Albisteak
Badatoz Aizarnako Amabirjin jaiak
— 2017-08-08Larunbatean eguerdiko 12:00etan, txupinazoarekin batera, emango diete hasiera Aizarnako Amabirjin jaiei eta lau egunez festa giroan murgilduko dira.
Oilasko biltzaileek festei hasiera emateaz arduratuko dira. Larunbatean goizeko 7:30tan hasiko dira etxez etxe dantzan eta 14:30ak aldera egingo dute dantza nagusia plazan. Bitartean, herritarrek paella lehiaketarako prestaketak hasiko dituzte eta 15:00tan herri bazkaria izango da. Egunaren amaieran berriz, Eromeri erromeri taldea, LGHBT erromeri talde punkya eta Kanutto DJa arituko dira gaua girotzen.
Igandean Umeen Eguna ospatuko dute. 11:00tan txupinazo koloretsu batekin hasiera emango diote gaztetxoenek egunari, buru handiekin eta guzti. Jarraian altxorraren bila eta ur jolasak izango dituzte, eta 13:30tan makarroi jana indarrak berreskuratzeko. 15:30tan berriz, Ekain Txou ekitaldiaz gozatzeko aukera izango dute eta ondoren berriz ere jolasera itzuliko dira ginkana-oztopo lasterketan. Jarraian, txokolatada arratsaldea gozatzeko. Gauean Elizagoien Ahizpekin batera erromeriaren erritmoan dantza egiteko aukera izango dute.
Astelehenean berriz, helduen eguna ospatuko dute eta eguna girotzeko hippie-z mozorrotzera animatu nahi dituzte Aizarnarrak. Eguerdiko 12:00tan aspaldiko jolasak berreskuratuz barre pixka bat egingo dute umetako oroitzapenak gogora ekarriz. Arratsaldean berriz, 18:00ak aldera, pilota partiduak jokatuko dira eta 21:00etan herri afaria izango dute plazan. Gauean berriz, 23:00tan hasita, Tximeleta taldea arduratuko da gaua alaitzeaz.
Eta azkenik, asteartean Amabirjin eguna ospatuko da. 11:00tan meza nagusia izango da urtero moduan. Puzgarriak izango dira egun osoan zehar eta 17:00tan gaztetxoenentzat apar festa egongo da. 18:00tan herri kirolak ospatuko dituzte harri jasotzaile eta aizkolariekin eta jaiak umore onez amaitzeko Gozo-Gozo erromeri taldearekin dantza egiteko aukera izango dute gaualdean.
Festa borobilak antolatu dituzte aizarnarrek, beraz badakizue, gerturatu gozatzera.
Egin zaitez bazkide