Albisteak
Jose Mendizabal: “Ez dago frogarik zorraren jatorrian iruzur bat dagoela esateko”
— 2015-10-30Ezohiko osoko bilkura burutu zen ostegunean, hilaren 29an, Jose Mendizabal (EAJ) Zestoako alkateari Ogasunak soldata bahitu izanaren harira. EH Bilduk eskatutako bilkura izan zen, alkateak herritarrei azalpenak emateko aukera izan zezan.
Hala, zorraren jatorrian iruzurrik dagoenik esateko frogarik ez dagoela adierazi zuen Mendizabalek. Gaineratu zuen aipatzen den zor hori bere garaian likidatu zuela, eta egun duen zorra ordainketa batzuen atzerapenak eragina dela. Bestalde, gogor salatu zuen Ogasunak Udalera bidalitako dokumentu baten filtrazioa, eta leporatu zion EH Bilduri Udalaren eta bertako langileen sinesgarritasuna kolokan jartzea: “Bilduk herriari oso zerbitzu eskasa egin dio”.
EH Bildu: “Azalpenak hutsalak izan dira”
Zestoako EH Bilduk, bere aldetik, adierazi du –ohar baten bidez– alkateak emaniko azalpenekin ez dela konforme geratzen, “hutsalak” izan direlakoan. Gaineratu du afera hau amaitutzat ematen duela, baina jarraitzen dutela pentsatzen herritarrek alkateak Ogasunari eginiko iruzurraren berri izan behar dutela. Aurrerantzean, “arduraz” jokatzeko prest dagoela azpimarratu du, “herriak EH Bilduren ekarpena behar duelako”.
Egin zaitez bazkide