Albisteak

Kontzesioko amabirjinari ilea jarri ziotenekoa

Abenduaren 8a da gaur, erabiltzen dugun egutegi gregorianoaren arabera, Kontzesio eguna. Gure herrian bada Kontzesioko amabirjinari eskainitako ermita bat, Akoa eta Aizarna lotzen dituen galtzadan. Gaurko eguna aprobetxatuz, ermita horretako amabirjinari dagokion bitxikeria batekin gatozkizue.

Akoako Zubigoenako Sorkunde Eizagirrerengana jo dugu informazio eske, errezeloa baikenuen amabirjinak bere ilea zeramala. Ez gabiltzala guztiz oker erantzun digu, baina ilea ez dela berea, bere izeko Manoli Eizagirrerena baizik. Orain dela berrogei urte inguruko kontua dela azaldu digu. Bere izebari ilea moztu zioten, eta ileorde bat egitea pentsatu zuten arren, azkenean haren ile-motots bat amabirjinari jartzea erabaki zuten. Hiru ahizparen artean jarri omen zioten ilea, Manoli, Kontxi eta Rosaritoren artean. Ordura arte burusoila omen zen amabirjina, eta orain beti komentatzen omen dute “itsusi samarra zela eta ilea jarrita politago utzi zutela”.

Etxekoei galdetuta atera du informazio hau guztia Sorkunde Eizagirrek. Amabirjina Zestoako lurretan dagoen arren, izatez Aizarnakoa dela azaldu digu. Garai batean urriaren 12an egiten omen zen ermitan elizkizuna, baina ba omen dira urte batzuk egiteari utzi zitzaiola.

img_3764

img_3765

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide