Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Juan Carlos Irizar musikaria hil da, 69 urte zituela. Atzo arratsaldean zendu zen, Aizarnazabalen. 1951ean jaio zen Oñatin eta Aizarnazabal zuen bizileku azken urteetan. Sorterrian solfeoa, akordeoia eta txistua ikasi zituen, baita pianoa eta organoa ere. Musikan ibilbide oparoa izan zuen Irizarrek.
Orkestra ezberdinetako zuzendaria izan da; besteak beste, Erromako Santa Zezilia Akademiako Orkestrarena, Bartzelonako Lizeoko Orkestra Sinfonikoarena, Paueko Kontserbatorioko Orkestrarena, Donostiako Schola Cantorum abesbatzarena, Galdakaoko Zaletasuna abesbatzarena eta eta gaur egun Arrasateko Aita Menni Ospitaleko abesbatzako zuzendaria zen. Hainbat musika banda ere zuzendu ditu, horien artean Zestoakoa. Herriko musika eskolako zuzendaria ere izan zen hamabost urte inguruan.
Horiez gain, lan bilduma oparoa argitaratu du: 30 disko inguru (1981 eta 2018 urte tartean), film eta dokumentaletako soinu bandak, partitura liburuak, antzerkietarako musika piezak eta abar. Donostiako Zinemaldiaren ereserkia eta Bilboko Mari Jaia martxa ere berak egindakoa dira. Euskararen aldeko hainbat jaialdiren abestiak ere konposatu izan ditu: Kilometroetakoa, Eskola Txikien Festakoa, Euskara Pausoak eta beste hainbeste. XX. mende hasierako dokumental mutuei ere musika jarri izan die, Irun 1912, Bergara 1925, Zestoa 1928 esate baterako.