Albisteak

Jende mordoxka gerturatu zen kiroldegiko ate irekietara

Atzo, astelehen arratsaldean Zestoako Kiroldegian ate irekien eguna izan zen eta jende mordoxka gerturatu zen bertara. 17:00etan zabaldu zituzten ateak eta 20:00ak aldera arte ibili zen jendea gora eta behera. Kiroldegiko langileak azalpenak ematen aritu ziren eta jendeak interes askorekin jarraitzen zituen, batez ere, berritasun teknologikoei zegozkienak. Besteak beste, korrika egiteko zintek streaming bidez musika eta telesailak ikusteko aukera dutela, edota, bizikleten gelan dagoen telebistan spining-eko klaseak euskaraz emango dituztela.

19:00etan goiko solairuan dagoen espazio irekian bildu ziren udaleko zenbait ordezkari eta herritarrak proiektuaren inguruko azalpenak emateko eta zalantzak argitzeko. Udaletik Mikel Arregi “Ertxin” alkatea eta Nerea Odriozola, Aitor Salegi eta Ruben Alberdi zinegotziak izan ziren. Printzipioz irailean, festen ondoren, irekitzea aurreikusten dutela esan zuen Arregik. Bitartean, parte-hartze prozesua irekiko dute zerbitzu eta espazioaren inguruko ideia ezberdinak jasotzeko, Arregiren esanetan “erabiltzaileen beharrak ezagutzea ezinbestekoa delako horrelako proiektu batean”. Honez gain, kirol mahai bat osatuko dute, tartean, kirol elkarteak, adinduen ordezkariak eta erabiltzaileen ordezkariak egotea nahiko lukete. Adinduen ordezkaria kirol mahaian egotea ezinbestekoa ikusten du Arregik kirolak osasunarekin lotura zuzena duelako.

Eraikina modernoa izateaz gain oso zabala da, eta espazio guzti horren garbiketa eta mantentze lanetarako lanpostu gehiago beharko direla esan du Arregik. Horrez gain, kirol zerbitzuei dagokienez. Udalak herrian kirol esparruan kualifikatuta dauden gazte asko dagoela ikusten du eta hauekin kooperatiba bat sortzea da printzipioz ideia. Arregik kiroldegia oso modernoa eta ederra dela esan zuen, baina hau ongi zaintzen ez badugu segituan zaharkituko dela, beraz guztion artean ongi zaindu behar dugula azpimarratu nahi izan zuen.

Aurrekontuaren gorabeherak

Udalaren azalpenen ondoren herritar batek kiroldegiaren aurrekontuaren inguruko zalantzak argitu nahi izan zituen. Hasierako aurrekontua 1.200.000 eurokoa izatetik kalean entzun diren zifretara iritsi ote den izan zen bere galdera. Arregik erantzun zion esanez, Gipuzkoako Foru Aldundiak kiroletarako diru-laguntzen partida ireki zuenean eskatzea zegoen gehiengoa 600.000 euroko diru-laguntza zela, baldintza ordea Udalak ere diru kantitate berdina jartzea zen. Bere garaian ez zen proiektuaren beharren azterketarik egin eta lehengo udalak eskuratzea zegoen gehiengoa eskatzea erabaki zuen, beraz, hasierako aurrekontuan Aldundiak 600.000 euro eta Zestoako Udalak 600.000 euro gehi BEZa jartzea adostu zen. Lanean hasi zirenean ordea hasiera batean aurreikusi ez zituzten gastuak gehitu zitzaizkion aurrekontuari, hala nola, gas instalazioa. Horrez gain arazo batzuk sortu ziren, batetik, zimentazio arazoak eta bestetik amiantoaren arazoak eta hauek ere aurrekontua puztea eragin zuten. Egungo aurrekontua, nahiz eta oraindik ez den likidazio guztia egin, 2.200.000 euro ingurukoa da, kiroldegiko eraikin berria eta honekin etorri diren eragin dituen beste hainbat lan kontutan hartuta.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide