Albisteak

Koronabirusaren aurkako protokoloa aktibatu dute San Juan eta Gisasola egoitzetan

COVID-19 gaitza ekiditeko protokoloa aktibatu dute herriko bi egoitzetan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Zerbitzu sailak eta Osakidetzak emandako gomendioak zorrotz jarraitzen ari dira bi zentroak.

Ione Miren Garciarena Gisasolako zuzendariak esan du beraien egoitza txikia dela eta kanpotik etortzen den jendearentzat harrera gunerik ez dagoela. Hori dela eta, aurrez baimenik ez duen inork ezin du egoitzara sartu. “Egoiliarrak bisitatu nahi dituzten familiarteko eta lagunak gurekin kontaktuan jartzen dira eta hitzordua zehazten dugu hitzordua. Etortzen direnean, tenperatura hartzen diegu eta eskuak desinfektatzen dituzte” esan du zuzendariak. Egoiliarrak ez kutsatzeko “neurri zorrotzak” hartzen ari direla nabarmendu du Garciarenak eta familiartekoen partetik jasotzen ari diren erantzuna “oso ona” dela azpimarratu du.

San Juan egoitzan joan den asteko asteazkenean aktibatu zuten protokoloa. Egoiliar, familiarteko eta langile guztiek betetzen dituzte Jaurlaritzak eta Osakidetzak emandako gomendioak, “gomendioak betebehar bezala hartzen ditugu” esan du Joseba Illarramendi egoitzako zuzendariak. Egoitzan, eguneko zentroan eta pisu tutelatuetan aktibatu dute protokoloa. Eraikinera sartu aurretik tenperatura hartzen diete denei eta eskuak desinfektatzen dituzte. Familiartekoen bisitak mugatu dituzte, egoiliar bakoitzeko pertsona bat joaten da bisitan, ordu betez eta beti pertsona bera izaten da. Eguneko zentrora joaten direnei, anbulantziara igo aurretik tenperatura hartzen diete etxean. “Momentuz dena ondo dago, inork ez du sukarrik eta ez dago gaixotasunaren zantzurik” esan du Illarramendik.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide