Kain eta Abel

Batean eta bestean bildutako loretxoak liburuen orri artean sekatzen jartzen dituztenek bezalaxe, hala bildu izan ditut nik ere, hainbat urtetan, barne hausnarketarako bidea eman izan didaten hainbat aipu. Ahal izan dudan hobekien euskarara itzuli eta hemen jartzen ditut, indarkeriaren bidegabekeriaren biktima izan direnen omenaldi xume-xume gisa. Batez ere, Joxe Mari Korta dut buruan une honetan.

* * *

Askoz hobe da negar egitea gauzatu gabeko amets batengatik, lortu gabeko “iragan loriatsu” batengatik, edo galdutako etxe batengatik, gero eta hildako gehiagorengatik negar egitea baino.

(Amos Oz)

* * *

Behin, pentsatu genuen

Ehun hildakorekin nahikoa izango zela;

Gero mila izan ziren

Eta mila hildako ere ez ziren nahikoa izan.

Jada ezin dira kontatu ere egin hildakoak.

Hildakoak nonahi.

(Peter Weiss. Marat-Sade)

* * *

Baina gizakiaren odol iluna, lurrera isuri ondoren, nork biziberritu dezake sorginkeriekin?

(Eskilo, Agamenon)

* * *

DORA: Eta gizateria osoak iraultza onartzen ez badu? Eta herri osoak, zuk bere alde borrokatzen duzun herri osoak, uko egiten badio beren semeak hilak izateari? Hura ere, zigortu egin beharko ote da?

STEPAN: Beharrezkoa baldin bada bai, ulertzen duen arte. Nik ere, maitatzen dut herria.

DORA: Herriarekiko maitasunak aurpegi hori ez dauka.

(A. Camus. Justuak)

* * *

Badakigu dena ematen duzula zure kausagatik,

ez duzula ezer jartzen sakrifizio horren aurretik.

Nolanahi ere, zentzuak erakusten du batzuetan,

kausagatik denari uko egiten zaionean,

zentzu dena galtzen duela kausa horrek

eta haren alde egin ditugun sakrifizio guztiek

ez dutela ezertarako balio. Heroi prestuak

izan beharrean, gizatxar bihurtzen gara;

ez bizidunekin ez hildakoekin bizi ez direnak,

baizik-eta munstroentzat gordetako

eremu maltzur bateko kide dira,

atzeman ezin daitekeen eremu batekoak.

(Slavoj Žižek, Antigona)

* * *

Deituko naite

Deituko naite, guztiok deituko gaitiate;

Hi eta hi eta biok

kristalezko dornuetan txandaka joango gaituk heriotzera

eta arriskatuko haute, guztiok arriskatuko gaituk,

bala batek… ¡ZAS! Apurtuak izatera.

Ongi dakizue

hire, hire, denon bila etorriko dituk,

baita hire bila ere.

Hemen Jainkoa ere ez duk salbatuko, asesinatu ziaten.

Idatzia zegok, idatzia zegok;

hire izena ere list zagok,

paper batean ikaraz.

Hara non dion:

Abel, Abel, Abel, edo ni, biok, denok.

(Blas de Otero. Gabriel Arestik egindako itzulpena). Casilda Iturrizar parkea, Bilbo. “Askatasunaren eta Demokraziaren alde borrokan jardun zuten gizon eta emakumeak omentzeko Bernardo Atxagak aukeratutako testua”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide