Albisteak

“Konformatzen ez den herria” nahi du EAJk

Zestoako EAJk datorren agintaldirako lan ildo nagusiak aurkeztu zituen atzo, Laranjadi plazan egindako ekitaldian. Garikoitz Mendizabalek 2023-2027 agintaldirako lan taldea aurkeztu zuen, eta bertan izan ziren hainbat herritar zein alderdikide. Besteak beste, Urola bailarako EAJren alkategai batzuk, Joseba Agirretxea Espainiako Kongresuko diputatua, Maria Eugenia Arrizabalaga EAJren Batzar Nagusietarako Deba-Urolako zerrendaburua, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua eta Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia bildu ziren aurkezpenean.

Mendizabalek herrian “ziklo politiko berri” bat eraikitzeko beharra azpimarratu zuen, udalean “politika egiteko modu irekiago, eraikitzaileago, zintzoago eta apalago bat” garatuko duena, eta “EH Bildurekin gauzatu gabe dauden proiektu eta egitasmoei bultzada emango diena”. Lan talde “sendoa” dutela nabarmendu zuen, eta “epe motzeko zein luzeko bide orria” landu dutela. “ Zestoan bi aukera baino ez daude, aurrera egitea, edo atzera. Bozka oso garrantzitsua da, asko dago jokoan, eta abstentzioak desorekatu dezake balantza norabide batean edo berean. Dei egiten diegu, beraien botoa eraginkorra ez dela uste duten herritarrei, EAJ-PNVrengan konfiantza izan dezaten” adierazi zuen jeltzaleak.

Azken lau urteotan Udal Gobernuak erakutsitako “itxurakeria, harrokeria, inprobisazioa eta koherentzia falta” salatu zuen Mendizabalek, eta horren ondoriotzat jo zituen “Udal barneko gatazka eta giro txarra langileekin, Euskalitekin egindako lanketa ezerezean gelditu izana, edota 2019an agindu zituzten proiektuetako gehienak gauzatu ez izana”. Oposizio “eraikitzailea” egiten saiatu direla esan zuen, “gure proposamen batzuk aurrera eramatea lortu dugu, hala nola Zubimusu aisialdi gune izatea, nahiz eta guk beste modu batera gauzatu nahi dugun; irisgarritasun eta mugikortasun plana, edo herritarren aplikazioa. Baina balantzea ez da inolaz ere ona”.

Alkategaiak adierazi zuen EH Bilduren gobernua “sinesgarritasunik gabea” izan dela. “2018an, alkatea oposizio nuru zela, kiroldegia izango zenaren eztabaida batean aurpegiratu zigun kiroldegia baino, herriak beste lehentasun batzuk bazituela, esaterako kultur azpiegitura egokiak. Eta agintaldi honetan, berriz, alkate izanik, kultur etxe berriari buruzko aurreneko batzar tekniko-politikoan esan zigun lehentasunak aldatu zaizkiola eta kiroldegian estalki berria jarri eta eguzki plaken bidez energia berriztagarrien inguruko proiektua egin nahi duela. Non dago koherentzia?” galdetu zuen Mendizabalek.

Lan taldea
EAJren lan taldearen ezaugarri nagusiak “konpromisoa, umiltasuna eta eskarmentua” direla azaldu zuen. “Herria ezagutzen dugu, herria maite dugu, eta ikuspegi zabala eta anitza dugu dauden beharren inguruan: bai erdigunekoak, eta baita auzoetakoak ere” esan zuen.
“Konformatzen ez den herria” nahi duela azpimarratu zuen, “aurrera egingo duena, garbia eta argia”. Zestoak “indarguneak” dituela esan zuen, baina indargune horiek “ez direla aprobetxatu”. “Horrelako erronkei, herritarren arazoei, kudeaketatik eta elkarlanetik heldu behar zaie, beste erakundeen inplikazioa landuz ez adierazpen populistekin, Bilduk egin duen moduan”.

Egitasmoak 10 puntu
EAJren egitasmoak 10 puntu nagusi biltzen dituela azaldu zuen Mendizabalek. Haren arabera, lehentasunen artean daude “auzo bakoitzak bere aurrekontu propioa edukitzea, garbitasuna indartzea, Zubimusu osatzea, Zestoa-Zumaia-Azpeitia bide berdeari ekitea, eta egungo kultur etxean espazio balio-anitz berria irekitzea, musika, dantza edo antzerkirako aretoarekin, eta aparkaleku publiko batekin”. Trantsizio energetikoari “aurre egin” behar zaiola nabarmendu zuen jeltzaleak, eta horretarako Osinbeltzeko harrobian eguzki plakak jartzeko proposamena aipatu zuen: “Lanketa egiten ari gara Eusko Jaurlaritzako Energia zuzendaritzarekin eta baikorrak gara”.

Arrizabalaga eta Agirretxeren hitzak
Arrizabalagak eta Agirretxek ere hartu zuten hitza ekitaldian. Arrizabalagak hauteskundeetan “jokoan bi eredu, bi ibilbide” daudela esan zuen, EAJrena eta EH Bildurena. “Biak ere ibilbide luzeak eta ezagunak. Biak ere, baloratu daitezkeenak. Guk gure ibilbidea erreibindikatzen dugu. Aldiz, EH Bildu berea ezkutatu ezinik dabil, jendeari mozal mentala ezarri nahian. Ezkutatu nahi dute beraien ibilbidea, ahaztu arazi Foru Gobernuan agindu zutela. Gure ibilbidea eraikitzailea izan delako eta beraiena, berriz, ezkortasunean, beti ez, beti kontra egindakoa. Orain arte bezala, EAJk arazoei, erronkei eta ziurgabetasunei aurre egingo die”.

Agirretxek hauteskundeek garrantzia azpimarratu zuen. Haren arabera, “funtsezko” gaietako bat egungo gizarte eta kudeaketa ereduari eustea da. “Inork zalantzan jartzen ez duen eredu finkatu bat; ezta ordezkatu nahi gaituztenek ere ez dute gure ereduaren alternatiba proposatzen”. Agirretxeak azaldu zuen EAJren planteamendu soziala hiru zutabe bereizezinetan oinarritzen dela: “Baliabideak sortzea, horien kudeaketa eta behar bezala bideratzea”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide