Albisteak

Komunitate energetikoen inguruko hitzaldia eskaini du Goienerrek Aizarnan

Zestoako Udalak herri mailako energia berriztagarrien komunitatea abiatzeko duen asmoaren baitan, hitzaldia eskaini zuten Aitor Ossa eta Alazne Arruti Goienerreko kideek atzo arratsaldean Aizarnan. Arrakasta izan zuen saioak, izan ere, dozena bat lagunetik gora bildu ziren han.

Ossak eta Arrutik kooperatibaren nondik norakoak eta energia komunitateen ezaugarriak azaldu zituzten. Komunitatearen erabakiak hartzeko askatasuna azpimarratu zuten, komunitateak berak erabakiko baitu zein maiztasunekin elkartuko diren, zein helburu izango duen eta zein proiektu sortuko dituzten.

Komunitatea egoera ezberdinak dituzten kideekin osatzea da helburua. Garrantzitsuena talde “anitza” izatea dela azpimarratu zuten. Printzipioz, komunitate bat sortuko dute, administrazio aldetik errazagoa izango delako. Auzoen kasuan, ordea, azpitaldeak sortzea ez da baztertzen.

Komunitatearen sorrera

Komunitate energetikoa sortzeko aurreneko bilera martxoaren 10ean izango da, arratsaldeko 18:30ean, Alonderon. Antolatzaileek gaian interesa duen zestoar orori bertaratzeko deia egin diete.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide