Albisteak
Aldundiak ez du bihar Zestoako autobus geralekua kentzeko baimenik eman
— 2020-09-04Aste honen hasieran, larunbatean herriguneko autobus geltokia kentzea adostu zuten Zestoako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun sailak, baina azken momentuan atzera egin du Mugikortasun sailak. Erabakiaren helburua larunbatean egingo den kontzertura inguruko herrietako jendea etortzea ekiditea zen.
Udan Zer Zestoan? egitasmoaren baitan, larunbatean Rodeo eta Ezpalak musika taldeek eskainiko dituzten kontzertuak ondoko herrietako gaztetxoak erakartzea eta, ondorioz, jende pilaketak ekiditeko asmoz neurri bereziak hartzea erabaki zuen Zestoako Udalak eta neurriak jakinaraziz Alkatetza ebazpena kaleratu zuen aste honen hasieran.
Gaur, irailak 4, oharra kaleratu du udalak herriguneko geltokiaren inguruko erabakiarekin gertatu dena argitze aldera. Mikel Arregi alkateak oharrean jakitera eman duenez, aste honetan herritarren hainbat eskari jaso dituzte asteburuko kontzertuak bertan behera uzteko eskatuz, baina udalak ekitaldiekin aurrera egitea erabaki du: “kulturak ez duela errurik diogu, musikak ez duela errurik diogu eta soinu teknikariek ere ez dutela errurik diogu. Kultura segurua da eta Zestoan demostratu dugu neurri zorrotzak beteaz ekitaldiak arrakasta osoz egiteko gai garela”.
Tabernariekin hitz egin eta neurriak betetzeko duten konpromisoa ikusita, herrian jende pilaketak saihesteko Foru Aldundiko Mugikortasun Sailarekin jarri zen harremanetan Zestoako Udala, irailaren 5ean ordu tarte batez herriguneko autobus geltokia kentzeko asmoz. Aldundiak, hasieran, onartu egin zuen udalaren eskaera, Bainuetxeko eta Iraetako geralekuak mantentzeko baldintzarekin; azken momentuan, ordea, baimen hori ez ematea erabaki du Mugikortasun Saileko zuzendaritzak.
Arregik azaldu duenez, ez dute ulertzen azken momentuko erabakia: “Komunikabideetan denok ikusi dugu hainbat herritan askoz neurri murriztaileagoak nola hartu diren”. Zestoako alkateak gaineratu du pandemiaren testuinguruan udalari ez dagozkion eskumenak betetzea egokitu zaiela: “Goiko erakundeek betetzera behartu gaituzten neurriak, nahiz eta horietako batzuk zentzugabeak izan, leialtasun osoz betetzen ari gara. Aldiz, kogobernantza hitza ahoz aho darabilten bitartean, Zestoako Udalak egindako ahalegina ez da aintzat hartu”.
Larunbat arratsaldean garraio publikoa normaltasun osoz ibiliko dela jakinarazteaz gain, Zestoako Udalak herritarrei barkamena eskatu nahi izan die sortutako nahasmena dela eta.
Egin zaitez bazkide