Albisteak

Kultur Etxearen erabilera okerra dela eta oharra jarri du zuzendaritzak

Azkenaldian, gero eta ohikoagoa bihurtu da Kultur Etxean, arratsalde pasa, egonean, txoko batean eserita egotea gaztetxo eta ez hain gaztetxo jendea. Jarrera horrek sarritan eragozpenak sortzen dizkie Kultur Etxean lana egiten duten hainbat zerbitzu eta elkarteei: zaratak, gauzak bere lekutik mugituta…

Hori dela eta, Kultur Etxeko zuzendaritzak, egoeraz jabearazteko eta lehen urrats gisa, kartel batzuk jarri ditu eraikuntzan, Kultur Etxea ez dela “lurrean eserita, egonean, egoteko tokia” ohartaraziz, eta Kultur Etxean kultur lanean ari direla, lasaitasuna eta isiltasuna behar dutela eta elkar errespetatzea eta garbitasuna mantentzea eskatuz.

Kultur Etxeko arduradun Fernando Arzallusek adierazi duenez, bera jabetzen da gaztetxoek, batez ere negu garaian, gure herrian izan dezaketen eskaintza urritasuna baina bere ustez, horrek ez du inola ere justifikatzen Kultur Etxean lanean dabiltzan makina bat elkarteri eragozpenak sortzea.

Azkenik, Arzallusek gurasoei dei egiten die gai horren inguruan beren seme-alabekin hausnarketa egin dezaten, eta denon artean Kultur Etxeko funtzionamendua eta elkarbizitza hobe dezagun. “Horrela, herritar denok aterako gara irabazle” gehitu du.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide