KORONABIRUSA GURE AZALEAN

Eguna argi esnatu zen, koloretsua eta epela zela esan dezakegu baina lilura bat besterik ez zen. Konturatzerako beltza bihurtu zen, esate baterako, neguko ekaitza izango balitz bezala gainera erori zitzaigun. Ondorioz, zorabioa, izugarrizko ondoeza, larritasuna, estresa, antsietatea, itomena eta pentsatzen jartzeko denborarik izan gabe lana eta lana etengabe.
Gure begiak ikusi dituenak eta gure bihotzak sentitu dituenak ezin du azaldu egoera. Ez zegoen dudarik gerra mota batean geundela, birus bati irabazteko. Etsaia txikia eta isila bezain azkarra da, baina ikusten ez den horietakoa, bai, ordea, bere ondorioak.
Bat-batean gure lantokia gerra eremu bat bihurtu zen eta gure lubakietan benetako heroiak ikusi ditugu, gaixoak. Eguna joan eta eguna etorri, azken arnas estu arte etsaiaren aurka borrokatzen egon dira. Esan dezakegu, gela horietan bere bakardadean eta bere minean egon diren pertsonak isiltasunaren borroka aurrera eraman zutela. Amestutako besarkadaren zain egon ziren beti. Inguruan jira eta bira genbiltzan ezezagunak, estralurtarren moduan astronautak bezala jantzita. Armadura ahul batekin, itzala izango bagina bezala. Une haietan argiaren izakiak bihurtzen ginen.
Era berean, beraien minak, bakardadeak, sentimendu guztiak gureak bihurtu ziren. Orduan ez zen besterik gelditzen, arnasa hartu eta malkoen artean aurrera jarraitzea bidea jorratzen. Alegia, elkarrekin ibiltzen, borrokatzen, ikasten eta pertsona bezala hazten.

Sergio Gartzia




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide