Albisteak

Kiroldegiko bazkideek etxean ariketa fisikoa egiteko klase birtualen zerbitzua jasoko dute

Kiroldegiak eguneraketak egiten jarraitzen du. Azken orduko erabakien berri eman digu Ana Carrere, Zestoako Kirol eta Jarduera Fisikoko Teknikariak. Haren esanetan; “Covid 19aren kutsatze tasa kontrolatzeko asmoz, azken dekretuak jarduera fisikoa egiteko arauak asko zorroztu dira.  Ondorioz, kiroldegiko erabiltzaile askok bertara hurbiltzeko kezka agertu dute”. Zestoako Udalak, egoera zail hauetan ere zestoarren artean ohitura osasuntsuak sustatzeko asmoz,​ etxean ariketa fisikoa egiteko klase birtualen aukera indartzea erabaki du. Kiroldegian eskaintzen diren klase berberak dira. Carrererek barkamena eskatu nahi izan du aldez aurretik; “Klase birtual gehienak gazteleraz daudelako. Oraindik ez daude euskaraz”.

Beraz, azaroaren 17tik abenduaren 31 bitartean, kiroldegiko bazkideek, beraien etxean  “Fitness Telegim Home” edukietara konektatzeko aukera izango dute. Bazkide egiterakoan emandako helbide elektronikoan jasoko dute lotura. Bere garaian eman ez zuenak, orain izango du aukera zestoakirola@zestoa.eus helbidera idatziz egiteko.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide