[KOMUNITATEA] Garai zaharrak gogoan

Zestoako alkateak hitz batzuk esan nahi izan ditu abuztuan frontoian jokatuko den pilota partida dela eta. Gurutzeagaren iragan loriatsura egindako bidaia, eta belaunaldi osoak markatu zituen pilotarekiko pasio hura berpizteko gonbita, egun batez bada ere. Honela dio Mikel Arregik:

Garai batean Gurutzeaga zaharrean abuztuan zehar egunero pilota partidak izatea ohikoa bazen ere geroztik Zestoan ez da inoiz profesionalen pilota jaialdirik abuztuaren lehen zatian izan.

Pilotarentzat garai loriatsuak ziren haiek, “Frontoi Zaharraren harrizko mintzoa” liburuan susma daiteke Gurutzeaga zaharrean urte haietako udan izaten zen pilota giro aparta: pilotaleku zaharra mukuru betea, artekarien marruak, udatiarrak eta bertakoak nahasturik, pilotari profesionalak eta profesional ez zirenak ere jokatzen… Zigorra tarteko, 1968an urtebeterako frontoia itxita egoterainokoa izan zen ordukoa.

Pilotari ugari sortu zen garai hartan Zestoan, horietako batzuk profesionaletan ibilbide oparoa egindakoak: Irureta III, Etxabe XI, Sorazu, Iribar… Asko izan ziren profesionaletarainoko jauzia egin gabe afizionatuetan sekulako maila izan zutenak ere. Eta gaur harrigarria egiten bada ere, 18 urte besterik ez zituela frontoia enkantean hartu eta enpresari lanak urte askoan egin zituen gure artean den Xabier Iriondok.

Bada, garai haiek gogoan eta oporretara joaterik izan ez duten zestoar zein bertan dauden udatiarrentzat abuztuaren 12an, astearte buruzurian, arratsaldeko 19,00ean lehen mailako pilotaz gozatzeko aukera paregabea izango da Zestoan. Horretarako jada turismo bulegoan daude sarrerak salgai, aldez aurretik erosita 20 eurotan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide