Albisteak
Kultura Sailaren izenean argitaratu den oharrari erantzunez
— 2016-04-30Asteartean egin zen Kultur Taldeen Topagunearen bileraren berri emanez Danbolinek albiste bat argitaratu zuen. Honi aipamena eginez Kultura Sailaren izenean oharra kaleratu dute ostiralean, eta oharrari erantzun bat eman nahi dio Danbolineko erredakzio taldeak. Erantzun ala ez erabakitzerako orduan zalantzak izan ditugu, ez baitugu eztabaida amaigabe batean sartu nahi; baina uste dugu informazio partzial eta desinformazio salaketen aurrean puntu batzuk argitu behar ditugula.
- Kulturako diru-laguntzak ez dira izoztu, %4 igo dira. Danbolineko albistearen titulua, beraz, agian ez da egokiena eta gaizki ulerturen bat sortu dezake. Baina titulu hori jartzeko arrazoia izan da iaz diru-laguntza arrunta eman zitzaien elkarteei ez zaiela igoerarik onartu. %4 hori diru-laguntza eskatu duten hiru elkarte berriri dagokie.
- Bilera hartan bi motatako diru-laguntzak daudela aipatu zen, baina ez zen hitzarmenen inguruko daturik eman. Albisteak Kultur Taldeen Topagunearen bileran hitz egindakoen berri ematen du, eta momentu horretan oharrean aipatutako hitzarmenen daturik ez genuen. Bilera hartan eman ziren datuetan oinarrituta dago albistea.
- Teknikarien oharrean ageri da Danbolini %70eko diru-laguntza igoera egiten zaiola hitzarmen berri baten bidez, baina hitzarmen hori proposamen bat da oraindik. Euskara Teknikariak azaldu zigunez, proposamen horrek baldintza batzuk dauzka: Danbolinek diru hori jasoko luke, 2016an zehar argitaratu beharko lituzkeen Udalaren publizitate, publierreportaje eta Udalak proposatutako zenbait gai lantzearen truke. Oharrean aipatzen den hitzarmena ez dago zehaztuta. Oraindik sinatu gabe dago eta airean dago onartuko den ala ez.
Azpimarratu nahiko genuke Danbolin beti saiatu dela herritarrei ahalik eta informazio osatuena eskaintzen, eta helburu hori bera izan du aipatzen dugun albisteak ere.
Danbolineko erredakzio taldea
Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta
erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten
duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide!
Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure
ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi
baduzu, egin zaitez bazkide.
Egin zaitez bazkide
Egin zaitez bazkide