Albisteak

“Jubilatu Astea” arrakastatsua izan da

Atzo eman zioten amaiera Zestoako Jubilatuen Elkarteak antolatu duen  Jubilatuen Asteari. Antolatzaileek, balorazio positiboa egin dute. Jende gehiago elkartzeko aukera badagoela ikusten dute “baina garrantzitsuena da ekintzetan parte hartu dutenak oso gustura ibili direla”. Jexux Odriozola, elkarteko lehendakariak, adierazi digu aste honen helburua elkartea sendotzea eta jubilatuen artean giroa sortzea dela. Bestalde, aurten lehengo aldiz, herriko adinekoen bi egoitzetan ere ekintzak antolatu dituzte, bertako egoiliarrak integratzeko asmotan.

Aste osoan zehar, hainbat ekintzetan parte hartzeko, edota jan edanaz gozatzeko aukera izan dute jubilatuek. Astelehenero moduan, Bingoan jokatu zuten Gurutze Jubilatuen tabernan baina oraingoan, sari bereziak izan ziren. Azaroaren 29an, puntu eta seiko urreko txapelketak antolatu zituzten Gisasola Egoitzan eta abenduaren 1ean mus eta eskoba txapelketak San Juan Egoitzan. Ostiral iluntzean, gaztaina jana izan zuten Gurutze Jubilatuen tabernan. Kirolari ere egin diote tartea, larunbat goizean ordu bete inguruko bueltatxoa egin zuten, hori bai, indarrak errekuperatzeko pintxoak zain zituzten Jubilatuen taberna atarian. Asteari amaiera, eman zioten. 12:00tan meza izan zuten, hildako elkarteko kideen omenez. Eta ondoren, jai giroan eman zioten amaiera aste borobilari. Bainuetxeko bazkarian 100 kide inguru bildu ziren. 86-87 urteko elkarteko kideak omendu zituzten. Bazkaritan Aizarnazabalgoak ere izan ziren, jubilatuen elkartea Aizarnazabalgo eta Zestoako kideek osatzen baitute. Urtean zehar hainbat irteera elkarrekin antolatzen dituztela azaldu digu Odriozolak.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide