kasuan garrantzia berezia ematen diote irakurtzen eta idazten ikasteari. Beste batzuek, ordea, ez dute zorte bera; horiek arlo guztietan daukate hobetu beharra.
Pragmatikoenek diote garrantzitsua dela euren seme-alabek arabieraz jakitea jaso dezaketen edozein korrespondentziari erantzun bat eman ahal izateko, edo euren jatorrira itzultzean bertan erosotasunez moldatu ahal izateko. Adibidez, bada uda honetan sorterrira itzuli eta konturatu denik seme-alabak ez zirela ongi moldatzen. Ez dute egoera errepikatzerik nahi.
Bestalde, badira nortasunari pragmatismoari baino garrantzia gehiago ematen diotenak ere. Umeek euren sendia nondik datorren ez ahaztea dute helburu hauek, eta esan daiteke bide onetik doazela. “Pena bat irudituko zitzaidan nire seme-alabek euren arbasoen hizkuntza ez jakitea”, dio batek. Harreman burokratikoak, giza harremanak… eta erlijioa. Garrantzitsua da islama praktikatzeko orduan ere arabieraz jakitea.
Esan dugu 17 direla arabieraz ikasten ari diren haurrak. Baina Zestoan bada jatorri arabiarreko haur gehiago, eta horien gurasoei dei egiten diete eurak ere animatu daitezen euren seme-alabak arabieraz ikastera bidaltzera.
Haurrak arabieraz, gurasoak euskaraz
Norberaren nondik datorren ez ahaztea bezain garrantzitsua da bizitoki berrira integratzea. Zentzu horretan, erreparorik gabe hitz egiten dute. Gurasoetako bat AEKn apuntatu berri da. Garrantzitsua iruditzen omen zaio euskaraz ikastea, batez ere seme-alabei etxeko lanekin laguntzeko. Era berean, Zestoako bizimoduan integratu nahi du, parkean dagoenean beste gurasoekin hitz egin nahi du. “Jendea hitz egiten ari denean eta ezin diedanean ulertu asko haserretzen naiz!”, dio.
Fatimak, adibidez, bere kabuz ikasi du euskaraz, ekinaren ekinaz. Horretarako, ordea, herritarren laguntza beharrezkoa izan zaiola adierazi du: “Nirekin hitzegitean euskaraz egiten zidaten, eta egiten nituen akatsak zuzentzen zizkidaten. Eskertzekoa da”.
Zentzu horretan Zestoa oso herri egokia dela iruditzen zaie, euskaraz ikasteko perfektua. Bestelako herri edo hiri handiagoetan egonak dira hainbat –Zarautzen eta Bilbon kasu-, eta orain euskaraz aurrera urratsak emateko baldintza hobeak dituztela uste dute. “Parkean gehiengoak euskaraz egiten du. Badira batzuk lehenengo aldian erdaraz hitz egiten digutenak, baina guk euskaraz egiteko eskatzen diegu”, azaldu dute.
Haur eta heldu, beraz, hizkuntzak ikasten. Batzuk arabiera, euren arbasoena, jatorrira lotzen dituena; besteak, berriz, euskara, erabat gizarteratzeko behar dutena. Printzipioz, ikasturtea amaitu bitartean jarraituko dute umeek larunbat eta igande arratsaldetan kultur etxera bisita egiten. Ondoren, merezitako atsedena izango dute. Baina epe luzerako ekimena da, eta datorren ikasturtean arabiera ikasketekin jarraitzeko asmotan dira. “Egiten duguna egiten dugu haurrek nahi dutelako, eta guri, gurasooi, sekulako ilusioa egiten digulako”.
Aimar Etxeberria
Egin zaitez bazkide