KIROLDEGI BERRIA, EH-Bildu bere filosofiaren gatibu.

Eraikin berria martxan jartzeko EH-Bilduren erabakiak motz geratzen dira. Oso motz, zerbitzu egoki bat emateko. Eraikinak dituen neurriak eta gaur egun dauden giza baliabideak kontutan hartuta ez dugu uste herritarrak eta auzotarrak behar duten zerbitzua bermatua izango dutenik.

Tamainu honetako eraikin batek hiru atal dauzka eta hirurak ondo kudeatu behar dira:

  • Giza baliabideak: organigrama, funtzioak, ardurak eta guztiaren koordinazioa komunikazio egoki batekin.
  • Garbiketa
  • Mantenua eta honen jarraipena.

EH-Bilduren apustua gaur egun dauden baliabideekin kiroldegia martxan jarri eta hurrengo 4 urteetan horrela jarraitzea izan da. Zehazki esanda hauek dira erabakiak:

  • Kirol dinamizatzailearekin %50eko aurrejubilazioa negoziatu da.  Lanpostu horren beste erdia beteko duenak kirol zuzendari postua beteko luke. Honetarako Foru Aldundiko eta Urnietako lan-poltsak erabiliko dituzte.
  • Bi langileak mantenduko dira. Kiroldegiko harreraz, administrazioaz eta mantenu-gimnasiaz arduratuko dira.
  • Garbitzaile bat %65eko lan aldian kontratatuko da. Orain arte kiroldegiaren garbiketaz arduratu den langileak frontoia, beheko pista eta Iraetako futbol-zelaia garbituko ditu.

Harreran beti norbait egongo da eta ordutegia zabalagoa izango da.

Motz geratzen da zerbitzu egoki bat emateko. Inguruko herriek antzeko kirol ekipamenduen kudeaketa integrala enpresa bati eman diote. Joera hori da eta zerbitzu ona ematea izan behar du helburua. EH-Bildu agintean egonik pauso hori eman da Oiartzun, Asteasu, Hernani, Pasai Donibane, Trintxerpe, Zumaia  eta Azpeitian. Beste probintzietan ere, azkena Orozkon (2.300 biztanle). Baina Zestoan ez! Hemen pribatizazio hitza deabrututa dago. Aurrerakoitzat dute beren burua baina azkenean pobre geratzen dira erabakietan eta herritarrak zerbitzu egokirik gabe.

Orain da zerbitzu on bat eskeintzeko lehen erabakiak hartzeko garaia. Ez hemendik 4 urtetara.

                                                                                              Zestoako EAJ/PNV




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide