Albisteak

Lehen lerroan ikusezin

COVID-19aren krisian lehen lerroan jardun dute lanean banatzaileek. Ez dira gelditu ere egin, eta lana bikoiztu egin zaie. Konfinamendua amaitu denetik gauzak “bere onera” itzultzen ari dira. Juan Diaz eta Ali Sher zestoarrek banaketa enpresa batean egiten dute lan eta aste “gogorrak” izan direla nabarmendu dute biek. Diazek bost urte daramatza banatzaile lanetan eta Sherrek, bi. Diazek Zumarraga eta Urretxun egiten du lan eta Sherrek, Aizarnazabal eta Errezil bitarteko herri guztietan, Zestoa barne. Alarma egoerako lehen asteetan enpresak segurtasun neurririk ez zuela hartu salatu dute: “Egun batzuk pasa ondoren maskara eta eskularru batzuk eman zizkiguten baina gainontzean, gure esku gelditu zen dena”. Lehen egunetan lanera joaterik ez zuela nahi esan du Sherrek, “nik lanera joan behar nuen eta egunero etxera itzuli. Etxean emaztea, seme-alabak eta gurasoak nituen eta ez nituen kutsatu nahi”. Lanean ari diren bitartean birusa harrapatzeko duten arriskua “etengabekoa eta benetakoa” dela adierazi du Diazek.

Pakete kopuruak gora

Konfinamendu garaian etxeetara banatu beharreko pakete kopurua bikoiztu egin dela azaldu dute. 200 eta 250 paketetik gora entregatu ditu egunero Sherrek: “Goizeko 06:00etan hasi eta iluntzeko 21:00ak arte paketeak entregatzen, gelditu ere egin gabe eta larunbatetan ere lanera joaten”. Zestoan ere entregatu beharreko pakete kopurua “bikoiztu” egin dela azaldu du. Juanek garbi zuen, pakete kopuru bat ezarri zuen, egunean 120 edo 130 paketetik gora ez zituela banatuko erabaki zuen, “nik egin dezakedan entrega kopurua hori da, nire osasuna aurretik jarri behar dut eta bizitzen saiatu. Egunero goizeko 06:00etan hasten naiz lanean eta askotan 19:00ak arte egoten naiz.” Dendak zabaldu dituztenetik gauzak “bere onera” itzultzen ari direla esan dute baina hala ere, egunero banatu beharreko pakete kopurua oso handia dela. Entregatzen duten pakete bakoitzagatik euro bat edo euro eta hamabost zentimo ordaintzen diete eta enpresan lanean hasi zenetik igoera bat ere ez dela egon esan du Diazek.

Banaketak

Diaz eta Sherrek nabarmendu dute konfinamenduan banatu dituzten pakete gehienak ez zirela behar-beharrezko produktuak. “Denetarik banatu dugu: txapelak, eguzkia hartzeko hamakak… etxean zaude eta hatzarekin klik bat egitea oso erraza da baina ez dakizu benetan ze min egiten ari zaren. Klik horren atzean dagoena  jendeak ez du ikusten” esan du Diazek. Oso haserre eta frustratuta dagoela dio, “gu ez gara lehentasunezkoak azkenean jendeak egin du gu lehentasunezko zerbait izatea”. Jendeak online eskatzea “merkeagoa” dela uste duela esan du Sherrek baina benetan horren atzean zer dagoen ez dakitela.

Komertzio txikiak irekitzen ez uztea “akats handia” izan da Diazen ustez. Pixkanaka komertzio txikiak ixten joango direla esan du eta puntu bat iritsiko dela non herrian ezingo dugun boligrafo edo zapi bat ere erosi. “Krisi berri honekin aberatsa gehiago ari da aberasten eta pobreak oraindik eta pobreago. Komertzio txiki asko ixtera behartu dituzte eta kate handiak handitzen ari dira etengabe.

Ikusezinak

Etxeetara joaten direnean “ikusezinak” direla esan dute, jendeak ez dietela beraiei erreparatzen, baizik eta entregatu berri duten paketeari, “aurpegirik gabeko pertsonak gara, etxera iritsi, paketea entregatu eta bazoaz”. Jende askok, egiten ari zaren lan hori kontutan hartzen ez duela diote baina hala ere, euren lana eskertzen duen jendea badagoela azpimarratu dute biek. Sektore hauetan lan egiten dugun langileak “XXI. mendeko esklaboak” direla nabarmendu du Diazek eta lan hori ez duela “inork ere” egin nahi.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide