Albisteak

Lan Ikuskaritzak Zestoako Udalean lan eskubiderik ez dela urratu ebatzi du

Joan den udan greban egon ziren hainbat udal langilek Mikel Arregi alkatearen eta beste hainbat herritarren aurka salaketa aurkeztu zuten abuztuan, langile horien lana ordeztea argudiatuta. Atzo, asteazkena, salaketaren ebazpenaren berri eman zuen Lan Ikuskaritzak. ELA sindikatuak azaldu duenez, ikuskaritzak ebatzi du langilean greban zeuden bitartean, greba eskubiderik ez zela urratu.

Hemen sindikatuak erabakiaren inguruan egindako irakurketa:

“Uztaila eta abuztuan Zestoako udal langile interinoek egin zuten greban, ELA sindikatuak Gipuzkoako ikuskaritzan salaketa bat jarri zuen, langileen greba eskubideak errespetatzen ez zirela argudiatuz.

Greban egon diren langileen funtzioak beste langile edo pertsona batzuk egiten jardun dira eta hau legez kontrakoa da. Zestoako herri eta auzoko festen inguruan egon diren lanetan eman da hau, eta nagusiki brigadako lanei dagokionean. Hala ere, froga kontuak direla eta, Zestoako zezen plazako muntaiari buruz zentratu da salaketa.

Gaur iritsi zaigu ikuskaritzatik erresoluzioa, abuztuak 11ean sartu ostean, ia bi hilabete beranduago eta okerrago dena, greba bukatuta dagoenean. Bertan, ikuskatzaileak ebazten du ez dela eskubide urraketarik egon.

ELAk adierazi nahi du ez dagoela ados ikuskariak ebatzi duenarekin, eta batez ere bertan erabili dituen argudioekin:

– Argudiatzen dute zezen plazako muntaia eta desmuntaia proiektua ikusita, harmaila, barrera musika bandaren lekua eta sarrera nagusiaren muntaia eta desmuntaia arduraduna Zestoako udaleko brigada dela.

– Ondoren, ebatsi duena ondorioztatzeko, adierazten da zezen plazaren muntaian beste urtetan parte hartu izan duten pertsona berak hartu duela parte aurten ere. 2019Ko urtearekin alderatzen du. Urte hartan, kanpoko arotz enpresa batek muntatu zituela harmailak, torila eta zezenen sarrerako tunela. Baina jubilazioa dela eta, aurten enpresa honek ez duela lanik egin.

Hauek dira argudio bakarrak, gehiago ezertan sakondu gabe. Ikuskaritzak ez du aztertu zein diren brigadako langileen funtzioak. Muntaia eta desmuntaiaren zuzendaritza eramaten duten brigadako langilea greban baldin bazegoen, argi dago funtzioen aldaketa bat egon dela, berak azken urteetan egin duen zuzendaritza hori beste batek/batzuk egin du(t)ela.

Hau da hain zuzen ere edozein grebaren aurrean oinarrizko eskubide urraketa dakarrena: greban dagoen langile batenak diren funtzioak beste pertsona batek ordezkatzea. Alkate, zinegotzi edota beste edozein herritarrek ere greban dauden langileen funtzioak ordezkatzea, greba hori ez errespetatzea da guretzat. Horregatik, aurrera begira, edozein greba egoera aurrean (sektore publikoan zein pribatuan) norberak bere gogoeta egin dezala eskatzen dugu.”

ELA




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide